Egoera bereziari, neurri bereziak. AEK-k martxan jarri du 2020-2021eko ikasturterako aurrematrikula.
«Datorren ikasturtea prestatzen ari gara, eta gure helburu nagusia da urritik aurrera ohiko ikastaroekin segitzea, betiere unean uneko osasun neurrietara egokituta», adierazi du koordinakundeak. Euskaltegietan aurrez aurreko taldeak antolatuko dituzte, eta autoikaskuntza, orain arte bezala. Horiez gain, Internet bidezko ikastaroak eta «jardun biko eredua» eskainiko dituzte. Horrez gain, Foruko (Bizkaia) barnetegia urte osoan irekiko dute berriro.
Koordinakundea «plan berezi bat» osatzen ari da, «ezohiko egoera honetara guztiz egokitzeko, eta urritik aurrera etor daitekeen guztiari irtenbiderik onenak topatzeko».
Izena emateko, euskaltegiak zabalik daude, eta Internet bidez ere eman daiteke izena. Azaldu dutenez, aurrematrikula uztailaren 8a baino lehen egiten dutenek %5 merkeagoa izango dute ikasturtea.
Udako ikastaroak
Udan ere, aurrez aurreko ikastaroak, autoikaskuntzakoak eta «jardun bikoak» egingo dituzte. «Osasun neurri guztiak hartuta, ikasleak goxo eta seguru ibiliko dira», adierazi dute.
Edonola ere, aurten barnetegirik ez antolatzea erabaki dute, «baldintzak ikusita».