Atzo arratsaldeko lehen orduan, zenbait lagunek ekintza zuzen bat egin zuten Donostiako Ondarretako hondartzan: biluzik bainatu ziren, hondartza transmaribollo komunitatearena ere badela aldarrikatzeko. Igandean eraso bollofobo bat izan zen hondartza horretan, eta, horren aurka, hondartza «hartu» zuten: «Gurea den espazio baten jabe egiteko berriro». Ohar batean adierazi zuten igandekoa ez zela soilik eraso homofobo bat izan.
«Eraso lodifobo, matxista, putofobo, klasista, faxista izan zen. Gizarteak era honetako erasoak babesten dituen heinean, Donostiako hondartzak gizon heteroen espazio bilakatzen dira. Hau da Donostiako postala», adierazi zuten. «Utzi Kursaala ortzadarrez margotzeari! Ez izan erasotzaileen konplize! Erantzun dezagun kolektiboki erasoen aurka!! Gora borroka transfeminista! Gora transmaribollo komunitatea!»
Ikusi gehiago:«Borrokatzeko garaia da»
Oharrean ere salatu zutenez, asteburuan, Uribarri Ganboako urtegian (Araba), hondartza nudistan, bi lagun harrikatu zituzten «marikoi zikinak» oihu artean.
Donostiakoan eraso bat baino gehiago izan ziren. Lehenengo, argazkiak atera zizkieten uretatik ateratzen ari ziren emakume batzuei, «iruzkin eta begirada batzuk egiteaz gain». Hori ikusi eta argazkiak atera zituenari horiek ezabatzera behartzera joan zirenean, surfa egitera zihoan gizon bat etengabeko eraso berbalean hasi zen, argazkiak atera zituztenak defendatuz eta esanez itxura horrekin ez harritzeko jendeak argazkiak ateratzen bazizkien.
«Lesbiana zikin horiek». «Ez zarete batere femeninoak». «Joan zaitezte guraizearena egitera». Horiek izan ziren egin zizkieten irain askotarikoetako zenbait. Mehatxuak ere egin zizkieten, eta, salatzaileen hitzetan, ez zuten inguruan zituztenen inongo babesik jaso.