“Epaiketa eguna abenduaren 28ra atzeratzea eskatu dugun arren, ez dute onartu; askoz egun egoki eta dibertigarriagoa iruditzen zaigu broma, bufoikeria eta gurutzatutako edo gurutzatu gabeko panpinei buruz aritzeko, baina ez dute onartu”. Umorea galdu gabe joango dira Bizkaiko Auzitegira, asteartean, Hontzak konpartsako ordezkariak. Epaitu egingo dute konpartsa, iazko Aste Nagusian txosnari eman zion Carnicerías Vaticanas (Harategi Vatikanoak) dekorazioagatik. Kristo gurutziltzatua zuen txosnak horma nagusian, haren gorputz atalak zatituta erakusten zituela. Carnicerías Vaticanas inguruan idatzia zuela, haragi zatiz betetako harategi itxura zuen txosnak. Hartzazue ta jan, nire gorputza da ta ere bazuen idatzia. “Erlijio sentimenduen aurkako delitua” egin izana egotzita epaituko dute dekorazio hori, asteartean.
“Gauza bakarra” eskatu die konpartsak bere aurkako akusazioa egin dutenei: “Garbi joka dezatela eta ez dezatela santuentzako kandelarik pitz eta errezorik edo errogatibarik egin epaiketaren aurretik; gizakien justizian jokatu behar badugu, gizakien justizian jokatuko dugu; eta Jainkoaren justizian bagaude, ba Jainkoarenean. Baina magia edo sorginkeriak egitea tranpa da”.
Protestarako ere, ironia
Zentzu horretan mobilizatuko dira asteartean ere: Jaungoikoak epai gaitzala! lelotzat hartuta elkarretaratzea egingo dute Bilboko Buenos Aires kalean, auzitegiaren kanpoaldean, 10:30etik aurrera. “Ildo ironiko horretan mantenduko gara. Elkarretaratzea ere umoretsua izango da, grazia handikoa”, azaldu dio Bizkaiko Hitza-ri Hontzak konpartsaren idazkari Galder Antonek. “Ez gara serio jarriko, eta ez gara haserre egongo. Hau txiste bat da auzi judizial bat baino gehiago”. Epaiketa, ordea, egin egingo da. 11:00etan hasiko da Bizkaiko Lurralde Auzitegiko 3. sekzioan.
Isuna da fiskalak konpartsaren aurka eskatzen duen zigorra: zortzi hilabetez, eguneko sei euro ordainaraztea nahi du; guztira, 1.400 eurotik gora. Eta hori da zigor eskaera bakarra, beste akusaziorik ez baitago. Auzia akusazio partikularren salaketek abiatu bazuten ere, gerora ez dira aurkeztu auziaren parte gisa, eta fiskalak hartu zuen beregain akusazio lana, ofizioz.