Hondarribiko alardeari buruzko «iritziak, pertzepzioak eta jarrerak» jasotzeko inkesta bat egin zuen iazko azaroan Hondarribiko Udalak, eta gaur abiatu dute horiek sozializatzeko prozesua. Azaldu dutenez, inkestatuen %65ek uste dute alardearen gatazka elkarrizketa bidez konpondu behar dela, eta %55,8k, berriz, emakumeek rol guztietan parte hartu dezaketen alarde bakarraren alde egin dute. Inkestaren emaitzak eskuragarri daude udalaren webgunean.
Igor Enparan alkateak eta Estitxu Urtizberea zinegotziak egin dute agerraldia, udaletxeko areto nagusian. Adierazi dute inkestan jasotakoari buruz solastatu nahi dutela herritarrekin, eta, hortaz, hiru saio parte hartzaile eginen dituztela: otsailaren 13an, martxoaren 13an eta apirilaren 3an.
Inkestetan landutako gaien inguruko xehetasunak eman ditu Urtizbereak: «Gizarteak alardeari ematen dion garrantzia, nola eragiten duen alardeak udalerriko errealitatean eta bizikidetzan, eta nola eragiten dion herritarren emozionaltasunari». Ildo horretan, inkestatuen %75,6k aldierazi dute beraiendako alardea oso garrantzitsua edo garrantzitsua dela. Inkestatuen gehiengoak, ordea, ez du inoiz parte hartu: %47,4k. Parte hartu dutenen artean, berriz, %39,3k alarde baztertzailean parte hartu dute, eta %6,4k, Jaizkibel konpainian.
Alardearekin lotzen dituzten sentimenduei buruz ere galdetu diete inkestatuei, eta bi dira nagusi: tristura —%39,3— eta lotsa —%24,7—. Ordea, orain dela bortz urteko egoerarekin alderatuta, gehiengoak uste du tentsioa baretu dela: %43,6k, zehazki.
Horrez gain, Urtizbereak erran du inkestaren bidez zenbait gako lortu dituztela «ulertzeko gatazkaren erroa nondik etor daitekeen eta herritarrek zer irtenbide ikusten dituzten». Gatazkaren jatorriari dagokionez, bi dira erantzun nagusiak: inkestatuen %31,3k uste dute interes politikoagatik izan dela, eta %30,9k, berriz, emakumeen parte-hartze eskubidea urratzen ari delako. Hala, alarde baztertzailearen edo emakumeek rol guztietan parte hartu dezaketen alarde baten artean hautatzeko eskatuta, %55,8k parekidearen alde egin dute.
Izan ere, Hondarribian emakumeek Jaizkibel konpainia parekidean desfilatzeko aukera dute soilik, baina azken urteotan parekidetasunaren aldeko zenbait pauso eman dira. 2023an, erraterako, Enparanek lehenbiziko aldiz egin zion harrera Jaizkibeli. Urte hartan bertan, Guztion Alardea taldeak 1.981 sinadura entregatu zizkien udal ordezkariei, aldarrikatuz, bertzeak bertze, emakumeek eskubidea dutela alardean parte hartzeko.
Inkestatuen %58,5ek uste dute, gainera, alardea udaletxeak antolatu beharko lukeela.
400 inkesta
Urtizbereak inkestari buruzko datu teknikoen berri ere eman du. 400 herritarrekin mintzatu dira, telefonoz. Guztiak Hondarribian bizi dira; %50,9 dira emakumeak, eta %49,1 gizonak. Adinari dagokionez ere «aniztasuna» bermatzen saiatu direla erran du: 18 eta 29 urte bitartekoak izan dira inkestan parte hartu dutenen %14,4, 30 eta 45 urte bitartekoak %20,7, 40 eta 60 urte bitartekoak %29,1, eta 60 urtetik gorakoak gainerakoak.
Inkestak egin dituzten teknikariekin solasean aritu direla azaldu du Enparanek, eta, azpimarratu duenez, adierazi diete «emozionaltasun handia» nabaritu dutela inkestatuen artean, baita «hitz egiteko behar handia» ere. Eta hortik datorrela, hein batean, topaketak egiteko ideia.
Itsas Etxea auditoriumean eginen dira, eta berrogei lagunendako lekua egonen da. «Herritarrek elkarrizketetan adierazitako hori transmitituko dute, eta formatu erosoak bilatuko ditugu horretarako», adierazi du Enparanek. Izan ere, ziurtatuko dute generoari eta adinari dagokienez aniztasuna egonen dela: izena ematen duten horien artean hautaketa bat eginen dute dinamizatzaileek, «aniztasuna bermatzeko».