Iruñeko alkate Joseba Asironek, Kulturako zinegotzi Maider Belokik eta Segurtasuneko zinegotzi Endika Alonsok 2024ko sanferminen balantzea egin dute besten bukaerako biharamunean Kondestablearen jauregian. «Elkarbizitza» nagusitu dela azpimarratu du Asironek. Aurtengo sanferminen balorazio positiboa egin du, baina zeru oskarbian «hodeitxoak» agertu direla, izandako 24 eraso sexistei erreferentzia eginez; horietatik hemezortzi ukituei dagozkie.
Bi asteburu eduki izanak lagunduta, 1,8 milioi pertsonak baino gehiagok parte hartu dute udalak programatutako ekitaldietan, iaz baino %27k gehiagok. «Aipagarria da urteetan ikusi ez den jendetza ikusi dela», adierazi du Asironek. Garraio publikoan ere nabaritu da jende gehiago etorri izana; izan ere, bi milioi bidaiaren langa gainditu du autobus zerbitzuak aurtengo bestetan aurrenekoz. Jende gehiago elkartu arren, salaketak %20 murriztu dira, lapurreta kopurua gutitu delako batik bat. Aitzitik, iazko datuekin alderatuta, atxiloketak %10 ugaritu dira; guztira, 211 lagun atxilotu dituzte. «Jende gehiago, salaketa gutxiago eta atxiloketa gehiago egon dira; beraz, festa lasaiak eta bereziki seguruak izan direla esan daiteke», adierazi du Alonsok.
Hala ere, aurten ere sexu erasoak egon dira bestetan. Asironek «gaitz ikaragarri» gisa definitu ditu, eta sanferminen balantze positiboan «hodei beltza» direla erran du. Baina Mugimendu Feministaren eta udalaren lanari esker Iruñea «abangoardian» dagoela goraipatu du: «Estatuko festarik seguruenak dira, eta, Iruñean okerren bat eginez gero, ordaindu beharra dago». Izan ere, 24 salaketa paratu dira eraso sexualengatik, eta horietatik 23 kasutan atxilotuak izan dira. Erregistratutako sexu erasoetatik hemezortzi ukituak izan direla azaldu du Asironek, eta gainontzeko seiak «intentsitate handikoak», bortitzagoak izan direla iradokiz.
«[Indarkeria matxista] gizarte arazoa da, eta gizarte gisa eman behar diogu erantzuna»
JOSEBA ASIRONIruñeko alkatea
«Iruñeak beste behin erakutsi du hiri mobilizatua dela, eta gai honetan punta-puntan jarraitu nahi duela», gaineratu du Asironek. Arazoa ez omen da sanferminena, ezta jai ereduarena ere: «Gizarte arazoa da, eta gizarte gisa eman behar diogu erantzuna». Guztira,15.695 pertsona joan dira Gazteluko plazan dagoen eraso sexisten aurkako informazio punturat, eta hemeretzi intzidentzia jaso dituzte. Horrez gain, udalak eta Mugimendu Feministak uztailaren 7an eta 12an Gazteluko plazan antolatutako bi mobilizazioetan ere jendetza bildu zen, #Emakumeen aurkako indarkeriari ez lelopean.
Jende guztiarentzako bestak
Alkateak nabarmendu du herri bestak errekuperatu direla: «Duguna dantza taldeak txupinazoa jaurti izana herritarren erabakia izan da, eta kolektibo herrikoiek protagonismoa berreskuratu dute Basotxon, Antoniuttin, Takoneran eta O plazan». Programazio inklusiboa, kalitatezkoa eta adin eta gaitasun askotariko pertsona guztientzat antolatzeko lan egin dutela erran du Belokik: «Askotariko gaitasunak dituzten pertsonentzako espazio familiarra sortu dugu; eta lasaitasun eta soinu intentsitate baxuko beste espazio bat, Anfas elkartearekin elkarlanean bultzatutako ´Zentzumenen babeslekua´, hain zuzen». Belokik nabarmendu nahi izan du aurten herri kolektiboak, hala nola Herri Sanferminak, itzuli direla: «Urte batzuetan jaia ukatu ondoren, aurten espazioa eskatu duten kolektibo guztiek eduki dute lekua».
Su artifizialak eta erraldoien eta buruhandien konpartsak izan dira ekitaldirik jendetsuenak: «Iruñeko urteko kultur programazioan jende gehien biltzen duten kultur ekitaldiak dira», azpimarratu du Belokik. Haurrentzako ekintzei dagokienez, aurreko urteetako ekitaldien jende kopurua «aise gainditu dela» dio. Birjolastu eta Kirolari Sports jarduerak bestaren erdian «txikien gozamenerako oasi» gisa definitu ditu. Kontzertu eta berbenei dagokionez, 365.900 pertsonak parte hartu dute, azken urteetan baino %10ek gehiagok. Publiko gehien eduki duten kontzertuak Zetak, El Drogas, Chill Mafia, Maruxak, Gorka Urbizu eta Izarok emandakoak izan dira. Horrela, iruindarrek artista nafarrei egin dieten «harrera ona berretsi» dela gaineratu du kultura zinegotziak.