Hondarribiko (Gipuzkoa) surf irakasleak «jokabide sexuala» izan zuen ikasleetako batekin, bi alditan, baina surf ikastaroetan parte hartzen zuen mutilak 16-17 urte zituenean. Beste ikasle batekin «maitasun handiko» harremana izan zuen, «ia maitemintzeraino». Hala esan du surf irakasleak gaur, haren kontrako epaiketan. Fiskalaren eta bere abokatuaren galderei erantzun die. Ukatu egin du gainerako ikasleekin sexu harremanik izan zuela. Fiskaltzak 85 urteko kartzela eskatzen du; akusazio partikularrak, 290 urtekoa; eta defentsak, errugabetzeko.
Surf irakaslea Gipuzkoako Auzitegiko Hirugarren Atalean epaitzen ari dira, surf ikasle zituen 11 mutili sexu erasoak egitea egotzita. Fiskalaren galderei erantzunez onartu du ikasle batekin «jokabide sexuala» izan zuela bi surf udalekutan, 2018ko uztailean eta abuztuan; bata Landetan (Okzitania) eta bestea Asturiasen (Espainia).
Akusatuaren arabera, ikasleak baimendutako jokabidea izan zen, eta berak ez zuen behartu. Aurrerago, ikasleak esan zion «gustura» egon zela, baina ez zuela berriro egin nahi. Ikaslea urrundu egin zen surf irakaslearengandik, baina irakasleak ez zuen harremana berehala eten. Mezuak bidaltzen jarraitu zuen, «triste» sentitzen zelako. Orduko jokabideak orain aztertuz gero, irakaslearentzat ez ziren egokiak izan, baina ezin zituela kontrolatu kontatu du epaiketan. Etorkizunean bere surf eskolako irakasle gisa ikusten zuen ikasle hori.
Beste ikasle batekin ere izan zuen harreman estua: «Maitasun handikoa, ia maitemintzeraino». Zehaztu du ikasle horrekin ez zuela sexu harremanik izan.
«Anaia txikiak»
Ukatu egin du gainerako ikasleei sexu erasoak egin zizkiela. Haren esanetan, normala zen ikasleei batzuetan besarkadak ematea, «pertsona amultsua eta sentibera» delako, eta gehitu du lagunei eta senideei ere ematen dizkiela halako besarkadak. Hala ere, onartu du ikasle batzuk ez zirela eroso sentitzen besarkadak jasotzen zituztenean, eta orduan utzi egiten ziola haiek besarkatzeari, surf eskoletan eroso sentitzea nahi zuelako. Ikasleak ez ziren eroso sentitzen bidaltzen zizkien mezuengatik ere. Irakasleak onartu du denborarekin konturatu dela gehiegi idazten ziela, ikasleen gainean egoten zela. «Anaia txikitzat» hartzen zituen, eta «iloba gisa» tratatzen zituen.
Salaketen bitartez «eskarmentua» eman nahi diotela uste du, ikasle baten familiarekin gorabehera bat izan zuelako. Irakaslearen ustez, akusazioak asmatu egin dituzte. Psikologoek, baina, epaiketan esan dute ikasleak traumatizatuta geratu zirela. Surf irakaslearentzat horiek psikologoen interpretazioak dira.
Gaur bertan, akusatuak baino lehen, hiru mutil artatu dituen psikologoak esan du adingabe horientzat «traumatikoa, izugarria eta tortura bat» izan dela bizi izandakoa
Atzo eta gaur deklaratu dute psikologoek. Gaur bertan, akusatuak baino lehen, hiru mutil artatu dituen psikologoak esan du adingabe horientzat «traumatikoa, izugarria eta tortura bat» izan zela bizi izandakoa. Surf ikasleek «errua, amorrua, lotsa eta sumindura» sentitzen dituzte, eta urteak beharko dituzte horiek desagertzeko, gertatu zenean adingabeak zirelako eta ez zekitelako halako egoerei aurre egiten. «Sekulako beldurra» zioten surf irakasleari. «Behin, ikasle bat furgonetan utzi zuen, giltzapetuta».
Egoerak mutilak harrapatu zituela eta ez zekitela nola geratu esan zuten, hain zuzen, beste psikologo batzuek atzoko saioan. Mutil batzuek kontatu zieten guztia bukatzea nahi zutela, baina ez zirela gai akusatuari ezetz esateko. Horrek babesgabetasuna eta erruduntasuna eragin zien. Nazka, nahasmendua eta blokeoa aipatu zituen ikasleetako batek. Irakasleari huts egitea zen ikasleen beldur nagusietako bat, psikologo batek atzoko saioan azaldu zuenez. Harekiko mendekotasuna zuten, eta beldur ziren hark esandakoak egiten ez bazituzten zenbait gauza aurpegiratuko zizkiela edo haiei buruz gaizki hitz egingo zuela taldearen aurrean. «Irakasleak ikasleez burla egiten zuen lagunen, surfeko ikaskideen aurrean, nahi zuena lortzen ez zuenean», azaldu du psikologo batek.
Beste batek atzo nabarmendu zuen mutil horiek surf irakaslearekin izan zituztela lehen sexu harremanak, eta horrek marka utz dezakeela haiengan, bai sexu harremanetan, bai beren buruarengan duten konfiantzan. Psikologo batek «eragin psikologiko nabarmena» izan zuen mutil baten kasua aipatu zuen atzo. Antsietatea eta depresioa eragin zizkion, akusatuak erabilia sentitu zelako eta gertatua adierazteko zailtasunak zituelako. Terapiaren bidez, hobetu egin zen haren egoera.
Haur pornografiako 4.200 irudi
Epaiketak gertatua berriro bizi beharra eragin die. Ikasle batzuek beren buruari ukatu diete erasoak gertatu zirela, ez zituztelako berriro bizi nahi, psikologoen esanetan.
«Guraso gehienek itsu-itsuan sinesten zuten harengan, eta beren bizitzako ustekaberik handiena izan zuten. Inoiz ez zuten pentsatuko halakorik gerta zitekeenik». Ertzain batek esan zuen atzo, ikasleen gurasoei buruz.
Haur pornografiako milaka irudi (4.200) aurkitu zituzten surf irakaslearen ordenagailuan. Horren aurrean, akusatuak bere burua zuritu du esanez bigarren eskuko ordenagailua zela, eta ez zekiela irudi horiek ordenagailuan zeudela.