Hondarribiko surf irakasle batentzat kartzela eskatu dute, 11 adingaberi sexu abusuak egitea egotzita

Gipuzkoako Fiskaltzak eskatu du kartzela zigorra, 85 urtekoa. 2021ean atxilotu zuen Ertzaintzak, eta ordutik behin-behinean dago espetxeratuta.

Donostiako epaitegien egoitza, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Donostiako epaitegien egoitza, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko urtarrilaren 3a
14:00
Entzun

Gipuzkoako Fiskaltzak 85 urteko espetxe zigorra eskatu du Hondarribiko (Gipuzkoa) surf irakasle batentzat, 11 adingaberi sexu abusuak egitea leporatuta. Mutiko horien irakaslea izan zen gizon hori, eta 2011 eta 2021 artean egin zizkien sexu abusuak, fiskaltzaren arabera. 2021eko abuztuaren amaieran atxilotu zuen Ertzaintzak, eta ordutik behin-behinean espetxeratuta dago.

Fiskaltzak aditzera eman duenez, atxilotu zutenean «adingabeen sexu esplotazioko» 4.000 artxibo baino gehiago aurkitu zituzten haren bizilekuan. Atxilotu zutenean 37 urte zituen, eta, Hondarribian surf klaseak emateaz gain, astebeteko udalekuak ere antolatzen zituen beste udalerri batzuetan. Sexu abusuen biktima horietako batzuek 9 urte inguru zituzten klaseak hartzen hasi ziren garaian.

Surf irakasle gisa egiten zituen jarduerak baliatzen zituen atxilotuak adingabeen konfiantza lortzeko —«eredu gisa» ikusten zuten, fiskaltzaren arabera— eta haiengana gerturatzeko. Horrela, «inolako susmorik sortu gabe» gerturatzen zen mutil adingabe horiengana, fiskaltzak nabarmendu duenez. Biktimak «era sotilean» hautatzen zituela azaldu du: arreta berezia ematen ziela —opariak ematen zizkien—, haiek «berezi eta zorteko» sentiarazteko eta haiekin hurbileko harremana sorrarazteko. Horrela, mutiko horiek bere menpeko egitea lortzen zuen, fiskaltzak adierazi duenez.

Are, atxilotuak besarkadak ematen zizkien hautatzen zituen adingabeei, eta beste taldekideei ulertarazten zien aukeratutako hori zela «gustukoena», Gipuzkoako Fiskaltzaren arabera. Whatsapp bidez «ia egunero» idazten zien biktimei, «aholkuak» ematen zizkien, eta haien bizitza pertsonalean sartzen zen. Etxera gonbidatzen zituen, eta haserretu egiten zen berak eskatutakoa egiten ez bazuten.

Fiskaltzak nabarmendu duenez, adingabe horiek bere menpe edukitzea lortzen zuenean, sexu abusuak egiten zizkien. Fiskaltzaren esanetan, hamar urtez hainbat adingaberi egin zizkien abusuak, leku desberdinetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.