Hondarribiko alkatetzak bide emango dio alardea «bereizi gabeko rolen» bidez egiteari

Igandean egingo dute alardea Hondarribian, eta bizikidetzaren aldeko mezua eman nahi izan du gaur alkateak, prentsa ohar baten bidez: «Jaiak soseguz eta lasai bizitzea da alkatetza honen helburua». Desfileetarako ebazpenak ere aurkeztu ditu.

Erakundeetako ordezkariak Jaizkibeli harrera egiten, iaz. GORKA RUBIO / FOKU
Erakundeetako ordezkariak Jaizkibeli harrera egiten, iaz. GORKA RUBIO / FOKU
Arantxa Iraola - Irati Urdalleta Lete
2024ko irailaren 3a
17:32
Entzun

Irailaren 8a hemen da, alardea egingo dute Hondarribian (Gipuzkoa), eta egun horretarako baimenak-eta emate aldera Hondarribiko Udalak ebatzi dituen ebazpenetan lehen aldiz jaso du Jaizkibel konpainiaren eskabidea, eta lehen aldiz aterako da konpainia hori, konpainia parekide bakarra, Hondarribiko Udalaren baimenarekin. Aintzakotzat hartzekoa da alarde egunerako baimenen ebazpen horretan alkatetzak propio jaso duela alarde parekide bat lortzeko asmo argia: «Alkatetza honek, bere eskumenen barruan, gizarte aldaketa egokiak erraztuko ditu, alardea bereizi gabeko rolen bidez ospatzeko bidean aurrera egiteko».

Nabarmentzeko moduko esaldia da, zaila eta luzea izaten ari delako alarde parekidea lortzeko bidea. Ia hiru hamarraldi daramatza Jaizkibelek alarde parekide baten aldeko borrokan, baina aldarria piztu zenetik iaz arte EAJ egon zen agintean, eta ez zuen inoiz aintzakotzat hartu ere egin. Iaz heldu ziren lehen aldaketak, Abotsanitz plataformak alkatetza lortu eta gero. Igor Enparan da ordutik alkatea, eta berak, iaz, aurreko alkateek inoiz egin ez zuten keinua egin zuen, adibidez: oles egin zion Jaizkibeli. Konponbidearen aldeko mezuak ere askotan plazaratu ditu.

Aldarri parekidearen kontrako mezuak ozenak dira oraindik, eta bizikidetza aldarrikatu nahi izan du gaur alkateak, prentsa ohar baten bidez. «Jaiak soseguz eta lasai bizitzea da alkatetza honen helburua». Onartu du ebazpenean jasotakoen harira desadostasunak azaldu dituztela alarde parekidearen kontra daudenek, eta kritikak egon direla. «Udal ebazpen hauetan, espazio publikoaren erabileraren banaketa ahalik eta modu egokienean egiteko saiakera zintzoa egin du udalak, baina azken egunek erakutsi digute agian etorkizunerako zuzenagoak izan daitezkeen formula objektiboak finkatzeko saiakera egin behar dugula». Eta, hain justu ere, azken orduko zenbait aldaketa jakinarazi ditu gaur arratsaldean bertan.

Hala ere, baimena emateko modua bera aintzakotzat hatzekoa da, ebazpenetan batera bideratu direlako bi antolatzaileen eskabideak, hain justu ere, alardea antolatzen duen Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak egindakoa eta Jaizkibel konpainiak bideratutakoa. Gero zehaztu dute ez dutela batera desfilatuko, ordutegi bereziak izango baitituzte; baina lehen aldiz egin du udalak agiri ofizial batean Jaizkibel konpainiaren aitortza hain era argian, eta alardearen antolatzaileekin batera aipatuta.

Propio aipatzen da ebazpenean EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea ere, eta, testu hori aintzat hartuta, «gizarteko sektore guztietan jokoan dauden oinarrizko printzipioak eta eskubideak errespetatze aldera», ebazpenak «elkarrizketa prozesu baten» emaitza direla nabarmentzen da.

Desfileen inguruko hainbat zehaztapen daude jasota ebazpenetan, eta ordutegiak ere bai. Aurten, 08:00etan abiatuko da Kale Nagusian gora Jaizkibel konpainia, eta alardeak, berriz, 08:55ean izango du abiatzeko ordua. Gernikako Arbolako zelaidian elkartzen dira alardeko konpainiak abiatu aurretik, eta, ebazpenaren arabera, aurten ere hortxe elkartuko dira konpainia guztiak, baita Jaizkibel ere. Desfileak apartekoak izango dira, baina jai eremuak batzeko ahalegin bat antzematen da irailaren 8rako egin den ebazpen horretan.

Hala ere, zehaztapen bat egin dute gaur arratsaldean, Jaizkibelek goizean Gernikako Arbolan izango duen tokiari buruzkoa. «Behar bezala mugatutako Gernikako Arbola zuhaiztiaren hasieran» egon beharko du konpainia parekideak, «bi formazioen arteko zuhurtziazko distantzia errespetatuz».

EAJk, lehenengo aldiz harrera

«Aurten Hondarribiko EAJ Jaizkibelekin izango da». Sare sozialetan egin du iragarpena Hondarribiko EAJk: lehenengo aldiz egingo dio harrera konpainia parekideari, desfilatzen hasi eta 27 urtera.

Hondarribiko EAJk adierazi duenez, Jaizkibelek aurten lehenengo aldiz desfilatuko du udalaren baimenarekin, «lehen aldiz izapidetu baitu horretarako eskaera guztia». Orain, alderdia koherentziaz jokatzen ari delakoan dago: «Gure alderdiak beti adierazi du Jaizkibelek udala onartu eta legitimatzen zuen egunean EAJk taldeak ere harrera egingo ziola. Hori dela eta, aurten Hondarribiko EAJ Jaizkibelekin izango da. Koherenteak gara orain arte adierazitakoarekin».

Alabaina, nabarmendu dute «alardea bizitzeko modu guztiak» direla zilegi: «Hondarribiko EAJk urteak daramatza alardea ulertzeko eta ospatzeko modu guztiak legitimoak direla eta errespetatu egin behar direla defendatzen».

Gainera, ez daude ados alkateak azken egunetan hartu dituen erabakiekin: «Tristura eta kezka sortzen digu egun hauetan bizi dugun giroak. Atzerapausoa eman da. Gure ustez, errespetuak, elkarrekiko aitorpenak eta bizikidetzak izan behar dute hiriko jaiez gozatzeko oinarria. Uste dugu udal gobernuak alkatea buru dela hartutako erabakiak ez direla egokiak izan». Besteak beste, konpainia gisa ateratzeko baimena eman dio udalak Jaizkibeli. EAJk nabarmendu duenez, «bereziki» kezkatzen ditu Kale Nagusian eta Etxenagusia Margolariaren kalean sor daitezkeen «segurtasun arazoek»: «Leku faltak eta bilduko den jende kopuru handiak segurtasun arazoak sor ditzake».

EAJ ez da izan alardearen eta Jaizkibelen inguruan adierazpenak egin dituen alderdi bakarra. Abotsanitzek herri batzarra egin du aste honetan, eta ondorio nagusi bat atera dute bertatik: alardeak publikoa, bakarra eta parekidea izan behar du. Eta bide horretan lan egingo dutela hitzeman dute: «Argi dago normalizazioa ez dela egun batetik bestera gertatuko. Aurtengo pausoak bide horretan doazen pauso xume bezain garrantzitsuak direla deritzogu, hondarribiarron senidetzearen bidean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.