Hor segitzen du dinosauroak

Iruñeko Erorien Monumentua eraistearen aldeko hotsak ozendu dira azkenaldian, baina badira mausoleo frankista memoria gune bihurtzea proposatzen dutenak ere.

Iragan ostiralean protesta egin zuten Nafarroako 26 elkarte memorialistak Iruñean, Erorien Monumentua eraits dezatela eskatzeko. IÑIGO URIZ / FOKU
Iragan ostiralean protesta egin zuten Nafarroako 26 elkarte memorialistak Iruñean, Erorien Monumentua eraits dezatela eskatzeko. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
Iruñea
2024ko apirilaren 7a
05:00
Entzun

Txantxarra haginean nola, Iruñeko paisaian eta historian iltzatuta dago Erorien Monumentua. 82 urte dira frankismoak mausoleo erraldoi hori eraiki zuela, altxamendu militarrean parte hartu zutenak omentzeko eta Emilio Mola eta Jose Sanjurjo kolpisten gorpuak ohore guztiz hobiratzeko. Ordutik, monumentuaren itzal luzea egunero ikusi dute iruindarrek, hiriko ia edozein tokitatik begiratzen zutela ere.

2015ean, UPNri aginte makila kendu izanak zirrikitu bat zabaldu zuen auziari behingoz heltzeko eta eremua ikonografia eta mezu faxistez garbitzeko —ordura arte, ikur frankistak oihalekin estaltzea eta eraikina «erakusketa areto» bihurtzea izan zen Yolanda Barcina eta Enrique Maia alkateek egin zuten bakarra, 2007ko Memoriaren Legeak behartuta—. Joseba Asironen udal gobernuak mausoleotik atera zituen Mola eta Sanjurjoren gorpuzkiak, eta lehiaketa bat abiatu zuen monumentua eraisteko edo eraldatzeko —zazpi proiektu iritsi ziren finalera—. Prozesu hura, baina, etenda gelditu zen Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpen bat tarteko, eta UPNk, atzera ere alkatetzara itzulita, bazter utzi zuen 2019an. Hasierako puntura itzuli zen auzia. Ordutik, beste bost urte igaro dira, UPN jada ez dago alkatetzan, baina hor dago oraindik Erorien Monumentua, Augusto Monterrosoren ipuineko dinosauroa bezala.

EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeek konpromisoa hartu dute 2019an etendako bideari berriz heltzeko. Asiron alkateak berak esana du parte-hartze prozesua burutuko dutela, eta herritarrek aukera izanen dutela eremua zaharberritzeko proiektuen artean hautatzeko. Zenbait talde memorialistak, ordea, kezka agertu dute: uste dute monumentua eraistea dela konponbide egoki bakarra, eta arrasto frankista oro desagerrarazita soilik lortuko dela zauri hori orbaintzea.

Protesta ostiralean

«Eraikin honek biktimagileen oroimena betikotzen du, eta biktimena ezabatu; eta haiengatik, biktimengatik, eraitsi beharko litzateke», aldarrikatu zuen Amaia Lergak, Nafse-36 Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko kideak, iragan ostiralean. Nafarroako 26 elkarte memorialistak manifestu bateratua sinatu dute Erorien Monumentua eraisteko eskatuz, eta agerraldia egin zuten ostiralean, eraikinaren aurrealdean. Nafse-36rekin batera, protesta ekintzan parte hartu zuten, besteak beste, Txinparta, Bideko Mitxingorria, Euskal Memoria, Erreniegako Hilobiak, Altafaylla, Orreaga eta Maravillas Lamberto elkarteek, Caidos eraitsi orain leloa zeraman pankarta baten atzean.

Prozesio baten itxura eman zioten protestari, eta Jose Ramon Urtasun pintorearen 36 margolan erakutsi zituzten, gogorarazteko eraikinak zer sinbolizatzen duen. 1936ko gerrako eta frankismoko pasarteak irudikatzen ditu Urtasunek bere koadroetan: fusilamenduak, errepresioa, lan behartuak, bortxaketak, umiliazioak... Horiek kalera aterata, eztabaida publikoa «dinamizatu» nahi izan dutela adierazi zuen Lergak ostiraleko ekitaldian: «2024. urtean jada ez genuke honetaz eztabaidatu behar, baina egin behar bada, eginen dugu. Antolatzen den edozein prozesutan parte hartuko dugu, gure helburu bakarra baita egia, justizia eta ordaina bermatzea». Lergaren irudiko, Erorien Monumentua eraits dezatela eskatzea «pazifismo ekintza bat» ere bada.

«Eraikin honek biktimagileen oroimena betikotzen du, eta biktimena ezabatu; eraitsi beharko litzateke».

AMAIA LERGANafse-36 elkarteko kidea

Zazpi proiektu arkitektoniko aurkeztu ziren 2015-2019ko agintaldian abiatutako lehiaketara. Horietako batzuek planteatzen zuten eraikinaren egitura bere horretan uztea eta barnealdea egokitzea, museo bat, historiaren interpretazio zentro bat edo zentro zibiko bat izan zedin. Beste hautagai batzuek eraldaketa sakonagoak proposatzen zituzten; besteak beste, eraikinaren zenbait zati eraistea. Proiektu bakar batek planteatu zuen eraikina osorik eraistea.

Manifestua sinatu duten 26 elkarte memorialistentzat, hori litzateke aukera onargarri bakarra. Ez dute uste monumentuaren esanahia alda daitekeenik, Erorien Monumentua diseinatua eta eraikia izan baitzen «faxismoaren panteoi erraldoi» gisara: «Erabilera edo zentzu berri bat eman nahi izateak talka egiten du eraikinaren esentziarekin berarekin: faxismoaren goratze materiala eta sinbolikoa», adierazi dute agirian.

Eraitsi ordez, «profanatu»

Eraistearen aldeko joera nagusi da memoria historikoaren esparruan diharduten eragileen artean, baina ez da bakarra. Bada bestelako proposamenak mahai gainean jarri duenik ere. 2018an, esate baterako, Caidos Irauli ekinbidea sortu zuten antimilitarismoaren, memoriaren, historiaren eta unibertsitatearen alorretako zenbait adituk, eta argudiatu zuten eraikina «tresna bat» izan daitekeela belaunaldi berriei erakusteko zer izan zen «errepresioan oinarritutako pentsamolde faxista; are gehiago, mundu osoan faxismoaren gorakada ikusten ari garen garaiotan».

«Eraikina iraingarria da, baina botatzea baino interesgarriagoa eta eraginkorragoa iruditzen zaigu hura profanatzea».

'CAIDOS' IRAULI ekinbidea

Talde honek ez du eraikina bere horretan mantendu nahi, ezta «adabakiak jarri» ere: goitik beherako eraldaketa proposatzen dute. «Eraikina, orain dagoen bezala, iraingarria eta mingarria da, baina iruditzen zaigu mausoleoa erabat botatzea baino interesgarriagoa eta eraginkorragoa izan daitekeela hura profanatzea», azaldu du taldeak.

«Iraultza bat planteatzen dugu: batetik, ezinbestekoa da eremua eraldatzea, kanpotik ikus dadin hura jada ez dela faxismoari gorazarre egiteko toki bat; bestetik, barrutik ere aldatu beharko litzateke espazioa, baina ez edonola». Izan ere, edozein aldaketa «oroimen historikoaren prismatik» egin beharko litzatekeela uste dute ekinbideko kideek: «Konponbidea ezin da izan parke soil bat edo zentro zibiko bat eraikitzea. Monumentuaren historia beltzak berak beharrezko egiten du memoria historikoaren bidetik ekitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.