Lasa eta Zabala: 40. urteurrena. Hedabideak

Horrorea zelan kontatu

Kazetaritzak garrantzi handia izan zuen Lasaren eta Zabalaren auzian, eta, oro har, GALen aferan. Zenbait hedabidetan agertutako informazioei esker lortu zen GALen barrunbeak argitara ateratzea eta auzibide batzuk abiaraztea.

Rodriguez Galindo jenerala, auzitegirako bidean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren hilketen auzian eta, oro har, GALen aferan garrantzi handia izan zuten hedabideek: kontatu zutenagatik, eta isildu zutenagatik. Urte askoan, kazetaritzak izugarri lagundu zuen gerra zikinaren barrunbeak azaleratzen. Inoiz esan da GALen hilketak ikertzea kazetari batzuen lana izan zela, justiziarena edo Poliziarena baino gehiago; eta azken berrogei urteetako historiari erreparatuta, ez dirudi baieztapen hori gehiegikeria denik.

Ikusi gehiago:AHANZTURAK HAR EZ DITZAN

Ez zen beti hala izan, eta hedabide guztiek ez zuten berdin jokatu GALen arrastoak iraun zuen bitartean. 1983ko urriaren 31n, Tiempo aldizkariak 77. zenbakia argitaratu zuen, eta azalean izenburu deigarria zekarren: «Piztu da ETAren kontrako gerra zikina, gobernuaren eta Fragaren arteko adostasunarekin». Carlos Carnicero, Antonio Trujillo eta Isabel Martinez kazetariek sinatzen zuten barruko erreportajea: han argi azaltzen da Felipe Gonzalezen gobernuak «oniritzia» eman ziola Ipar Euskal Herrian ETAren kontrako operazioak egiten hasteari, Jose Maria Larretxea bahitzeko saialdia proba moduko bat izan zela, eta planak bazuela AP Aliantza Popularreko presidente eta oposizioko buru Manuel Fragaren oniritzia ere.

Aldizkaria argitaratu zenerako, Lasak eta Zabalak bi aste zeramatzaten desagerturik. Erreportajean kasua aipatzen dute, iristear zegoen gerra zikinaren beste olatu baten adibide gisa, eta esaten dute horren kontrako protestak «ahulak» izan direla Euskal Herrian: «Euskal Herrian gerra zikinari babesa emango dion giro soziala prest dago, neurri batean behintzat».

«Ez dakit Tiempo aldizkariko erreportaje horri zergatik ez zaion garrantzi handiagoa eman; hemen zehatz-mehatz azaltzen da GALekin hurrengo urteetan zer gertatuko zen. Argi ikusten da plan bat zegoela». Jose Felix Azurmendi mintzo da horrela (Durango, Bizkaia, 1941). Hark dauka gordeta Tiempo aldizkariaren alea. Azalean ohar bat ageri da, eskuz idatzia: «Javier Sanchez Erauskin, 3. modulua». Sanchez Erauskin Punto y Hora aldizkariko editorea zen, eta espetxean zegoen 1983ko apiriletik, aldizkarian argitaratutako bi artikulurengatik. Espetxean jaso zuen Tiempo-ren alea, eta geroago Azurmendiren eskuetan utzi.

«Harridura»

Egin egunkariko zuzendaria izan zen Azurmendi 1980tik 1987ra: «Lasarena eta Zabalarena gertatu zenean, errefuxiatuak harritu egin ziren lehenengo, nire ustez. Ez ziren ETAko kide ezagun edo garrantzitsuak, eta errefuxiatu gehienek pentsatu zuten baldin eta haiek horrela desagerrarazi bazituzten GALekoak edozer gauza egiteko gai zirela».

Egin-era ere iristen ziren gerra zikinari buruzko informazioak. Adibidez, GALek Bixente Perurena eta Angel Gurmindo hil zituen egunean, lekuko batek egunkarira deitu zuen, eta esan mugan mugimendu arraroak ikusi zituela, eta pertsona batzuk auto batetik atera eta Guardia Zibilaren auto batera sartu zirela: «Xabier Salutregi eta Xabier Oleaga kazetariak bidali genituen hara».

Bestalde, Egin izan zen Genaro Gallego Galindo izen faltsuaren atzean Jose Amedo polizia ezkutatzen zela argitaratu zuen lehen hedabidea. Horretarako, Portugalgo Expreso egunkariko kazetari baten laguntza izan zuten.

1990eko hamarkadan, El Mundo izan zen GALen inguruko ikerketa eta informazio ezkutu gehien argitaratu zuen egunkaria, batez ere Melchor Miralles kazetariaren bidez. «Nik uste dut Mirallesek-eta lan handia egin zutela garai hartan, eta ondo aritu zirela», azaldu du Azurmendik. «Egia da horri esker protagonismo handia eskuratu zutela, eta guk Egin-en ez genuen protagonismorik nahi, alderantziz baizik. Gainera, ikerketa lana garestia da, eta guk ez genuen dirurik horretarako».

Antonio Rubio (Melilla, Espainia, 1951) Interviu aldizkarian zegoen GAL hasi zenean. 1993an El Mundo egunkarian hasi zen, erredaktoreburu lehenbizi, eta ikerketa zuzendariorde geroago. Hark ere rol garrantzitsua izan zuen GALen barrunbeak ikertzeko orduan. 2021ean, GAL: el triángulo (GAL: hirukia) izeneko podcasta abiatu zuen, eta han jaso ditu aferari buruzko ikerketen emaitzak.

Ikusi gehiago:Bizitza, beldurraren gainetik

«Kazetari talde batek egia jakiteko konpromisoa hartu genuen. Horretarako denbora behar da, eta, denboraren poderioz, egiaren atal batzuen berri jakin dugu, baina uste dut oraindik ez dugula egia osoa jakingo. Manuel Vazquez Montalbanek zioen moduan, GALen auziaren itzala Espainiako demokraziaren gainean dago, eta hala izango da egia osoa azaleratzen ez den bitartean», azaldu du Rubiok.

Haren ustez, Lasaren eta Zabalaren desagertzea 1983an izandako beste zenbait gertaerarekin batera aztertu behar da ondo ulertzeko: adibidez, Espainiako Barne Ministerioak 1983ko otsailean ZEN plana izenekoa onartu izana. ETAren kontrako borrokaren ildo nagusiak marraztu zituzten plan hartan, eta informazioa lortzea, «ekintza psikologikoak» egitea eta antzekoak aipatzen ziren.

Rubiok dio garai hartako giro politikoa ere aintzat hartu beharrekoa dela, eta Fragak orduan egindako adierazpen bat ekarri du gogora: «Hobe da gobernu batek eskuak odolez zikindurik edukitzea, ezen ez Pilatosen moduan garbi edukitzea».

Gorpuen identifikazioa

1983tik 1995era, desagertutako bi gazteen auzia isiltasun geruza astun batek estali zuen, baina aferak beste jite bat hartu zuen 1995eko udaberrian: Prentsan Jose Amedo polizia eta GALeko kidearen adierazpen batzuk irakurrita, Jesus Garcia izeneko komisarioari susmoa egin zitzaion, hamar urte lehenago Busoten (Alacant, Herrialde Katalanak) agertutako gorpuzkiak Lasa eta Zabalarenak izan zitezkeela. Auzi medikuaren azterketak susmo horiek baieztatu zituen.

Garai hartan, Azurmendi Deia-ko zuzendariordea zen. Gorka Agirre EAJko kide historikoak telefonoz deitu zion, eta ezusteko albistearen berri eman: Lasaren eta Zabalaren gorpuzkiak agertuak ziren, baina azkar ibili beharra zegoen, bazitekeelako beste hedabide batzuk, eta bereziki El Mundo, jakinaren gainean egotea jada. Azurmendik Deia-ko orduko zuzendari Anton Egiarekin hitz egin zuen, eta albistea berehala argitaratu behar zela ohartarazten saiatu: «Egia urduri jarri zen, kontua oso delikatua zelako, baina, azkenean, orri oso bat eman zidan, eta biharamunean argitaratu zen informazioa, neuk sinatuta».

Deia-k emandako informazio hark sekulako oihartzuna izan zuen: «Iñaki Gabilondo kazetaria 06:00etatik aritu zen irratian horren inguruan. Handik ordu gutxira, El Mundo-k edizio berezi bat argitaratu zuen, argazkiak eta berriari buruzko xehetasun asko bilduta, albistea lehenagotik egina zuten seinale. Zergatik ez zuten lehenago argitaratu? Ez dakit, baina egun hartan [Juan Carlos Borboikoa] erregearen alaba zaharrena ezkontzekoa zen, eta, agian, pentsatuko zuten ez zela egokiena albiste hori orduan argitaratzea».

Epaiketa

Gorpuzkiak identifikatzeak sekulako bultzada eman zion auziari, eta 1999ko abenduan iritsi zen epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ikusmina handia zen, eta hedabide askok kazetariak bidali zituzten hara, epaiketaren berri ematera.

Marian Beitialarrangoitia (Legazpi, Gipuzkoa, 1968) Euskadi Irratian zegoen lanean, ordezkapenak egiten, eta hari egokitu zitzaion Madrildik epiketaren berri ematea: «Jakin-mina bazegoen. Gaur egun pentsaezina dirudien arren, orduan bazeuden Espainiako zenbait hedabide —El Mundo, adibidez— GALi buruzko informazio asko plazaratu zutenak».

Daniel Gomez Amat (Bartzelona, 1971) Catalunya Radio irratiak Madrilen zuen ordezkaritzako kidea zen: «Garai hartan, Auzitegi Nazionala ez zegoen prestaturik kazetariek epaiketei zuzenean erreparatzeko. Hura lehenengoetako bat izan zen. Horregatik, ikus-entzunezkoetako kazetariok aldameneko gela txiki batean sartu gintuzten, eta handik aritu ginen lanean».

Epaiketak ezusteko handiak utzi zituen. Esate baterako, akusatuetako bat, Felipe Bayo guardia zibila, aulki gurpildun batean azaldu zen, «drogatuta egoteko itxurarekin, galtzontzillotan eta pijama jaka jantzita», Gomezek gogoratzen duenez; antza denez, epaiketa atzeratzeko amarru bat izan zen hura, baina ez zuen lortu helburua: «Askok pentsatu genuen Bayok atzera egingo zuela instrukzio fasean Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneralaren eta Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibil ohiaren kontra egindako adierazpenetan, eta hala izan zen», azaldu du Gomezek. «Elkar babesteko itun moduko bat egon zen».

Mavi Doñate (Zaragoza, Espainia, 1971) RTVEko berriemaile berezia izan da Asian, eta, gaur egun, Frantzian dihardu lan horretan. 1999an TVEko albistegietan hasi zen beharrean, eta haren estreinako lanetako bat izan zen epaiketa haren berri ematea. Dioenez, akusatuak «lasai» zeuden: «Ez dakit ohartzen ote ziren egin zutena gaizki zegoela. Haien iritziz, hura gerra bat izan zen, eta pentsatzen zuten testuinguru horretan gerra zikina zilegi zela, ETAk ere Guardia Zibilaren kontra oso gogor jotzen zuelako. Nire ustez, bazuten justiziak hori ulertuko zuelako konfiantza».

Galindoren adierazpenak bereziki deigarriak izan ziren: haren menpeko guardia zibilak goraipatu zituen, esan zuen haien moduko dozena erdi gizonekin «Hego Amerika berriro konkistatzeko» gai zela, eta zin egin zuen errugabea zela: «Jainkoagatik eta nire ohoreagatik».

Epaiketako ezustekorik handiena Garcia komisarioak deklaratu behar zuen egunean iritsi zen: Iñigo Iruin abokatuaren galderei erantzuten ari zelarik hil zen, presioari eutsi ezinik eta bihotzekoak jota. «Bat-batean, aurpegia gorritu zitzaion, burua atzera bota zuen, eta zuzenean hiltzen ikusi genuen», esan du Gomezek. «Auzi mediku bat sartu zen suspertzen saiatzera, baina hilda zegoen jada». Doñatek gogoratzen du inpresio handia eragin ziola horrek, eta «dardarka» zegoela erredakzioan horri buruzko bideoa muntatzen ari zenean: «Oso paradoxikoa eta bidegabea izan zen; hura izan zen auzia epaiketara iristeko modua eman zuena, baina heriotza zain zeukan epaitegian».

Andres Cassinello Guardia Zibilaren teniente jenerala egunero joaten zen epaiketara: «Oso diskretua zen, eta lekukoekin hizketan aritzen zen», gogoratu du Beitialarrangoitiak. «Beti geldituko zait zalantza hori: Cassinello zertara joaten zen, zer funtzio betetzen zuen epaiketan eta noraino baldintzatu zuen han gertatutakoa». Gomezen arabera, kaleko jantzita joaten zen, «baina Guardia Zibilaren eta militarren koloreak gogora ekartzen zituen jantzi berde batekin».

Epaia apirilaren 26an plazaratu zuten. Zigorrak oso handiak ziren: orotara, 365 urteren espetxe zigorrak bost akusatuentzat: « Zigorrak hain handiak izateak harritu ninduen. Badakit orain esatea erraza dela, baina orduan pentsatu nuen zigortutako gehienak edo guztiak kalean egongo zirela urte gutxiren buruan», azaldu du Gomezek. Hala izan zen. Galindok, adibidez, lau urte eman zuen espetxean, «bi urte hilketa bakoitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.