Kalean bizi den iruindarra

Israel Caceres: «Hotza? Kaleak hiltzen gaitu, hotzak baino gehiago»

2008ko krisiak lanik gabe utzi zuen Israel Caceres kubatar jatorriko iruindarra. Hamabost urte daramatza kalean bizitzen, eta horrek osasun kalte larriak eragin dizkio.

Etxegabeak Iruñean
Hainbat gazte, Iruñean zabaldu berri duten aterpetxera sartzeko orduan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
Iruñea
2024ko urtarrilaren 21a
05:00
Entzun

«Ikusten duzu koskor hau?», galdetu du, elastikoaren lepoa jaitsi eta beste eskuarekin klabikula okertua seinalatzen duen bitartean. «Jipoiaren ostean, hezurra aterata geratu zitzaidan, eta beste aldera begira lo egin behar dut, bestela ezin dut arnasa ongi hartu». Kalean bizitzearen ajeak gorputz minduan zizelkatuta daramatza Israel Ramon Caceresek (Sancti Spiritus, Kuba, 1960). Hamabost urte eman ditu aterpetxeetan, lantegi abandonatuetan eta bestelako babeslekuetan lo egiten. Denbora horretan, jipoitu egin dute, auto batek harrapatu du, eta iktus bat ere sufritu du, bizi osorako sekuelak utzi dizkiona. Etxegabeen muturreko zaurgarritasunaren erretratu bizia da. Oraintxe, Iruñeko Trinitarioen parkeko aterpetxe publikoan bizi da, baina badaki konponbide hori ere ez dela betirako. Hotzaldiak iraun bitartean utziko diote hor egoten. «Eta gero? Gero, fuera. Badut toki bat hilerriko txoko batean. Hor ditut nire mantak gordeta, itzultzen naizenerako».

Kubatik 2006. urtean iritsi zen Nafarroara Caceres, amarekin batera. «Antsoainen bizi ginen. Nik lan kontratua nuen Navarvent enpresan, haize girotuko aparatuak jartzen; eta amak, berriz, adineko andre bat zaintzen zuen», kontatu du. Lana galtzearekin batera, baina, mundua birrintzen hasi zitzaion. «2008ko krisiaren hasieran izan zen; hainbat langile egotzi gintuzten». Amaren soldata txikiari esker egin zuten aurrera, kostata: «Etxearen jabeak 400 euroan utzi zigun alokairua, eta ozta-ozta ordaintzen genuen». 2009ko egun batean, baina, ama bisitatzera joan zen Caceres, eta lurrean botata topatu zuen. «Esan zidan kafea prestatzen ari zela irrist egin zuela, baina gezurra zen. Minbizia zuen, eta oso hedatua zegoen ordurako». Handik bi astera zendu zen.

«Hotzetik babestuko nauten tokiak lehenesten ditut; lantegietan lo egin izan dut, baita hilerrian hutsik dauden harrizko hilobietan ere, baina kalean ez».

ISRAEL CACERESTrinitarioen aterpetxean bizi den iruindarra

Ama hiltzearekin batera, etxerik gabe gelditu zen, alokairua ordaindu ezinik. Motorra ere lapurtu zioten, eta ibilgailurik ez izateak zeharo murriztu zion lan mundurako sarbidea. Orduan eman zuen bere lehen gaua kale gorrian, Antsoainen. «Kartoizko kutxa handi bat hartu, eta barruan sartu nintzen. Burugaina soilik geratzen zitzaidan bistan. Espaloian etzan nintzen, baina auto bat atzeraka etorri zen, aparkatu nahian, eta kolpe bat eman zidan nahi gabe. Ez ninduen ikusi». Ordutik, saiatzen da aire zabalean lo ez egiten. «Hotzetik babestuko nauten tokiak lehenesten ditut: lantegietan lo egin izan dut, baita hilerrian hutsik dauden harrizko hilobietan ere, baina kalean ez».

Infernu bat

Kalean bizitzea inoiz imajina zezakeen baino gogorragoa dela uste du Caceresek. «Hasieran, pentsatzen duzu kaleari neurria hartuko diozula, baina, bai zera. Izugarri gogorra da. Kaleak gaixotu egiten zaitu. Hil egiten zaitu. Hotza egiten duenean, noski, baina baita beroa egiten duenean ere. Kalea da hiltzen zaituena, hotza baino gehiago». Kalean bizitzeak, esate baterako, osasun kalte handiak eragin dizkio: «Buruko isuri bat izan nuen, baina hasieran ez nintzen konturatu, lo nengoela gertatu zitzaidalako. Ikusi nuen, hala ere, kosta egiten zitzaidala zenbait mugimendu egitea eta behar bezala hitz egitea». Etxegabeak kalean artatzeaz arduratzen diren gizarte hezitzaileak ere ohartu ziren zerbait ez zebilela ongi, eta Trinitarioen udal aterpetxera bidali zuten gizona. «Hona etorrita, osasun azterketa bat egin, eta erresonantzia magnetiko bat egitera bidali ninduten, lehen aldiz. Esan zidaten burmuinaren ezkerreko aldea hilda nuela, itzalita bezala». Ordutik, herrenka dabil Caceres, eta ezin ditu bere mugimenduak erabat kontrolatu. Tratamendua jarria diote, eta noizean behin, erizain batek, gizarte langile batek eta psikologo batek artatzen dute Iruñeko aterpetxean.

«Aterpera etorrita, erresonantzia magnetiko bat egin zidaten, eta esan zidaten isuria izan nuela: burmuinaren ezkerreko aldea hilda nuen, itzalita bezala».


ISRAEL CACERES Trinitarioen aterpetxean bizi den iruindarra

Jipoiak ere eman izan dizkiote. «Garai hartan, Antsoaingo urdaiazpiko fabrika batean lo egiten nuen, beste lagun batzuekin batera, eta batek aurreztuak zituen 1.800 euro. Behin, morroi bat enteratu zen diru hori hor zegoela, eta lapurtzea proposatu zidan. Nik ezetz erantzun nion. Morroia mozkor zegoen, eta kolpeka hasi zitzaidan, baina kontua ez zen hor bukatu: gauean, fabrikan lo geundela, nire gelako atea makila batekin buxatu, eta su eman zion kanpin gas bonbona bati». Onik atera zen kubatarra, baina erredura eta orban ugari dauzka gorputzean oraindik. Ordukoa da, besteak beste, lepauztaian duen koskorra. «Medikuak ikusten nauen bakoitzean esaten dit espezialista naizela bizirik irauten, eta egia da».

Oinarrizko errenta

Caceresek 63 urte ditu, eta dagoeneko ez du lan mundura itzultzeko esperantzarik. «Nork kontratatuko nau adin honekin?». Logela bat alokatzeko ere «zailtasun ugari» izan ohi ditu: «Herrenka ikusten naute, nire gorputz baldar honekin, kili-kolo, eta ez dira fidatzen. Uste dute drogatuta nagoela, eta ez naiz drogatu sekula ere». Hala ere, ez ditu kritikatzen substantziak hartzea erabakitzen dutenak: «Inor kritikatzen hasi aurretik, askok astebete eman beharko lukete kalean bizitzen, ea nola egiten dioten aurre honi guztiari». Izan ere, gauak ez ezik, egunak ere «oso zailak» direla uste du kubatarrak. «Bada jendea ohitu egiten dena bizimodu honetara; ron botila bat erosi eta gaua mozkor pasatzen dutenak. Ez da nire kasua, baina uler dezaket».

«Inor kritikatzen hasi aurretik, askok astebete eman beharko lukete kalean bizitzen, ea nola egiten dioten aurre honi guztiari».


ISRAEL CACERES Trinitarioen aterpetxean bizi den iruindarra

Oinarrizko errenta bermatua jasotzen du Caceresek, eta hori du diru sarrera bakarra. Izena emana du Nafarroako Gobernuaren programa batean, babespeko etxebizitza batean bizi ahal izateko. Bere kasua aztertzen ari dira uneotan: «Nik nahikoa dut horrekin, etxe bat izateak asko erraztuko lidake bizimodua. Ez dut gehiago eskatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.