Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna. Bel Pozueta. EH Bildu

«Hurrengo bozei begira oso leku onean uzten gaitu»

Oso gertu izan du diputatu agiria lortzea: 390 botogatik gailendu zaio PSOE. «Sentsazio gazi-gozoa» du horregatik, baina, hurrengo bozei begira, EH Bildu indartsu dagoela uste du.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Gertu izan zuen. Igande gauean, zenbaketak aurrera egin ahala, pare bat aldiz Madrilera bidean jarri zen Bel Pozueta (Iruñea, 1965). «Hasieran, oso lasai nengoen. Poliki-poliki, gero eta urduriago jarri nintzen». Azkenean, PSOE gailendu zitzaion, 390 botoren aldea aterata. «Sentsazio gazi-gozoarekin nago. Gutxigatik ez dugu lortu, baina pozik nago emaitzarekin». Atzerriko botoak zenbatzea falta bada ere, oso zail du emaitza iraultzea. «Ez dago ate hori erabat itxita, baina errealistak gara. Aukera txikiak dira».

Zer analisi egiten duzu?

Muga oso goian zegoen, boz asko behar baitziren. 45.000 bototik gora geundela, jabetu ginen oso emaitza onak zirela, nahiz eta diputatua ez lortu. Nabarmendu nahiko nuke Altsasuko gorakada. Poz handia izan da niretzat.

Beste alderdien emaitzei begira, zer azpimarratuko zenuke?

Voxek 17.600 boto lortu ditu. Eskuinekoak direla esaten da, baina frankismoaren aurpegia dira, eta hor gertu ditugu. Aukerak dituzte maiatzean parlamentaria lortzeko. Ezin dugu hori ahaztu.

Navarra Sumaren kasuan, ez dute lortu botoak gehitzea.

PPren jaitsiera izugarria izan da. Ziurrenik, PP desagertu da Nafarroan. Ez dakit nork ekarri dituen botoak, Ciudadanosek edo nork.

PSOE bigarren geratu da, baina irabazle argia izan dira.

Estatuko hauteskundeak izanda, jende askok pentsatu du eskuinari aurre egin behar zaiola, eta PSOE babestu du. Madrilera begira jokatu du, eta ikusi beharko da nola geratzen den PSN. Uste dut ez dutela emaitza bera izango.

Kezkatuta zaudete aldaketaren indarren emaitzekin?

Ikusi beharko da hemen zer-nolako panorama planteatzen den. Jokoan dagoena eta jokalekua ez dira gauza bera. Orain PSOEriboto ematen dioten askok maiatzean aldaketaren aldeko indarrei emango diete botoa.

Senatuan, ez da aurrera atera Aldaketa. Zergatik ez?

Ez dakit. Pena handia ematen dit. Logikaz, atera egin beharko litzateke. Alde batetik, jendeak ez du sinesten Senatuak zer eman diezaiokeen, ez dio ematen garrantzirik. Bestetik, jendeak identifikatzen du bere burua alderdi batekin, eta, hortik ateraz gero, susmoak pizten zaizkio. Adibidez, Txantrean, pertsona batek Kongresurako niri eman zidan botoa, eta Senaturako PSOEri. Logika arraroak dira.

Espainiako Gobernua osatzeko dago. Zer gertatuko da?

PSOEk erregimenarekin jarraitu dezake, gauza gutxi aldatu orain arte bezala jarraitzeko; edo demokratizazioaren bidean aurrera egin dezake. PSOEk aukeratu beharko du. Hari dagokio mugitzea.

Foru hauteskundeei begira zer esan nahi du igandekoak?

Oso egoera onean geratu gara. Jendeak ilusioz ikusten du, ikusi du markatu ditzakegula politikak. Hurrengo bozei begira, oso leku onean uzten gaitu; jarrera onarekin aurkeztuko gara.

Aldaketa errepikatu daiteke?

Nik uste dut baietz. Horretan sakondu beharko dugu, eta lan egin. Pentsatzen badugu ezetz, ez dago ezer egiterik. Guk diogu aurrera egin dezakegula, nekaezin eta geldiezin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.