Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Hilabete bat, besterik ez zuen behar izan birusak mundua hankaz gora jartzeko. Abenduak 31. Azken eguna zuen 2019. urteak, eta planeta ia osoa Urtezahar gaueko ospakizunetan murgilduta zegoen. Orduantxe heldu zen osasun alerta OME Osasunaren Mundu Erakundera: jatorri ezezaguneko «pneumonia biral» bat detektatu zuten Wuhanen, Txinan. 41 kutsatu, 11 milioi biztanleko hiri batean. Hildakorik ez artean. 2020ko urtarrilaren 9an, Txinako Gobernuak adierazi zuen koronabirus mota berri bat zegoela agerraldi horren gibelean: SARS-CoV-2. Handik hiru egunera, birusaren sekuentzia genetikoa argitaratu zuen Pekinek, eta lehen heriotzen berri eman. OMEk frogatutzat jo zuen gaitza pertsonen artean ere kutsa zitekeela. Berrogeialdi zorrotza ezarri zuen Txinako Gobernuak Hubei eskualdean: egun gutxian, ospitale erraldoiak eraiki, komunikazioak eten eta mugak itxi zituzten. Urtarrilaren 25ean Urte Berri Txinatarra ospatzekoak ziren, eta milioika pertsona lekualdatzea espero zuten mundu osoan. Ordurako, 1.303 kutsatu eta 41 hildako erregistratuak zituzten herrialdean.
Tantaka, kasuak azaleratzen hasi ziren Txinatik kanpo ere, eta Bordelen (Okzitania) atzeman zuten Europako Batasuneko herritar baten lehen infekzioa, urtarrilaren 24an. Handik astebetera, OMEk nazioarteko osasun larrialdia ezarri zuen, hemezortzi herrialdetan atzeman baitzituen birusaren agerraldiak. Eta izana duen guztiak izena ere baduenez, gaixotasun berria izendatzeko modua ere finkatu zuen erakundeak: COVID-19. Otsailak 12 zituen. Mendebaldeak harrituta, beldurtuta eta sinesgogor samar begiratzen zion fenomenoari, baina, sinetsi ala ez, esku hartzera behartua ikusi zuen bere burua egun batetik bestera: pandemia ate joka zuen. Hala izan zen Euskal Herrian ere, otsail bukaeran sartu baitzen birusa, Arabatik. Larrialdi egoerak ordura arte ikusi gabeko neurriak ekarri zituen berekin: eskolak eta lantokiak ixtea, gaixoak bakartzea eta, azkenerako, herritar guztiak konfinatzea. Bost urte joan dira mundua hankaz gora jarri zuen azken pandemia hasi zenetik.
Gizarte osoarentzat, alimaleko erronka izan zen koronabirus ezezagun bati aurre egitea eta egunetik egunera aldatzen zen errealitate batera egokitzea. Pandemiak muturreraino tenkatu zituen osasun sistemak, gainezka egiteraino ere bai, eta zientziari inoiz ez bezalako arreta eman zitzaion hedabideetan eta erabakiguneetan. Ordutik bost urtera, baina, zenbait galdera azaleratu dira: gizarteak behar bezala barneratu al ditu pandemia hark utzitako ikasgaiak? Osasun sistemak prestatuago daude orain, 2020ko otsailean baino? Orduko hutsegiteetatik (eta ongi eginikoetatik) ikasi al dute administrazio publikoek? Eta berriro gertatuko balitz? Prest al dago mundua beste pandemia bati aurre egiteko?
«Osasun sistemak 2020an baino are ahulago daude, eta horrek zeharo baldintzatu dezake izurri baten aurkako erantzuna»
ANA GALARRAGAZientzia komunikatzailea Elhuyar fundazioan
«Espero dut baietz, orduko hartatik zerbait ikasiko genuela, baina, galdera baldin bada ea lezioak benetan barneratu ditugun, zalantzak ditut». Miren Basaras EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrobiologia irakaslearen hitzak dira. Argi-ilunez betea ikusten du pandemiaren ondorengo garaia, batez ere prebentzioari dagokionez: «Ikasi dugu, besteak beste, badirela izaki mikroskopiko batzuk mundua hankaz gora jar dezaketenak. Arriskua badela, alegia. Hori argi dugu denok edo ia denok. Baina uste dut prebentzioaren alorrean gehiago sakondu eta gehiago irakatsi behar genukeela», azaldu du. Zenbaitek maskaren edo txertoen inguruan izan ditzaketen zalantzak aipatu ditu, zehazki: «Gizarteak onartu behar du infekzioak prebenitzeko garaian baditugula zenbait neurri: batzuk oso eraginkorrak, eta beste batzuk ez hainbeste. Edonola ere, erabat eraginkorrak ez direnek ere balio dute osasun publikoko arazoak prebenitzeko eta mikroorganismoaren hedatzea mugatzeko, zertxobait besterik ez bada ere. Hori ondo ulertzea eta barneratzea falta zaigu».
Izurriak, krisi egoeran goxo
Ana Galarragak halako ikasgaiak gizarteratzen eman ditu azken bost urteak. Zientzia komunikatzailea da Elhuyar fundazioan, eta hark ere zalantzak ditu COVID-19ak utzitako ikasgaien inguruan. Administrazioei erreparatu die, batez ere: «Teoria badakigu, zeintzuk diren protokoloak eta jardunbideak, baina horrek finantzaketa egoki bat eskatzen du, koordinazioa, prestakuntza... Eta halakorik ez dugu ikusi. Alderdi sozialean ere, desorekak eta arrakalak inoiz baino gehiago nabaritzen ari gara, batez ere azken urteetako gerren ostean».
Galarragaren aburuz, hori guztia traba handia izan daiteke edozein osasun larrialdiri aurre egiteko bidean. «Krisi batek baino gehiagok bat egiten dutenean, elkar elikatzen dute, eta areagotu egiten dituzte efektuak. Horixe gertatu zen COVID-19arekin: bat egin zuten lehendik zeuden ingurumen krisiak, krisi sozialak eta osasun larrialdiak. Gaur egun, nola daude faktore horiek? Duela bost urte bezala, edo are okerrago. Osasun sistemak, esate baterako, orduan baino ahulago daude, eta horrek zeharo baldintzatu dezake izurri bati eman beharreko erantzuna».
Ikuspegi horrekin bat egin du Ignacio Lopez-Goñi mikrobiologo eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Museoko zuzendariak. «Kaosa» nabari du esparru politikoan, eta uste du horrek «erraztu» eginen duela pandemiak hedatzea, etorkizunean halakorik bada: «Edozein larrialdi edo hondamendiri aurre egiteko, ezinbestekoa da azkar eta era koordinatuan hastea lanean, eta beldur naiz lezio hori ez ote dugun ahaztu, ez baitut inon ikusten ez koordinaziorik ez lidergorik». Kezka agertu du nazioarteko politikan «muturreko joerak» gailendu direlako batez ere: «Harresi gehiago altxatu dituzte, lankidetza sustatu beharrean. AEBak, Erresuma Batua, Europako Batasuna... nor bere aldetik ari da. Herrialde batzuk OMEtik ateratzen ari dira, eta astakeria iruditzen zait».
«Zuhaitzen zurik gabe ez dago biolin bat egiterik, eta oinarrizko ikerketarik gabe ez dago txerto bat sortzerik»
UGO MAYORIkerbasqueko eta EHUko ikerlaria
Aditu guztiak bat datoz gehiago inbertitu behar dela ikerketa zientifikoan eta osasun sisteman. Uste dute unibertsitateetako ikerketa departamentuetako finantzaketa oso eskasa dela. Arazoa ez da berria, baina administrazioek ez zuten baliatu pandemiaren kolpea alor hori indartzeko. «Finantzaketari dagokionez, ez gaude duela bost urte baino hobeto», laburbildu du Ugo Mayor biokimikari eta Ikerbasqueko ikerlariak. Haren esanetan, zientzia arloa «arrastaka» dabil arazo horrekin, gutxienez 2008tik: «Urte hartako krisialdian erabaki zen unibertsitate publikoetan ikerketak sustatzeko ematen zen dirua zeharo murriztu behar zela, eta egoera berean gaude ordutik. Inbertsioa apur bat igo dute noizbait, baina BPGaren igoerarekin lotuta. Hortaz, unibertsitateak ez du berreskuratu 2008an galdutako finantzaketa maila hori».
Txertoak eta biolinak
Pandemiari esker ikasitakoak ere mintzagai izan dituzte adituek. Aipatu dituzten faktoreen artean, zientzialarien arteko elkarlana nabarmendu dute. Ikerketen gardentasuna ere garrantzitsua izan zen, Galarragaren ustez: «Informazioa denon eskuetan jarri zen, eta horrek izugarri lagundu zien ikerlariei, baina baita gu guztioi ere». Horri esker, inoiz baino bizkorrago diseinatu, probatu, merkaturatu eta banatu ziren gaitzaren aurkako txertoak. Lopez-Goñiren irudiko, zientziaren «garaipen bat» izan zen hura, larrialdi betean sustatutako «koordinazioari eta kooperazioari esker». Bat datoz aditu guztiak horretan, baina Galarrak ñabardura txiki bat gehitu du: «Aldi berean, horrek frogatzen du agintariek nahi dutenean zeinen azkar lor daitekeen txerto eraginkor eta seguru bat».
«RNA txertoen ikerketak baliagarri izan dira beste hainbat eritasuni aurre egiteko: minbiziaren aurka, esaterako»
MIREN BASARASEHUko Mikrobiologia irakaslea
Basarasentzat, zientziak aurrerapauso handiak egin zituen COVID-19aren izurriaren garaian. Txertoak aipatu ditu, baina baita diagnostikoaren esparruan eginiko aurrerapenak ere: «RNA txertoen ikerketak baliagarri izan dira beste hainbat eritasunen aurkako estrategian, eta, gaur egun, bestelako mikroorganismo askori aurre egiteko erabiltzen dira. Minbiziaren kontra, esaterako. Horrez gain, aurrerabideak izan dira gaitzen diagnostikoan ere: besteak beste, sekuentziazio masiboen esparruan». Hala ere, uste du aurrerabide horiei eutsi egin behar zaiela: «Ezinbestekoa da ikertzen segitzea, ikasitakoa eguneratzea eta aurrerabideak sustatzea. Ikerketaren aldeko bultzadak segida izan beharko luke etorkizunean ere».

Ikerlari bat, COVID-19aren aurkako txertoarekin lanean. JOHN CAIRNS/OXFORD UNIVERSITY/EFE/EPA
Mayorren ustez, ikerketa zientifikoen «inpaktu soziala» ere indartu zen pandemiaren ondorioz. «Unibertsitateek eta akademiak, oro har, ekarpen handia egin dezakete halako egoeratan, eta uste dut hori argiago dugula orain». Ikerbasqueko ikerlariak gogoratu du duela bost urte ikerketa zientifikoa «ariketa akademiko hutsa» zela agintari askorentzat: «Azken bost urteetan, apur bat aldatu da egoera: azpimarra jartzen ari da akademiak gizartearen ongizateari egiten ahal dion ekarpenean, eta ikusi da hori hobeto egiteko, jarraipena egiteko eta babesteko tresnak behar direla». EHUren plangintzan, esate baterako, propio aipatzen da ikerketen eragin soziala: «Gure ekarpenak ikusarazi behar ditugu, eta halakoei balioa eman».
Izan ere, aurkikuntza zientifikoak biolinekin alderatu ditu Mayorrek: «Nekez fabrikatuko duzu biolin bat aurretik ez baduzu zuhaitzik landatu, hortik aterako baituzu biolina egiteko beharrezko zura. Zuhaitzik gabe ez dago biolinik, eta ikerketa akademikorik gabe, ez dago RNA txertorik».
Berriz gerta daiteke?
Zientzian eta ikerketan inbertitzearen xedeetako bat da, hain zuzen, etorkizunean etor litezkeen gaitzei aurrea hartzea edo, behintzat, horien eragina apaltzeko estrategia sendo bat garatzea. Horri lotuta, galdera bat gailentzen da COVID-19ari buruzko eztabaida zientifiko gehienetan: berriz gerta al daiteke halako zerbait? Eta, oraingoan, ez dago ñabardurarik BERRIAk kontsultatutako adituen artean: bai, posible da. Eta gertatuko da noizbait.
«Ziur esan dezakegu pandemia gehiago etorriko direla, ebidentzia zientifikoek eta historiek hala baitiote», esan du Lopez-Goñik, zorrotz. «Mende guztietan gertatu dira pandemiak, eta XX. mendean bat baino gehiago sufritu genituen: 1918ko gripearen izurria, eta haren berragerpenak, 1957an eta 1968an; hiesarena ere pandemia bat izan zen... Hortaz, pandemia bat izanen ote dugun galdetzea zera da, meteoritoei buruz galdetzea bezala. Eroriko al da baten bat? Bada, litekeena da baietz, aurretik ere gertatu baita. Funtsezkoa da beste galdegai guztiak zehaztea: non, noiz, nola...».
«Hurrengo pandemia zein izanen den apustu egitekotan, koronabirus edo gripe mota baten alde eginen nuke»
IGNACIO LOPEZ-GOÑIMikrobiologoa eta Nafarroako Unibertsitateko Zientziaren Museoko zuzendaria
Gainera, egungo sistema ekonomikoak, klima aldaketak eta gizakien banaketa sozial eta geografikoak erraztu egiten dute gaitz infekzioso berriak azaleratzea. «Asko gara, elkarrengandik oso hurbil bizi gara, eta etengabe mugitzen gara: hiri handietan pilatuta gaude, komunikabide eta garraiobide ugari ditugu alde batetik bestera mugitzeko, eta hori gutxi balitz bezala, kontaktu estua dugu animalia askorekin», azaldu du Lopez-Goñik.
Mayorrek ere uste du duela mende batzuk baino errazagoa dela gaur egun pandemiak azaleratzea, ekosistemen ustiatzearen eta klima aldaketaren ondorioz: «Ezinezkoa da iragartzea noiz etorriko den hurrengoa. Datorren urtean? Hemendik hamar edo ehun urtera? Auskalo. Egia da, halere, orain aukera gehiago ditugula, gizakiok gure planetari eragiten dizkiogun eraldaketek bidea errazten baitute: Siberiako permafrosta urtzen ari da, oihanetako eremu babestuak gero eta urriagoak dira... Horrek guztiak erraztu egiten du gaixotasun berriak agertzea».
Zein izanen da mundu osoan hedatuko den patogeno hori? Ez dago ziur jakiterik, baina zientzialariek eman dituzte pista batzuk. «Izan daiteke gaitz ezezagun bat, edo jada ezagutzen dugun mikroorganismo bat: adibidez, orain arte animalien artean bakarrik transmititu dena, eta aurrerantzean gizakietara salto egin eta pertsonen artean kutsatzeko gaitasuna hartuko duena», esplikatu du Basarasek. Horien artean, H5N1 hegazti gripea susmopean dago, EHUko mikrobiologoaren esanetan: «Birus arriskutsua da, eta moldatzen ari da, hegaztien artean ez ezik ugaztunen artean ere kutsatzeko eta eragiteko. Dagoeneko gizaki batzuk kutsatu ditu, baina kasu solteak izan dira orain arte. Lortuko balu pertsona batetik bestera aise transmititzea, arriskua oso handia izango litzateke».
Dena den, ez da ikerlariek hegazti gripeaz ohartarazten duten lehen aldia: «2019an ere, zientzialariok uste genuen gripearena izanen zela hurrengo pandemia handia, baina koronabirusak aurrea hartu zigun oharkabean», gogoratu du Lopez-Goñik. «Orain ere, antzera gabiltza. Hurrengo pandemia zein izanen den apustu egin beharko bagenu, nik gripe edo koronabirus mota baten alde eginen nuke». Are, Nafarroako Unibertsitateko adituak azaldu duenez, H5N1 gripearena «pandemia bat da jada», baina oraingoz ez die gizakiei eragiten: «Salbuespenak salbuespen, animalia batzuei eragiten die. Oraintxe ahate bat banintz, seko ikaratuta egonen nintzateke».
Hurrengo pandemia birus ezezagun batek eraginen balu ere, animaliengandik etorriko litzatekeela uste dute ikerlariek, COVID-19arekin gertatu bezala. Horregatik, hain zuzen, «oso arriskutsutzat» jo dute H5N1 gripearen bilakaera behar bezala ez zaintzea. «AEBei leporatzen zaie hegazti gripea behar bezala ez detektatzea eta diagnostikatzea», esan du Galarragak. Birusa gehiegi hedatzen ari da, gero eta ugaztun gehiagotara, eta dagoeneko gertuegi dago gizakiengandik». Elhuyarreko zientzia komunikatzailearen esanetan, arrisku handiena da «mutazioak metatzea», hortik etor bailitezke ondorio larrienak gizakientzat: «Adibidez, ikusi dugu birusak gero eta errazago salto egiten duela gizakiengana. Oraindik ez du erabat garatu gizaki batetik bestera hedatzeko gaitasuna, eta patogenizitatea ere mugatua du. Ez da gaiztotu, alegia. Baina gerta liteke. Denbora kontua izango da, aurretik neurririk hartu ezean».
Ingurumena eta ekitatea
Pertsonen osasuna ez ezik, ingurumenarena ere zaintzeko premiaz hitz egin du Lopez-Goñik. Osasun bakarraren estrategia deritzo horri. «Giza osasuna zaindu nahi badugu, animalien eta planeta osoaren osasunari ere erreparatu beharko diogu. Hori gertatzen ari da, funtsean, H5N1 gripearekin. Oraingoz, zorionez, birus hori ez da ongi transmititzen gizakien artean eta ez da oso gaiztoa, baina horrek ez du esan nahi ezer gertatzen ari ez denik eta ezer egin behar ez dugunik: mutazio etengabean ari den birus erreserba handi bat dago hor, eta oso arriskutsua da. Gertutik zaindu beharko genuke, zer gerta ere».
Inoiz beste pandemia bati aurre egin beharko balitzaio, bide orri argia proposatu du Galarragak: «Finantzaketa, koordinazioa, plangintza on bat... Berez, sistema existitzen da, eta norabidea argi dugu. Jasota dago, zurian beltz, protokoloetan. Beste kontu bat da hori nola ezartzen den». «Ekitatea» ere aintzat hartzeko eskatu du Elhuyarreko kideak. «Une oro buruan izan behar genuke gizartea plurala dela, herritar guztiak ez direla egoera berean eta baldintza beretan bizi, eta erantzuna ere kasu guztietara egokitu beharra dagoela. Ez ditzagun berriro egin duela bost urteko okerrak».
zer da 'x' gaitza?
Birusak eta pandemiak ikertzen dituzten zientzialariek uste dute goiz edo berandu beste izurri global bati aurre egin beharko diola gizateriak. Bi agertoki posible darabiltzate: bat, gaur egun ezagun den patogeno batek edo haren aldaera batek eragindakoa izatea; eta bi, gaitz berri bat izatea. OME Osasunaren Mundu Erakundeak X izena eman dio gaixotasun ezezagun horri, baina dagoeneko deskribatu du. Hauek dira etorkizuneko osasun larrialdi global batek ziurrenik izanen dituen ezaugarriak:
- Patogeno mota. Eritasunak sortzen dituzten mikroorganismoen artean, birusak eta bakterioak daude. Adituen ustez, zerbaitek pandemia global bat sortuko badu, litekeena da birus batek sortzea: bakterioek baino askoz bizkorrago izaten dituzte mutazioak, eta horrek izugarri handitzen du arriskua, gaitza espezie batetik bestera igarotzeko aukerak handitzen dituelako.
- Transmisioa: Etorkizuneko pandemiak aire bidez zabalduko direla uste dute ikerlariek. Era horretan kutsatzen diren gaitzak berehala hedatzen dira, eta askoz zailagoa da kontrolatzea, listuaren, odolaren edo kontaktuaren bidez transmititzen direnekin alderatuta.
- Sintomak: Mikrobiologoen eta bestelako adituen arabera, etorkizuneko pandemia eraginen duen birusaren sintomak ez dira ezohikoak izanen, eta aise nahastuko dira gaixotasun arruntek eragiten dituztenekin: sukarra, eztula, mukiak... Errazagoa da halako sintomak eragiten dituen birus bat oharkabean pasatzea, izurriaren hasieran behintzat.
- Immunitaterik ez: Birusa ezezaguna bada, gizakien immunitate sistemak ez du defentsa eraginkorrik izanen haren aurka. Pertsonek ez dute izanen patogenoaren aurkako immunitate naturalik, eta horrek babesgabe utziko ditu txerto bat eskuragai izan arte. Horixe bera gertatu zen COVID-19arekin ere, txertaketa orokortu zen arte.