Aparteko nobedaderik gabea da Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren diagnostikoa aurten ere: azken hamar urteotan behin eta berriz bistaratu diren trabak eta hutsuneak erregistratu zituzten 2023an. Hizkuntz Eskubideen Egoera 2023 izeneko txostena aurkeztu dute Iruñean, eta bertan jaso dituzte herritarrek iaz helarazitako askotariko intzidentziak. 987 kasu dira guztira, kexak gehien-gehienak: 909. «Datuek esaten digute oztopo eta muga berberekin jarraitzen dugula Euskal Herrian. Izan euskara erabiltzeko, izan euskaraz ikasteko, izan euskaraz bizitzeko», adierazi du Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak. Bildutako kexen %75 baino gehiago administrazioari loturikoak dira: 596.
«Euskara ezagutzen ez dutenek baldintzatzen dute euskararen etorkizuna, bai eta oraingo eta etorkizuneko hizkuntz eskubideen etorkizuna ere».
AGURNE GAUBEKABehatokiko zuzendaria
Zehazki, 2022an baino 67 kexa gutxiago jaso ziren iaz, baina Gaubekak ohartarazi du horrek ez duela zertan adierazi urraketa kopurua egiazki apaldu denik. Behatokiaren txostenean idatzia denez, aintzat hartu behar da «arrakala» dagoela datuen eta errealitatearen artean. Gainera, nabarmendu dute bistakoa dela herritar askok, zerbitzu asko euskaraz jasotzeko zailtasunez jakitun, zuzenean egiten dutela erdarazko hautua zenbait esparrutan, kalteen beldur.
Oztopoei kontra egiteko lan egiten segitu beharra azpimarratu du Gaubekak, are eta gehiago azkenaldian agerian gelditu diren zenbait joera ikusirik. Besteak beste, «euskararen kontrako oldarraldi judiziala» eta euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentzia apala aipatu ditu zuzendariak. «Euskara ezagutzen ez dutenek baldintzatzen dute euskararen etorkizuna, bai eta oraingo eta etorkizuneko hizkuntz eskubideen etorkizuna ere». Gaubekaren iritziz, horiek eta beste uzten ditu agerian 2023ko txostenak, alor orotan.
Administrazioa
Askotariko administrazioei loturiko kexak bildu ditu Behatokiak, eta ondorioztatu dute horietan guztietan dela nekeza euskarazko zerbitzua jasotzea. Zernahi prozedura egiteko, ohikoa da herritarrari eskatzea erdaraz egiteko, eta sarri ez dago euskarazko inolako euskarririk; zenbaitetan, euskarazko edukiak daudenetan, itzulpen trakets edo akastunak izaten dira. Urraketen kasurik muturrekoenak Espainiako Gobernua eta Frantziako Gobernua dira. Ipar Euskal Herrian euskarak legearen aurrean duen aitortzarik ezaren ondorioz, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako euskaldunek ezintasun ia erabatekoa dute administrazioetan euskara erabiltzeko, eta frantses hutsean jasotzen dituzte jakinarazpen eta dokumentu ia guztiak. Nafarroan, adibidez, webgune eta euskarri digital askotan ez dago euskarazko bertsiorik, betebeharra daukaten arren.
Osasungintza
Behatokiak jaso duenez, hizkuntz eskubideen urraketak agerikoak dira lehen arretan, baina are eta nabarmenagoak dira espezialitateetan. Edonola ere, maila guztietan atzeman dituzte gabeziak: Osasunbidean, adibidez, euskara falta da karteletan, eta eremu euskalduneko herritarrek ere ez dute bermaturik euskarazko arta –euskara ez baitzaie eskatzen langile gehienei, eta, sarri, euskara ez baita merezimendua ere–.
Segurtasuna eta herrizaingoa
Eremu guztietan urratzen dira hizkuntz eskubideak. Behatokiaren arabera, «euskarak ez dauka lekurik» esparru horretan; ez arretan, ez batera edo bestera Poliziarekin egin beharreko prozedurak egiteko garaian. Adibidez, Ertzaintzak baditu hizkuntzari loturiko protokolo batzuk, baina askotan ez dituzte betetzen, kexetan jaso dutenez. Bestalde, zenbait herritarrek salatu dute Foruzaingoak ez dituela erantzun ere egiten euskarari loturiko eskeak. Datu bat ere eman du Behatokiak: Foruzaingoan, postuen %2tan baizik ez da eskatzen euskaraz jakitea. Gainera, Poliziarekin oro har piztu ohi den beste gatazka bat plazaratu du Behatokiak: euskarazko tratua eskatzean, oldartze gisa hartzen dute hori poliziek, eta ez hizkuntza eskubide baten aldarrikapen modura. Zenbait herritarrek «tratu eskasa» salatu dute.
Hezkuntza
Ipar Euskal Herriari loturiko auzi bat jaso du Behatokiak, batik bat: brebetarena. 2023an erdietsi zen, hain justu, azterketa horiek euskaraz egin ahal izatea, baina txostenak jasotzen du trabak ez direla desagertu. Besteak beste, ikasleei esana zaie frantses hutsean jaso beharko dituztela hainbat azalpen. Bestalde, oraindik ez da posible baxoa euskaraz egitea. Gainera, Nafarroan D ereduko lerro gehiago zabaldu ezinari loturiko zenbait kexa ere bildu dituzte dokumentuan. Behatokiaren esanetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bermatuago daude zenbait eskubide, baina honelakorik ere bistaratu du iritzi bilketak: dislexia detektatzeko probak ez dira behar bezala eskaintzen euskaraz, eta berdin gertatzen da Bigarren Hezkuntzan adimen gaitasun handia detektatzeko probekin ere; euskaraz homologatu gabe dira oraindik.
Kultura, aisia eta kirola
Oro har, euskarazko eskaintza askoz ere apalagoa da erdarazkoa baino, eta desoreka are eta nabarmenagoa da adinean aurrera egin ahala. Haur txiki izateari utzi eta nerabezarora hurbildu heinean, gero eta aukera gutxiago dira euskaraz. Zinemari eta ikus-entzunezko plataformei dagokienez, apenas dagoen euskarazko edukirik, eta herritar ugarik salatu dute euskarara ekarritakoetan bistakoak direla akatsak eta trakeskeria.
Eremu sozioekonomikoa
Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, erabiltzaileen eta kontsumitzaileen legeek ez dituzte aintzat hartzen hizkuntz eskubideekin loturiko urraketak, eta horretaz kexu dira zenbait herritar. Hori bakarrik ez: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan legeak jasotzen ditu halakoak, baina, txostenaren arabera, atzerapausoak izan dira azkenaldian. Horren ondorioz, zaildu egin da merkataritza gune handietan euskarazko zerbitzuak jaso ahal izatea.
Erlazionatuta