Hurrengo erronka, indar gehiago metatzea

Ramon Zallok eta Txema Garciak liburu bat atera dute Kataluniako prozesu subiranistari buruz. Euskal Herria ere izan dute aztergai. Pentsatzen dute «nazionalismo oldarkorra» piztu dela Espainian

gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Katalunian urriaren 1eko erreferendumaren inguruan gertatutako guztia aintzat hartuz, eta aldebakarreko independentzia deklarazioa indarrik gabe gelditu zela ikusita, badirudi Kataluniako prozesu subiranista beste fase batean sartu dela, eta garrantzi handiko helburu bilakatuko direla horretan indarrak metatzea, aliantza berriak saretzea eta gehiengo eraginkorrak eratzea. Hori da Miradas en torno al procés liburuan (Proces-aren inguruko begiradak) ondorioztatzen diren ideietako bat. Ramon Zallo EHUko Gizarte Zientzietako Fakultateko katedradunak (Gernika, Bizkaia, 1948) eta Txema Garcia kazetariak (Barakaldo, Bizkaia, 1952) atondu dute liburua.

Aspaldi honetan liburu ugari argitaratu dira Kataluniako prozesu subiranistaren inguruan. Horietako asko azken hilabeteotako gertaerei loturik daude; beste batzuek asmo proselitista agerikoa dute, eta prozesuaren aldeko edo kontrako argudio eta arrazoiak ematea dute xede. Bi ezaugarri horietatik ihes egiten saiatu dira Zallo eta Garcia. Haien liburua gaurkotasun handikoa da —urriaren 1eko erreferendumaren ostean hasi ziren beharrean—, baina, egileek diotenez, «etorkizunari begira» taxutu dute. Eta, bateko edo besteko propaganda baino gehiago, «gogoeta» sustatu nahi izan dute

Hainbat atal ditu liburuak. Elkarrizketena da mamitsuena: hamazazpi lagun galdekatu dituzte, iritzia eman dezaten Kataluniako prozesuaz eta Euskal Herrian burujabetza lortzeko antzeko prozesu bat abian jartzeko posibilitateez. Horietatik, bederatzi katalanak dira —Jordi Sanchez, Germa Bel, Joan Manuel Tresserras, David Fernandez, Teresa Forcades, Salvador Cardus, Monica Terribas, Vicenç Fisas eta Joan Subirats— eta sei Euskal Herrikoak—Juan Jose Ibarretxe, Garbiñe Biurrun, Mikel Zurbano, Daniel Innerarity, Alfonso Muñoz eta Arnaldo Otegi—. Gainera, Maria Eugenia Rodriguez Palop eta Javier Perez Royo Espainiako unibertsitate irakasleak ere elkarrizketatu dituzte.

Atal nagusi horretaz gain, Zallok eta Garciak sarrera bat egin dute Kataluniako historiaz, prozesu subiranistaz, erabakitzeko eskubideaz, Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko antzekotasunez eta desberdintasunez eta beste zenbait konturen inguruan, gaia kokatzeko. Eta gibel solasa ere egin dute, elkarrizketetan azaldutako ideiarik interesgarrienak laburbiltzeko. Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak idatzitako ekarpen batek jartzen dio lanari azken burua.

Erabakitzeko eskubidea

Zergatik elkarrizketatu horiek, eta ez beste batzuk? «Elkarrizketatu guztiak erabakitzeko eskubidearen alde daude», esan du Txema Garciak. «Guk pentsatzen dugu erabakimena eskubide demokratikoa dela, eta planteamendu hori defendatzen dutenen iritziak interesatzen zitzaizkigun».

Baina horrek ez du esan nahi liburuan kritikarik, iritzi kontrajarririk edo aniztasunik ez dagoenik. «Ahots kritikoak daude, azalarekin zein mamiarekin kritiko direnak», dio Garciak. «Orain sarri hitz egiten da kontakizunaz; guk liburu honetan kontakizun asko eskaintzen ditugu. Denak dira baliagarri, denak beharrezko».

Kataluniako prozesuak gorabeherak izan ditu. «Urriaren 1a Kataluniako gizartearen garaipena izan zen», azaldu du Zallok, «baina, gero, alde bakarreko independentzia deklarazioaren ostekoa porrota izan zen. Badirudi hauteskundeen ondoren hori apur bat bideratu dela, eta beste fase batean sartu garela, fase defentsiboago batean, non aukera guztiak irekita dauden eta, seguru asko, lehentasuna aliantza berriak jostea eta gehiengoa lortzea izango den».

Prozesua ondorio asko ekartzen ari da, eta ez denak Katalunian; Espainian, «nazionalismo oldarkor eta baztertzailea» piztu da Kataluniako gatazkaren itzalean. Zalloren ustez, «trantsizioan sortutako estatuaren izaera eta gabezia demokratikoak» ari dira agerian gelditzen gero eta nabarmenago, bai eta estatu horrek auzia bide demokratikoetatik konpontzeko duen «ezintasuna» ere: «Arazoa ez da estatuaren batasuna; azken finean, zilegizkoa da estatuaren batasuna defendatzea, eta guztiz logikoa da defentsa hori estatuak berak egitea. Arazoa da estatuaren batasuna zalantzan jarri ahal ez izatea».

Identitatea arazo

Zalloren aburuz, Katalunian arazo «politiko» bat dago, baina ez «identitatearen inguruko arazo bat», nahiz eta Espainian horrela interpretatu. «Espainia da identitate arazo bat daukana; historikoki, Espainiak ez du jakin dibortzioak modu baketsu eta arrazionalean kudeatzen».

Liburu honekin, azken hilabeteetako gertaeretan oin hartu eta «distantzia» hartu nahi izan dute egileek, «gogoetarako» tarte bat eskaintzeko, esperientzia horretatik Kataluniarentzat eta Euskal Herriarentzat zer ikasi ugari dagoela sinetsita. «Aspaldi honetan, Kataluniak hartu ditu komunikabide guztiak, baina propaganda asko eta informazio gutxi egon da», nabarmendu du Garciak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.