Egitasmo berria sortu dute Nafarroan, euskararen aldeko aldarriei bidea emateko: Hordago! izena eman diote ekinbideari, eta herrialde osoan eragin nahi dute, hegoaldetik iparraldera eta mendebaldetik ekialdera, hizkuntza eskubideak ardatz gisa hartuta. Hain zuzen, hegoaldekoen den herria aukeratu dute aurkezpena egiteko: Cortes.
«Erronka bota nahi dugu, punta batetik bertzera. Foru komunitateko leku, herri, kontzeju, hiribildu eta hiri guztiak zeharkatuz; eta hordago horrek lau haizeetara zabalduko du aurrera urratsak egin nahi ditugula, edozein nafarrek, edonon dagoela eta edonon bizi dela, lurralde osoan euskara ezagutu eta erabiltzeko duen eskubidea praktikan jartzea eragozten duten oztopo guztiak kentzeko», irakur daiteke elkartearen sortze-agirian, Cortesko adierazpena izena eman dioten horretan, alegia.
Hizkuntz eskubideak bermatze aldera, Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioa «oztopo handia» dela uste dute Hordago egitasmoaren sustatzaileek: «Zonifikazio hori bidegabea zen duela lau hamarkada, eta orain, gainera, anakronikoa ere bada». Banaketa administratibo hori «diskriminazio, desberdinkeria eta desadostasun iturri» dela adierazi dute.
Horri aurre egite aldera, «hordago handira» jo nahi dute Cortesko adierazpenaren sinatzaileek: «Justizia nahi dugu, Nafarroan inongo bereizkeriarik egon ez dadin, ezta arrazoi linguistikoengatik ere. Denok berdinak izanen garen lurralde batean bizi nahi dugu: berdinak betebeharretan, berdinak eskubideetan, Nafarroako zein eremutan gauden kontuan hartu gabe».
Erakunde sortu berriaren arduradunen esanetan, errealitate soziolinguistikoa ezin da aitzakia izan hizkuntza eskubideak murrizteko: «Euskara dakiten pertsonen kopurua txikia izateak ez du zilegitasunik ematen beren eskubideak urratzeko. Eskubideak pertsona guztiei dagozkie leku guztietan. Eta, horregatik, justiziagatik, eskatzen dugu euskaraz bizi nahi duten pertsonak ez ditzatela tratatu bigarren mailako herritarren gisara».
Nafarroan, euskarak eta gaztelaniak «parez pare» egon beharko luketela aldarrikatu dute, gainera: «Guk, Cortestik, Nafarroako hegoaldetik, aldarrikatzen dugu bi hizkuntzek parez pare egon behar dutela, eta halaxe izan behar dutela tratatuak; ez bata goian eta bertzea behean, baizik eta parean. Euskara Nafarroako nortasunaren berezko parte da, bere izatearen eta bertakoen zati bat, ezin baita bata bertzea gabe ulertu, euskararik gabe Nafarroa, Nafarroarik gabe euskara».
Horregatik, zonifikazioari «hordagoa jo» nahi diotela esan dute agiria sinatu duten eragile eta norbanakoek, «karta onak» dituztela sinetsita: «Bereizkeriarik, segregaziorik edo eskubideen urraketarik gabeko etorkizuna irabazi nahi dugu. Euskaraz bizi, euskaraz lan egin, euskaraz jokatu eta euskaraz maitatu nahi duten nafarrek halaxe egitea posible izanen duten etorkizuna. Lurraldea eta gizartea zatikatuta izanen ez diren etorkizun bat. Beraz, gaur hordagoa jotzen diogu Nafarroako euskararen zonifikazioari».
Azkenik, dei egin diete Nafarroako udalerri guztietako biztanle eta alor guztietako eragileei, Cortesko adierazpenarekin bat egin dezaten: «Animatzen ditugu eskaera hau beren esparruetan zabal dezaten, eta osa dezaten beren ikuspegitik eta beren eskaerekin». Datozen hilabeteetan, gainera, «ekintza eta mobilizazio gehiago» izanen direla iragarri dute, eta horietan parte hartzera dei egin diete herritarrei.