Hotel du Palaiseko sukaldariak ukatu egin du umiliatu zutela

Esan du «lagunen arteko txantxa txiki bat» izan zela. Aurelien Largeau sukaldari nagusiak ere gezurtatu egin du zabaldutako bertsioa.

Miarritzeko Hotel du Palais
Miarritzeko Hotel du Palais. ROBERTO CHAMOSO G
jakes goikoetxea
2023ko abenduaren 29a
16:00
Entzun

Ez zen langile hasiberri bati egindako umiliazioa, «baizik lagunen arteko txantxa txiki bat». Miarritzeko (Lapurdi) Hotel du Palaiseko sukaldean biluztu eta aulki batera lotu zuten sukaldariak ukatu egin du umiliazio ekintza bat izan zenik. Lucas izena du, saltsen eta osagarrien ardura zuen Hotel du Palaiseko jatetxean, eta France Bleu irratiarekin hitz egin du.

Sud Ouest egunkariak zenbait lekukotasunetan oinarrituta zabaldutako bertsioaren arabera, iragan abenduaren 2an sukaldari hasiberri bat biluztu eta aulki batera lotu zuten Hotel du Palaiseko sukaldean; sagar bat sartu zioten ahoan, eta azenario bat jarri ipurmasailen artean; eta zenbait ordu eduki zuten horrela, sukaldeko lankideen eta Aurelien Largeau bost izarreko hoteleko sukaldari nagusiaren aurrean. Umiliazioa grabatu eta zabaldu egin zuten sare sozialetan.

Lucasek ukatu egin du: «Lagunen arteko txantxa txiki batek sekulako oihartzun mediatikoa lortu du. Gaur egun gertatzen ari denak ez du islatzen gertatu zena». Gezurtatu egin du ahoan sagar bat zuenik eta ipurmasailetan azenario bat. Gezurtatuta eta salaketarik jarri gabe ere, Jerome Bournier Baionako fiskalak ikerketa bat abiatu du argitzeko ea sexu eraso eta bortizkeria deliturik dagoen. Kolpe handia izan da harentzat, ez baitzuen uste oihartzun mediatikoa hain handia izango zenik.

Polemika sortu da, eta France Bleun hitz egin du lehen aldiz. Kexu da, inor ez delako berarekin harremanetan jarri. «Aurelien Largeaurenak dira ditudan dei bakarrak; hau guztia nola pasatzen ari naizen galdetu dit», babestu du bere nagusi ohia. Lucasek ezin du lo egin, eta salatu du sare sozialetan jazartzen ari zaizkiola. 

Largeau, «hondoa jota»

Aurelien Largeauk ere hitz egin du. Gutun bat bidali dio France Bleuri. Bere kontrako akusazio guztiak ukatu ditu: «Kontatutakoek ez dute islatzen, inolaz ere, errealitatea». «Hondoa jota» dago, bere irudiaren eta ohorearen kontrako «erasoengatik», gertaera faltsuetan oinarritu direla esanda. Edonolako tratu txarren eta umiliazioen kontra dagoela dio. Bere defentsa antolatzen ari da, abokatuekin. Hotel du Palais kudeatzen duen taldeak, Hyatt taldeak, kaleratu egin zuen Largeau, gertatutakoaren berri izandakoan.

Lucasek utzi egin zuen Hotel du Palais. Lan berri batean ari da. Hotel du Palais utzi du, baina, haren esanetan, ez abenduaren 2an gertatutakoagatik, erabaki profesional batengatik baizik, bere borondatez: «Bi urte neramatzan Aurelien Largeaurekin lanean, eta sukaldaritza berri bat aurkitzeko garaia da, hobetzeko». Largeau goraipatu du. «Taldea uztea izan da nire bizitzan har nezakeen erabaki okerrena», onartu du, «bera baita nire ibilbidean izan nezakeen sukaldari bikainena ere». Parisko jatetxe batean lan egiten ari da. Haraino iritsi da Miarritzeko eskandaluaren oihartzuna. «Nire jatetxean ibiltzen naizenean, gogor epaitzen naute». 

Gertatuaren lehen bertsioaren arabera, Lucasen argazkiak eta bideoak zabaldu zituzten sare sozialetan. Berak ez du argazkirik eta bideorik ikusi edo jaso. «Sare sozialetan ez da ezer argitaratu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.