Hurbilduak izateko zain daude hala iragarria zuten 48 euskal preso

Gerturatzeen erritmoa «handitzeko» eskatu du Etxerat-ek. Behatokiko ordezkariak EAEko Auzitegi Nagusiko presidentearekin batzartu dira

Toda eta Asla, EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian. FORO SOZIALA.
Irati Urdalleta Lete - Jon O. Urain
2021eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Espetxe erakundeetako idazkaritza nagusiak agindutako hurbilketak eta Euskal Herriratzeak egitea eta asteroko lekualdatzeen «erritmoa handitzea» eskatu du Etxerat-ek. Horrek familiengan izango lukeen eragina ere azpimarratu dute: «Iragartzea baino garrantzitsuagoa da lekualdaketak eta hurbilketak errealitate bihurtzea». Izan ere, elkarteak adierazi duenez, zenbait preso hurbildu edo Euskal Herriratuko zituztela iragarri arren, oraindik ez dute esana bete. Elkartearen arabera, 31 preso hurbiltzeko edo Euskal Herriratzeko zain daude, Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak hala egingo dutela iragarri ostean. Beste hamazazpi tarteko espetxe batera eraman zituzten, eta, orain, horietatik mugitzeko zain daude. Beraz, 48 euskal presori eragiten die egoera horrek. 2018ko irailetik 169 mugimendu iragarri dituzte, eta 121 egin (%71,6).

Gainera, Espetxe Politikaren Behatokiko ordezkaritza bat Garbiñe Biurrun Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jarduneko presidentearekin batzartu zen atzo, eta, bileraren ondoren eginiko adierazpenetan, Aitzol Asla eta Teresa Toda behatokiko ordezkariek nabarmendu zuten premiazkoa dela euskal preso guztiei espetxe «politika koherente eta integrala aplikatzen hastea, birgizarteratze ibilbidean aurrera egin ahal izateko».

Behatokiak otsailaren 4an aurkeztu zuen seihileko txostenaren bigarren zenbakia, eta horren berri eman zion atzoko bileran Biurruni. Foro Sozial Iraunkorraren arabera, Toda, Asla eta Biurrun bat etorri ziren «Espainiako Gobernua espetxe politika aldatzeko egiten ari den urratsak positibotzat hartzearekin», baina kezkatuta azaldu ziren «sortzen ari diren zailtasun berriengatik». Behatokiko kideek gradu progresioari erreparatu zioten, aurkia eta ifrentzua nabarmenduta: gogora ekarri zuten Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen %58 bigarren gradura igaro direla, baina soilik %5,5 daudela hirugarren graduan: «Ez dugu ulertzen zergatik gertatzen ari den hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.