Jada urtebete igaro da aurreko Korrikatik. Edo beste modu batera esanda: gaur urtebete baino ez da falta 24. Korrika hasteko; 2026ko martxoaren 19an abiatuko da, Ipar Euskal Herriko txokoren batean, eta, handik hamar egunera, Bilbora iritsiko dira furgonetak. «Bihotza pil-pilean, tik-tak, tik-tok, tik-tak, tik-tok». Hala zioen iazko abestiak. Eta tik-tak, tik-tok, AEKn hasi da atzerako kontaketa herri oso bat pil-pilean jartzeko. Jende andana baten lana dago atzean, besteak beste, Amaia Arruti (Oiartzun, Gipuzkoa, 1986) AEK-ko kide eta Korrikaren Gipuzkoako arduradun berriarena.
Ikusi gehiago
Zer moduz ari zarete 24. Korrika prestatzen?
Taldean irailetik gabiltza buru-belarri lanean. Lasterketa bera hasteko urtebete gelditzen da, eta, horrela entzunda, urruti dagoela dirudi, baina azaroaren erdialdean izango da Korrikaren aurkezpen ofiziala. Suziri hori botata, hurrengo guztia arrapaladan etortzen da: Korrika bekaren ekoizpena, Korrika Kulturala, abestia, materiala... Erabakiak taldean hartzea nahi izaten dugu; hausnartzen ari gara, pixkanaka erabakiak hartzen.
Beraz, Korrika urtea ez izanagatik ere, aurten ere baduzue lanik. Hainbat lantalde dituzue martxan, ezta?
Gauzak hobetzeko bidean, hainbat hausnarketa talde jarri ditugu martxan, eta 23. Korrikan abian jarri ziren hainbat talderi ere jarraipena eman diegu. Esaterako, gizarte erantzukizunaren taldea jarri zen martxan, eta hainbat neurri hartu ziren aztarna ekologikoa gutxitzeko. Adibidez: modu jasangarrian ekoitzitako arroparen alde egin zen; euskarriak murriztu genituen; plastikoa alde batera utzi genuen, eta material berrerabilgarria erabiltzen hasi ginen... Asmoa da aurrerapauso gehiago ematea eta ildo berari jarraitzea.
Ibilbidea prestatzen ari zarete buru-belarri. Aurreratu al daiteke zerbait?
Ibilbidea ia-ia eginda dago, eta jakina da Ipar Euskal Herrian hastea eta Bilbon bukatzea egokitzen zaigula. Zain gaude batzar orokorretan ibilbidea onartzeko, AEKide guztiok botoa emanda. Behin onartuta, orduan hasiko gara moldaketak egiten. Erronka handia da ibilbidea osatzea; 2.100 kilometro erreal egiten ditugu gutxi gorabehera. Gero eta eragile gehiago ari zaizkigu batzen; orduan, dimentsioa asko handitu da. Aurten mahai gainean izan ditugun hausnarketetako bat lekukoa partekatzeari buruzkoa da. Ipar Euskal Herrian, aspaldian, eragileak batu egiten dira, lekukoa elkarrekin eramateko. Ideia da euskarak batzen gaitu filosofiari jarraitzea: aldarri beraren pean, indarrak metatzen direla islatzen du. Polita iruditzen zaigu, eta uste dugu garrantzitsua dela filosofia hori Euskal Herri osora zabaltzea.
«AEKideen konpromisoa handia izaten da; Korrika AEKide guztion lanaren fruitua da»
Zer irizpide hartzen dituzue kontuan ibilbidea osatzeko?
Kilometro kopurua herrialdeen artean banatzeko, kontuan izaten da biztanle kopurua eta herrialdearen hedadura. Gero, gure irizpide nagusia zera da, AEKren euskaltegia dagoen herrietatik Korrika pasatzea; ez dugu beti lortzen, baina saiatzen gara.
Zer mezu helarazteko asmoa daukazue 24. Korrikan?
Aurreko edizioan, hauxe azpimarratu nahi izan genuen: konplexurik gabe euskaraz harro bizi den eta bizi nahi duen herri bat garela. Geure burua baieztatzeko modu bat izan zen, eta mugitzeko eta espazio gehiago irabazteko grina piztu nahi izan genuen. Hurrengo mezua ere ildo horri lotutakoa izango da.
Zu lehengo aldiz izango zara Korrikaren Gipuzkoako arduradun. Zer moduz ari zara moldatzen?
Ondo. Ilusioz eta pozik hartu dut, baina ardura pixka batekin ere bai; erronka handia da. Taldearen babesa garrantzitsua izan da; babestua sentitu naiz.
Hala ere, ez zara berria Korrika antolatzen; eskualde mailako ardurak eduki dituzu aurrez.
Gipuzkoako Korrika batzordean parte hartzeko aukera izan dut, Oiartzualdeko arduradun gisa; orduan, hainbat gauza ezagunak zaizkit lehenagotik. Halere, ez zaizkit ezagunak egiten eskualdeko arduradun izan nintzelako bakarrik; AEKide guztiontzat ez dira arrotzak Korrikako lanak. Euskaltegietan buru-belarri aritzen dira Korrika garaian; kalitatezko eskolak eman ez ezik, lan gehigarri pila bat dituzte: Korrika batzordeak, herrietako ekimenak, Korrika txikiak... AEKideen konpromisoa handia izaten da; azkenean, Korrika AEKide guztion lanaren fruitua da.