Emuneko ikerlariak

Olatz Olaso eta Onintza Legorburu: «Lehiakortasuna eta euskara lotzeak interesa piztu du»

Euskara planak «lehiakortasunerako palanka» direla ziurtatu du Emun kooperatibak, Gehi ikerketaren bigarren fasearen emaitzak aurkeztean. Esku-hartze faseari ekingo diote orain.

emun kooperatibaren inkestari buruz elkarrizketa
Onintza Legorburu eta Olatz Olaso Emun Kooperatibaren bulegoan. JON URBE / FOKU
nerea intxausti
Arrasate
2023ko azaroaren 28a
12:05
Entzun

Gehi ikerketak ondorioztatu du enpresa bat lehiakor izan daitekeela euskaraz ere. Lan horretan, aztertu dute ea zer ekarpen egiten dituen euskarak enpresen lehiakortasunean. Ikerlan, Eika, Fagor Electronica eta Danobatek hartu dute parte ikerketan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du. Olatz Olaso (Bergara, 1977) eta Onintza Legorburu (Antzuola, 1993) izan dira ikerlariak, eta, lau enpresa horien azterketatik abiatuta, azaldu dute zer ondorio orokor eman dituen ikerlanaren bigarren faseak.

Nondik sortu da ikerketa hau egiteko asmoa?

ONINTZA LEGORBURU: Emun sortu zenean, orain 26 urte, kooperatibei oso lotuta jardun genuen. Enpresa haietako lehendakariek euskaraz lan egiteko asmo irmoa zuten, eta horri gehitu zitzaion euskarak ekarpen gehigarri bat egin zezakeen intuizioa.

OLATZ OLASO: Hori bai, enpresentzat erakargarriak izango ziren ekarpenak behar zituzten. Beraz, geure buruari galdetu genion: «Enpresentzat zer da garrantzitsua?». Bada, oinarrian, lehiakortasuna. Eta horrela hasi ginen bi kontzeptuak lotzeko modua ikertzen. Hasierako pausoetan, elkarrizketatuei kosta egin zitzaien euskara planak lehiakortasunarekin lotzea. Ikerketa honi esker jabetu gara oinarria dela lehiakortasuna nola ulertzen dugun. Kontzeptua hornitzaileen, bezeroen eta lehiakideen bueltan soilik ulertzen duenak nekez konektatuko du euskara planekin. Aldiz, ikuspegi zabalagoa duten enpresekin posible da euskara planak lantzea.

Zer da ba lehiakortasuna?

OLASO: Enpresak epe ertain eta luzera begira bere inguruko agenteei onura egitea da. Beraz, ez da kapitalarekin eta aberastasunarekin hertsiki lotutako kontzeptu bat: enpresa ez da lehiakorra izango jabeak hurrengo urtean bost milioi poltsikoratzen baditu; aldiz, aurten gutxiago irabazi eta etorkizunerako aukerak sortzen baditu, bai. Moduak mila daude; adibidez, gertu daukan unibertsitatean inbertsioa egitea, gerora talentua bermatzeko.

Zergatik da hain garrantzitsua euskara planek enpresetan ekarpenak egitea?

OLASO: Oinarrian, euskara biziberritzeko eta normalizatzeko. Baina hori egiteko moduetan, badira enpresen balio, helburu eta erronkekin konekta ditzakegunak. Elkarrizketa horren bidez uste dugu bai euskarak eta bai enpresek irabazten dutela. Esaterako, azken urteetan enpresen ardura nagusia talentu falta da: alegia, lanerako pertsona kualifikatuen falta. Euskara planen bidez kezka horiei erantzuna ematen ahalegindu behar dugu, eta bide hori elkarrekin egin. Bestela, euskara plana karga bilakatuko da. Integrala behar du. Langileen motibazioa areagotzen duten ekintzak pentsatzen ditugu, enpresa bakoitzak bere izaerari moldatuta. Adibidez, Korrikan parte hartzea, barne aldizkariak sortzea, lehiaketak egitea... Euskara planak lantegiko eremu guztiak barne hartzen ditu, zuzenean edo zeharka.

Hamalau ekarpen jaso dituzue; zeinek poztu zaituztete gehien?

OLASO: Poztu? [Barrez] Niri ilusio berezia egin zidan euskara eskolek egindako ekarpenak. Burura datorkit langile galiziar batek behin aitortutakoa: hizkuntza ikasteak pertsonalki aberastu bazuen ere, profesionalki ere ateak zabaldu zizkiola. Esan zigun: «Zuek badakizue zer poza ematen duen gainontzekoei esateak nigatik euskara hutsean egin dezaketela bilera?».

LEGORBURU: Egia da bazirela espero genituen ekarpenak —langileen kohesioa edo talde lana indartuko zutela, esaterako—, eta ezustean hartu gaituztenak. Bi eratakoek poztu gaituzte, baina niri, beharbada, euskara planek rol aldaketak eragiteko izan duten ahalmena interesatu zait gehien: langile xume bat, euskara planaren kargudun zen aldetik, bere arduradunarengana joan zitekeen kontu eske. Enpresen mundu hierarkizatua malgutzen lagundu dute.

Bada euskara irudia zuritzeko erabili duenik?

OLASO: Bai. Hizkuntzak ikasteko bi motibazio daude, eta euskara planak martxan jartzeko ere bai: identitarioa eta praktikoa. Urte luzeak daramaten enpresek, gehienbat kooperatibek, oso motibazio identitarioaz lantzen dute hizkuntza: «Euskal Herriari ekarpena egin nahi diogu, eta, beraz, euskararen biziberritzean ekarpena egitea dagokigu». Baina identitarioki iristen ez garen jende horrentzat ere diskurtso bat daukagu, euskararen aldeko apustua egin dezaten. Thailandiako egoitzatik datorren baina eskoziarra den enpresako jabeari euskararen identitatea azalduko diogu, bai, baina baita ere langileen gogobetetzean eragina daukala, lurraldearen garapenean ekarpena egiten ari dela eta enpresaren kudeaketa sistema hobetu dezakeela. Gure erronka da motibazio praktikotik abiatzen diren enpresetan ere aurrerapausoak lortzea gure hizkuntzaren alde.

Ikerlan, Eika, Fagor Electronica eta Danobatek hartu dute parte ikerketan. Lehiakorrago izatea lortu dute euskaraz arituta?

OLASO: Lorpen handiak egin dituzte. Adibidez, Fagor taldeak hausnarketa saio eta neurketa datu asko ditu. Jabetu ziren ingurua erdalduntzen zuen sektore bat zirela eta, lanketa handi bati esker, Arrasateko euskara neurketek baino datu hobeak lortu zituzten. Gaur egun, Fagorrek ez du euskaraz funtzionatzen, asko falta da horretarako, baina esfortzuak emaitzak eman ditu.

LEGORBURU: Argi dago enpresaren testuinguru soziolinguistikoak lagun dezakeela, baina enpresa munduan badaude uste eta joera batzuk, eta norberaren esfortzuari esker alda daitezke. Enpresa mundua, oro har, oso erdalduna da ohituraz eta bisioz; beraz, euskaldun talde batek bilera bat euskaraz egitea ez da automatikoa. Euskara planak 300-400 langile dituzten enpresetan aplikatu ditugu, eta haien kultura eta ohiturak aldatzea prozesu geldoa da.

Zer harrera izan dute ikerketaren emaitzek?

OLASO: Komunikatiboki egin dugun esfortzua kontuan hartuta, harrera oso ona eduki dute emaitzek. Bigarren faseko emaitzak aurkezteko egin genuen aurkezpenean 110 pertsonak eman zuten izena. Kontzeptuak berak, lehiakortasuna eta euskara lotzeak, interesa piztu du, orain arte ez baitira lotu.

LEGORBURU: Ikerketaren bigarren fase hau interesgarria izan da oso, baina are interesgarriagoa izango da orain datorrena: esperimentazioa. Badakigu gaur arte non eta nola eragin dugun, eta orain, erronka berriei eutsi, eta euskara planak hobetu ahal izango ditugu ekarpen handiagoa egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.