Agerraldi bat egin du gaur EH Bilduk Hondarribian (Gipuzkoa), herriko jaietako toki esanguratsuenetako batean: Arma plazan. Irailak 8 dituenean, urtero, milaka herritarrek usadio aski sustraitu bat berritzen dute herrian, alardea, eta plaza horretan egoten da jaiaren bihotzetako bat. 27 urte dira andreak desfile horretan parte hartzeko eskea egiten ari direla, baina oraindik ez dute lortu helburua: Hondarribiko alardea baztertzailea da, eta gizonek bakarrik parte har dezakete nahieran, nahi duten postuan. Konpainia bakar bat da parekidea: Jaizkibel. Baina aparte desfilatu behar izaten du. Horiek horrela, gaur talde abertzaleak dei egin du alardearen auzian dagoen «iruzurra» gainditzera.
EH Bilduko ordezkariek gogora ekarri dute Hondarribiko alardeak ez duela konplitzen EAEko Berdintasun Legea. Propio aipatu dute lege horren 25. artikuluaren lehen puntua. Horra zer dioen azken perpausak: «Debekatu egiten da emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura jarduerarik antolatzea edo egikaritzea gune publikoetan». Artikuluan argi zehaztuta dago, halaber, herri administrazioek «beharrezkoak» diren neurriak hartuko dituztela sexuaren ondoriozko bereizkeriarik izan ez dadin.
Horiek horrela, EH Bilduk adierazi du jaien antolaketa publikoa izatea dela auzia bideratzeko gakoetako bat: «Jaiak herriak antolatu behar ditu, udalaren bitartez, herritar ororentzat, herritar ororekin, elkarrekin, adiskidetasunez». Irungo alarde parekidearen antolatzaileek ere behin baino gehiagotan eskatua dute jaia udalak antolatzeko. Aurten ere berritu dute eskabidea. Aldarri parekidearen sustatzaileek bi udalerrietan usu gogora ekarri dute 1990eko hamarraldira arte usadio izan zela udalek antolatzea alardea, eta andreek parte hartu nahi zutela esan zutenean utzi zutela albo batera erantzukizun hori, eta herrietan horren kontrako mugimenduak sortu zirenean. Kontrako jarrera horiek indartsuak izan dira, eta oraindik ez da desagertu haien arrastoa.
Esaterako, udalek oso babes txikia eman diete orain arte aldarri parekideei. Irungo alkateak iaz egin zion lehen aldiz harrera Irungo alarde parekideari; alkatetzako azken urtean egin zuen hori Jose Antonio Santanok (PSE-EE), udalaren lema 2002tik zeraman arren. Desfile baztertzailearen aldeko keinuak, berriz, askotan egin zituen. Cristina Laborda da orain alkatea, PSE-EEkoa hura ere, eta hark ere ez du berritasunik ekarri aurten desfile parekidearen alde.
Hondarribian ere, alkateak iaz egin zion lehen aldiz harrera Jaizkibel konpainiari; udal gobernua aldatzea ezinbestekoa izan zen horretarako. Izan ere, aldarri parekidea sortu zenetik, jeltzaleen esku egona zen beti alkatetza, eta guztiz bat egin zuten hautu baztertzailearekin. Iaztik, ordea, Igor Enparan da alkatea (Abotsanitz).
Udal gobernuan batera daude Abotsanitz eta EH Bildu, eta EH Bilduko kideek propio egin diote eskea alkateari gaurko agerraldian: «Galdegiten diogu bere karguari dagozkion baliabide guztiak erabil ditzala gure herrian Berdintasun Legea bete dadin eta eragile guztiekin batera alarde bakarra, guztiona eta publikoa izan dadin».
Konpromiso parekideak
EH Bilduko ordezkariek gogora ekarri dute, halaber, Hondarribiko alardeak ez dituela betetzen Gipuzkoako Diputazioak jai parekideak izateko eman berri dituen jarraibideak. Ekainean aurkeztu zuen kanpaina batean ezagutarazi zituen aldundiak irizpide horiek, justu Irungo alardearen aurretik. Bost konpromiso eskatu zaizkie udalei jai parekideen alde. Besteak beste, galdegin zaie jaietan ere berdintasunaren aldeko ekinaldi eta gogoetak sustatzea, emakumeen partaidetza sustatuko duten antolakuntzak bultzatzea eta ekitaldi guztietan aukera berdintasuna bermatzea.
Jakina da Irun eta Hondarribiko udalek, bereziki, hor badutela lanketa bat egiteko, baina, hala ere, aldundiak ez ditu aipatu nahi izan propio bi udal horiek kanpainaren harira. EH Bilduko ordezkariek, ordea, gaur gogora ekarri dute konpromiso sorta hori betetzeko deia egin behar dela. «Hori berori betetzea besterik ez diegu eskatzen aldundiari, udalari eta erakunde guztiei».
EH Bilduk gogoratu du urteak daramatzala auzia bideratzeko ahaleginetan. Iazko maiatzean, propio gai horren inguruan egindako lanketa baten emaitza plazaratu zuten, eta jaia antolatzeko araudi bateratzaile bat proposatu.
Legez eratu gabea
Agerraldian, EH Bilduko kideek hizpide izan dute igaro urteetan alardea antolatzeaz arduratu den erakundea ere: Alarde Fundazioa Hondarribia. Esan dute ez zela inoiz «legez eratutako fundazioa» izan, elkarte hori erregistratzeko ahaleginak egin zituztela Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren erregistroetan, baina ezin izan zituztela gauzatu, fundazioak berdintasun legeak «urratzen» zituelako.
EH Bilduren arabera, beste lege egitura bat dute orain desfile baztertzailearen antolatzaileek. Berria dute soina: «Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Kultur Elkartea dira». Baina lehengoa dute jarrera: «Izena aldatu bai, baina izanari eusten diote, eta legea hausten jarraitzen dute».