Urte berriarekin batera iritsi da hotza ere: elurrak eta izotzak hartu dituzte kaleak, errepideak eta mendiak. Baina sartu al da ikasgeletara ere? Eta hotzarekin ere egin al daiteke koronabirusari aurre egiteko ezinbestekoa den aireztapena? BERRIAk galdetutako eskoletan, ikasgelak hoztu egin zaizkie, baina izoztera iritsi gabe.
Izan ere, hotzak hotz, itzulera «arrunta» izan dela esan du Maider Aldaiak, Iruñeko Amaiur ikastolako zuzendariak; «nahiko normala» izan dela nabarmendu du Ibon Irazustak, Bidania-Goiazko (Gipuzkoa) Txinkorta eskolako irakasle eta ikasketaburuak.
Baina, noski, izan du eragina. Bidania-Goiatzen, itsas mailatik altuen dagoen Gipuzkoako herria izaki (489 metro), elurpean daude astebete pasatxoan. «Lehen egunean iritsi ginenean, zero azpiko bederatzi gradurekin hasi genuen 2021a hemen», adierazi du Irazustak. Datu horrek balio lezakejakiteko nolakoa izan den ikasgeletarako buelta. Halere, «nahiko normala» izan delakoan dago: «Errepideak nahiko ondo daude, baina ikasle batzuk ezin izan ziren etorri aurreko astean, haien baserri edo etxe inguruetan ezin zelako autoz atera, baina, aste honetan, alde horretatik, normaltasun baten barruan gaude». Iruñeko Amaiur ikastolan ere normaltasuna nagusi, Aldaiak azpimarratu duenez: «Itzulera arrunta izan da: ez dugu inolako arazorik izan; ume guztiak etorri dira, eta autobusa ere garaiz iritsi da».
Neurriei eutsi nahian
Urte berria iritsi arren, berritasun gutxi koronabirusean: haren aurkako neurriak hartzen jarraitu beharra daukate ikastetxeetan ere. Ikasgelak aireztatzea da haietako bat. Hotzaldiaren ondorioz zailagoa egiten ari zaien arren, neurria betetzen ari dira, Irazustak esan duenez: «Egia da egiten duen hotzarekin leihoak irekita edukitzea —batez ere aurreko astean— nahiko zaila izan zela, baina jarraitzen dugu leihoak irekitzen». Azaldu duenez, leihoaren goiko aldea beti zabalik izaten dute, eta leiho handiak ere irekitzen dituzte aldian-aldian, baina, hotzaren ondorioz, ezin dute orain arte adina aireztatu: «Ez da lehen bezala, leiho guztiak irekita izaten baikenituen %100, baina esan genezake %50-60 baietz, eta eskolen artean ere berriro irekitzen dira». Antzera dabiltza Errenteriako (Gipuzkoa) Orereta ikastolan ere: «Ikasturte hasieran, arazorik gabe izaten genituen leiho guztiak ireki-irekiak egun guztian zehar, eta orain ezin ditugu leihoak etengabe erabat irekiak izan», azaldu du Egoitz Verdugo zuzendari pedagogikoak. Halere, ordu erdiro edo orduero aireztatzen dituzte Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gelak; Haur Hezkuntzan, berriz, ez dute horren beharrik, obrak egin eta aireztatze sistema aldatuta daukatelako.
Leihoak irekita, hotza sartu zaie ikasgeletara. Hala adierazi du Irazustak:«Pentsa dezakezu: leihoak irekita, berogailuek egiten duten lana bertan behera geratzen da laster, eta kanpoko tenperatura hartzen du, baina ez dago besterik». Aurreko astearekin alderatuta, aste honetan hobera egin du egoerak, Verdugoren ustez: «Azken egunetan hotz gutxiago egin duenez, giro hobea dago, baina egia da ostegunean eta ostiralean hotz dezentekoa pasatu genuela». Eta erremedioa jarri behar izan diote: «Batzuek mantatxoak dituzte; hotz handiena pasatzen dutenak eskularru sinpleekin egoten dira; txaketak ez dituzte hainbeste kentzen irakasle eta ikasleek; agian, egun guztian bufandatxo batekin edo polar batekin gaude...». Antzera dabiltza Bidania-Goiatzen ere: «Mantak eta horrelakoak ez; arropa gehiago jantzita datoz», esan du Irazustak. Amaiur ikastolan ere arropa gehiago janzten dutela dio Aldaiak, baina ez dutela aparteko kexarik jaso: «Arropa gehiago ekartzen dute, baina, egia esan, ez dira asko kexatu. Berogailua ere egun batzuetan piztuta egon da; orduan, ez dugu hotz handiegirik sumatu».
Aireztapen hori ondo egiten dela bermatzeko, baliagarriak izan daitezke CO2 neurgailuak. Tresna horien bidez, airearen kalitatea neurtu daiteke; beraz, gelak noiz aireztatu behar diren ohartarazi dezakete. Gaur-gaurkoz, ordea, BERRIAk galdetutako ikastetxeetan ez dute horrelakorik jaso. Baina Irazustak, esaterako, ez du hainbesteko beharrik ikusten: «Ez, ez daukagu horrelako tresnarik. Hala eta guztiz ere, eskola txikia gara, eta ez dauzkagu oso ratio handiak: batez beste 11 bat ikasle dauzkagu gela bakoitzean. Alde horretatik, ez da hainbesterako; beste eskola batzuetan okerrago egongo dira».
Berokiez eta kamiseta termikoez haragoko konponbideak ere hartu dituzte zenbait ikastetxetan. Barakaldon (Bizkaia), esate baterako, udalak herriko hamabi ikastetxetako jolastokietan hamahiru karpa jarriko ditu. Horien bidez, eguraldia edozein izanda ere, haurrek kanpoan jolasteko aukera edukiko dute, COVID-19a kutsatzeko aukerak murriztuz.
Koronabirusa
Hotzak ez ditu izoztu ikasgelak
Ikasleak hotzaldi baten erdian itzuli dira ikasgeletara. Eskolek diote «normal» egiten ari direla itzulera, baina aitortu dute hotza gelen barruraino sartu zaiela. Izan ere, posible al da ikasgelak aireztatuta edukitzea, COVID-19ari aurre egiteko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu