Hurrengo geltokia: Iruñea

Ibarrolaren aurkako zentsura mozioak Iruñeko Udalaz gaindiko ondorioak utzi ditu, eta, atzera begira, mugarri bat da Nafarroako politikan. Beste alderdiek agertoki berrietara egokitzeko gaitasuna erakutsi dute, baina UPNren ezintasuna agerian geratu da.

Iruñeko Udala
Ekainaren 17an, Elma Saiz (PSN), Joseba Asiron (EH Bildu) eta Cristina Ibarrola (UPN). JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2023ko abenduaren 27a
05:00
Entzun

Historikotzat jo du Iruñeko zentsura mozioa EH Bilduk. Hitz arranditsuak erabili ohi dira maiz halako lurrikara politikoak gertatzen direnean, baina hainbesterako al da? Atzera begira, Nafarroako politika nahasia antzeko mugarriz beteta dago: 1996an, PSNko Javier Otanoren ustelkeria kasua eta hiruko gobernuaren leherketa; 2007ko abuztuan, gobernu alternatibo bat eratzeko PSOEren esku hartzea; 2015ean, UPN Nafarroako Gobernutik kanpo utzi zuen aldaketa; eta 2019an, PSNk emandako lema kolpea. Eta, perspektiba historiko horretatik begira, Iruñeko Udalean gertatutakoa da hurrengo geltokia.

«Mugarri garrantzitsu bat da zentsura mozioa», nabarmendu du Amaia Alvarez NUPeko Zuzenbidearen Historiako irakasleak. Urritik, Iruñean bolo-bolo zebilen UPNri Iruñeko alkatetza kendu eta EH Bilduko Joseba Asiron alkate egiteko aukera. Horregatik, inor gutxi harritu da. Alta, Nafarroako iraganari erreparatuz gero, perspektiba bestelakoa da: «Luzarora begira erakusten digu politikaren jokoa zer azkar aldatu daitekeen, eta batzuetan ziurtzat ematen ditugun gauzak ez direla hala. 2015ean, ematen zuen PSNrekin ezin zela aldatu Nafarroako Gobernua, eta, are, ezinezkoa zela horrelako agertoki bat izatea. Batzuetan ziurtzat ematen ditugu gauzak, eta ez dira hala».

«Erakusten digu politikaren jokoa zer azkar aldatu daitekeen, eta batzuetan ziurtzat ematen ditugun gauzak ez direla hala».

 AMAIA ALVAREZ. NUPeko Zuzenbidearen Historiako irakaslea

Iruñetik eta Iruñerako kontua izan dela argudiatuta, PSNk zein EH Bilduk ukatu egin dute zentsura mozioak loturarik izan duenik Espainiako Gobernurako inbestidura prozesuarekin, baina, Aingeru Epalza idazlearen irudiko, «argi dago Pedro Sanchezen ordainketa bat dela». Haren inbestidura prozesuan, jakin izan da zer akordio lortu dituen PSOEk EAJrekin, ERCrekin eta Juntsekin; ez, aldiz, EH Bildurekin. «Orri zuri bat zegoen, eta horrek ez zuen inongo logikarik. Bagenekien etor zitekeela, baina, Nafarroan frustrazioetara oso ohituta gaudenez, beti egiten duzu zalantza ea gauzatuko den». Azkenean, etorri da, baina Epalzari zer pentsatua ematen dio, argi baitu sozialistek «taktizismoz» hartu dituztela erabakiak: «Sanchezek hamabost diputatu gehiago izan balitu, Asiron segur aski ez litzateke alkate izanen».

Hala izan zein ez, aukera baliatzen jakin du EH Bilduk. 2019an, Maria Txibiteren inbestidurari bide eman geroztik, ate bat ireki zuen, eta UPNri gobernura iristeko atea itxi zion. Apustu horrek zalantzak eragin ditu zenbaitetan, eta ekainean, adibidez, PSNk Cristina Ibarrola alkate egiteak tentsioa sortu zuen. Dena den, Floren Aoiz Iratzar fundazioko zuzendariaren iritziz, «pazientzia estrategikoa» erakutsi du EH Bilduk: «Bide batetik goaz, eta aldaketak dira inportanteena, eta ez hainbeste egiten den hori saltzea. Horrek funtzionaltasun handia ematen dio EH Bilduri. Badaki zein den indar harremana, eta hori aldatu behar dela agertoki berriak erakartzeko. Eta hori lortzen ari da».

«EH Bilduk badaki zein den indar harremana, eta hori aldatu behar dela agertoki berriak erakartzeko. Eta hori lortzen ari da».

FLOREN AOIZ Iratzar Fundazioko zuzendaria

Alderdi Sozialistaren aldaketa

Zentsura mozioak erakutsi du agertokiak aldatzen ari direla, baita eragileak ere. Alderdi Sozialista da horren lekuko. «PSN iraganeko alderdi bera da, ala beste bat bilakatu da?», galdetu du Aoizek: «Nire ustez, beste bat da». Formalki, alderdi bera da, noski, baina, haren ustez, «nekez uler daiteke gertatutakoa alderdia iraganeko bera izanda». Haren irudiko, garrantzitsuena ez da zergatik egin duen hori, baizik eta iraganarekin hausteko gai izan dela: «Egon daiteke kalkulu aritmetikoa, beste bazkide batzuen ahulezia eta haien bilakaera bat: garai bat agortu da, eta beste bat hasten ari da». Nafarroaz harago doan irakurketa sakonago baten ondorio dela uste du. Izan ere, Grezian zein Frantzian alderdi sozialdemokratak desagertzeko bidean dira, eta PSOEk aintzat hartu du «erabateko porrot horren» irakaspena. Espainian, M-15 mugimenduaren oinordeko politikoa izan zen Podemos gaur egun krisi betean badago ere, Aoizek uste du ekarpen politiko bat egin duela: «Askotan ez da aipatzen, baina M-15aren ondorioetako bat izan da PSOEren posizio aldaketa. Izan ere, PSOE eta gurean PSN M-15aren aurreko egoerara itzuliko al dira?».

Alvarezen ustez, sozialisten inguruko analisi bat egitea «zaila» da, «trantsiziotik bira asko eman baititu». Alta, gauza bat ez da aldatu: haien estrategia Madrilen menpe dago «beti». Egungo testuinguruan, Ferrazek komenentziaz ahalbidetu du aldaketa, eta eskuinaren presioari aurre egiteko ausardia erakutsi duelakoan dago: «Arriskatzen ari da. Madrilen ausartu direlako animatu dira Nafarroan pauso horiek ematera». Alta, Alvarezen arabera, horrek hauskor bihurtzen du uneotan egindako urratsa: «Arriskua hortxe dago. Dena erortzen bada, hemen ere eroriko al da?». 

Aldez aurretik ez dago ezer idatzita. Hala eta guztiz ere, Epalzak ez du hitzik adierazteko PSOEk emandako pausoaren tamaina eta haren adierazgarritasuna. «Estatuko politika baldintzatu dio. Ja markatuta geratu da. Hemen, Nafarroan, ikaragarria da iraganarekiko haustura. Ikaragarria». 

UPN, kolokan

Politikan agertokia eta alderdiak aldatzen ari diren bitartean, eskuineko alderdi nagusia, UPN, ez da zentimetro bat ere mugitu. Eta, bat-batean, zentsura mozioak oso agerian utzi ditu haren ezintasunak eta gabeziak. «UPN aurretik ere bazegoan krisian, baina mozioak erakutsi du horrek guztiak eztanda egin behar duela», azaldu du Alvarezek. Katalizatzaile moduko bat izan da, aurretik bazegoen egoera lehergarrian metxa piztu duen txinparta. «Ikusi da orain arte izandako estrategiak ez duela funtzionatu, eta Iruñeko alkatetza galtzea izan da hori erakusten duen azken urratsa», aipatu du. «Botere gune gutxi geratzen zaizkio. Iruñea galduta, euren burua krisi betean ikusten dute. Ez dute diskurtso definitu bat. Udal politikan ezin badute eragin, botere guneetatik kanpo geratzen dira». 

Bere onetik aterata antzeman zaio UPNri. Hitz oso gogorrak erabili dituzte adierazpen publikoetan eta sare sozialetan. Hitzetatik ekintzara pasatu dira, halaber: protestak antolatu dituzte kalean, abenduaren 20an atera egin ziren Nafarroako Parlamentutik, Iruñeko Udaleko oso bilkura bertan behera utzi zuten egun berean, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ere utzi egin dute. PSNrekin harremanak hautsi dituzte, gainera. Epalzaren arabera, erantzun horrek akordioaren garrantzia azaltzen du: «Eskuinarekiko hausturaren garrantzia adierazten du. Ikusita zer esanguratsua den denendako Iruñea, euskaltzaleendako zein nabarristendako, hori ez da berehalakoan konponduko». Iruñea ez dago salgai lelopean kalera atera da UPN, eta horrek erakusten du nola ulertzen duten hiria, haren ustez: «Beti iruditu zaie haiena dela, eta hori bat-batean bukatzeak kasketa atomikoa eragin die».

Aoizen arabera, UPNk «beste pauso bat» eman du bere suizidio politikorantz. «Joko arauak aldatu egin dira. Erregimenaren funtsa zen euskal nortasunaren bazterketa. Setiatutako gune gisa irudikatzen dute Nafarroa, eta etengabeko mehatxuaren logikak ekartzen du salbuespenezko politikaren logika. Baztertu egin behar dira abertzaleak, Nafarroa arriskuan jartzen dutelako, eta hala beti gobernatuko dute haiek. Funtzionala da». Edo zen. Izan ere, Nafarroa Bairen garaitik hori zalantzan jartzen hasi zen, baina azken urteetan «erabat kolokan» jarri da. ETAren amaierak ere zeresan handia izan du, bazterketa politiko hori oinarritzeko argudio nagusia desagertu baita. «Orain beste fase batean gaude. Aurretik ikusi da posible zela EH Bilduren botoak baliatzea beste gehiengoak osatzeko, baina [zentsura mozioarekin] orain beste urrats bat egin da, eta hau berria da».

UPNk galdu egin du iraganeko baliagarritasuna, eta ez du jakin egokitzen. «Egokitu zitekeen, baina ez du egin, nire ustez, batetik, pentsatzen zutelako funtzionaltasuna galduko zuela, eta, bestetik, ez dutelako gaitasunik. UPNren munduan oso pentsamendu estrategiko eskasa dago», aipatu du Aoizek. Ildo beretik, Epalzak «despistatuta» sumatzen ditu: «Azken asteetan Esparzari nabari zitzaion diskurtsoa aldatzeko nahi bat, PSNrekin eta Geroa Bairekin akordioak egiteko halako gogoa. Orain ja ez. Esparzak usteko zuen horrekin etorriko zena galaraziko zuela? Ez dakit, ez baita beti erraza haren buruan sartzea eta egin dituen sigi-sagak ulertzea».

«Sinistuta nago euskaltzaleok irabazi dugula; ikusiko dugu zenbat. Segur aski ez nahi genukeen adina. Pazientzia izan beharko dugu».

 AINGERU EPALZAIdazlea

Abenduaren 29tik aurrera

UPNren noraezaz harago, abenduaren 29tik aurrera, Joseba Asironek gidatutako udal gobernua abian jarriko da. Epalzaren ustez, «erakutsi beharko da Iruñeak irabazi duela». Alegia: «Hiri bizigarriagoa, auzo guztiei arreta egingo diena eta, ahal baldin bada, euskaldunagoa. Sinistuta nago euskaltzaleok irabazi dugula; ikusiko dugu zenbat. Segur aski ez nahi genukeen adina. Pazientzia izan beharko dugu».

Alvarezen arabera, politikoki ikusi beharko da PSNk zer jarrera duen udalean: «Parlamentuan ikusi dugu EH Bilduk nola funtzionatu duen gobernutik kanpo. Ikusi beharko da PSNk nola jokatzen duen antzeko posizioan, udalean. Oreka jokoak egin beharko dituzte, eta beti egongo da dena pikutara joateko arriskua».

Aoizek begirada zabaldu nahi izan du, eta politikaren balioa nabarmendu: «Zerumuga zabaltzea lortu da. Gaur egun ezinezkoak jotzen ditugun gauza batzuk izan daitezke posible etorkizunean».

Nafarroako Lurrikara Politikoak

  • 1996ko ekaina. Javier Otano Nafarroako lehendakari sozialistak Suitzan kontu bat zuela argitaratu zuen Diario de Navarra-k. PSN, CDN eta EAren arteko hirukoa desegin zen. UPNren agintaldi luzea hasi zen. 
  • 2007ko abuztua. Nafarroa Bairen eta PSNren arteko gobernu akordioa gerarazi eta oztopatu zuen PSOEk. Gerora jakin zen inbestidura babesteko akordioa zuela UPNrekin.
  • 2014ko martxoa. Yolanda Barcinaren aurkako zentsura mozioa gerarazi zuen Ferrazek.
  • 2015eko maiatza. Doi-doi, Ciudadanosek ez zuen parlamentaria lortu ,eta Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak 26ko gehiengoa osatu zuten.
  • 2019ko abuztua. UPNrekin aliantza hautsita, PSNk gobernu akordioa hitzartu zuen. EH Bilduk aldaketa ahalbidetu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.