Hordagoa handira Bilbon, euskal prentsa babesteko

Kanpaina aurkeztu dute BERRIAk eta Hor Dago Abante konpartsak, Bilbo inguruan 300 BERRIAlagun berri lortzeko. Lehenengo urtean 25 euro baino ez dute ordaindu behar izango BERRIAlagun izateko; gainerakoa konpartsak jarriko du.

Kanpaina aurkezteko egindako ekitaldia. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2024ko otsailaren 28a
20:30
Entzun

«Herri ekimenari esker sortu zen BERRIA. Athleticen ereserkiak dioen moduan, herritik sortu zinelako maite zaitu herriak». Kalderapeko aretoa betetzen duen jendeak barre egin du Mikel Martinez aktorearen ateraldiarekin. BERRIAk eta Hor Dago Abante konpartsak «kanpaina txiki polita» atondu dute Bilbo inguruan; horren berri emateko antolatutako ekitaldian, Martinezi egokitu zaizkio aurkezle lanak.

Iazko ekainean, hogei urte bete zituen euskarazko egunkari nazionalak, eta, urteurrenaren bultzada baliatuz, jauzi handia egin zuen joan den azaroaren 20an: diseinua berriztatu, paperezko egunkariaren zein edizio digitalaren eskaintza hobetu, eta urrats handia egin zuen kalitatezko informazioa euskaraz emateko langintzan. Baina, aldaketak aldaketa, 2011n hartutako erabakiari eutsi dio, eta segitzen du sarean plazaratzen dituen eduki guztiak libre, doan eta modu irekian eskaintzen. Izan ere, euskararen biziberritzearen ikuspegitik, estrategikotzat jotzen du BERRIAk euskaldun guztiek euskarazko informazioa jasotzeko aukera izatea.

Doan eskaintzen ditu BERRIAk sareko eduki guztiak, baina proiektuari eustea ez da doakoa: atzean lantalde oso bat dago, baliabide material eta teknologiko ugari behar dira, eta horrek guztiak kostu bat dakar. Horregatik, eskaintza berrizteaz batera, egunkariak adierazi zuen 2025erako 3.000 BERRIAlagun berri behar dituela egitasmoaren etorkizuna eta independentzia bermatzeko, eta horien bila zihoala. BERRIAren komunitatea osatzen dutenak dira BERRIAlagunak, haien ekarpenaren bidez euskarazko egunkari nazionalaren egitasmoa posible egiten dutenak.

Kanpaina honetan, BERRIA eta Hor Dago Abante konpartsa elkar hartuta doaz. Bilboko konpartsa euskaltzalea da Hor Dago Abante, 1992an sortua, batez ere, Iñaki Uriarte Euskaldunon Egunkaria-ren Bizkaiko ordezkari zenaren ekimenari esker. Hastapenetan, Euskaldunon Egunkaria-ri sostengua ematea zen konpartsaren zeregin nagusia; gaur egun, Bilbo inguruan euskal prentsa sustatzea du xede, eta horretara bideratzen ditu Aste Nagusian jarritako txosnaren bidez eta beste zenbait ekitalditan lortutako baliabideak.

Ekarpena itzultzea

Bilbotarrek Aste Nagusian egindako ekarpena bilbotarrei itzultzea ere bada konpartsaren asmoa, eta ideia horretatik sortu da oraingo kanpaina: BERRIAlagunek ehun euroko kuota ordaindu ohi dute urtero, baina, konpartsari esker, Bilbo inguruko BERRIAlagun berriek lehenengo urtean 25 euro baino ez dute ordaindu behar izango BERRIAlagun izateko. Gainerako 75 euroak Hor Dago Abantek jarriko ditu, bilbotarrek Aste Nagusian erakutsitako elkartasuna sarituz. 2025erako 3.000 BERRIAlagun berri lortzeko xede horretan, Bilbo inguruan 300 lortu nahi dituzte kanpaina berriarekin.

Kanpainaren aurkezpena Kalderapekon egin dute, AEKk Bilboko Zazpikaleetan duen egoitzan. Bilboko eragile, euskalgintzako kide eta BERRIAlagun ugarik parte hartu dute. Han izan dira AEK, Zenbat Gara, Auzotik Auzora Euskaraz, Berbaizu eta beste zenbait elkartetako ordezkariak, gainerako konpartsa batzuetako kideak, BERRIAren komunitateko lagunak eta abar.

«Bilbo euskalduntzeko asmoa dugu, eta badakigu anbizio handiko helburua dela», azaldu du Haizea Jubeto Hor Dago Abante konpartsako kideak. «Gure konpartsaren izenean hordago hitza ageri da; ezin genuen gutxiago izan eta hordagoa handira jo dugu; 300 pertsonari erraztuko diegu sarrera BERRIAren komunitatean».

Iraide Azpitarte konpartsakideak, berriz, gogorarazi du euskarak ez dituela «garai onak» bizi: «Euskarak beti ditu fronte asko irekita, eta epaitegietako oldarraldi betean dago egun». Hain zuzen ere, horixe izan zen konpartsaren gai nagusia aurtengo aratusteetan: «Umorea ez digute lapurtu». Dei egin die Bilbo inguruko euskaldunei Hor Dago Abanterekin bat egiteko: «Gurea konpartsa irekia da, euskaraz gozatu, dantza egin eta parranda egin nahi duen edonorentzat».

Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendariak ere hitza hartu du, eta egunkarian izandako aldaketak aletu ditu: «BERRIArentzat sekulako iraultza izan da prozesu hau. Baina gauza bat ez da aldatu: euskaldunei kalitatezko egunkari bat, gertukoa eta fidagarria eskaintzeko gure borondatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.