Hondarribiko alkatea: «Gezurrez eta gorrotoz betetako kanpaina bat pairatu dut»

Buzoiz buzoi, eskutitz bat helarazi die Igor Enparan alkateak herritarrei, eta jakinarazi alardea egin aurreko egunetan hainbat herritarren jazarpena pairatu zuela: txistuak, irainak, mehatxuak eta bera jotzeko ahaleginak izan dira tartean.

Igor Enparan, aginte makilarekin, alardea ikusten, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Igor Enparan, aginte makilarekin, alardea ikusten, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2024ko urriaren 3a
15:35
Entzun

Irailaren 24ko sinadura du gutunak. Hondarribiko (Gipuzkoa) alkate Igor Enparanek idatzitakoa da, eta herrian zabaldu du, buzoiz buzoi. «Bi minutu besterik ez dizkizut kenduko, alkate gisa jaiak nola bizi izan ditudan esan nahi dizudalako», azaldu die herritarrei. Eta alardearen atariko egunetan hainbat herritarrek izan zuten jarrera salatu du: «Gezurrez eta gorrotoz betetako kanpaina pairatu dut».

Ia hiru hamarraldi dira Hondarribian aldarri parekidea piztu zela, hainbat herritar andreak ere gizonen pare onartuko dituen alarde baten alde ari direla. EAJk alkatetzan egin zituen urteetan, oro har, aldarri horren aldeko babesa ezdeusa bazen ere, iaz heldu zen udalaren aldaketa, jeltzaleek alkatetza galdu eta Abotsanitz plataformako Igor Enparanek lortu baitzuen. Lehen aldiz egin zion, esaterako, harrera Jaizkibel konpainia parekideari. Aurten harago egin nahi izan du babes horretan, eta horren ondorioz pairatu dituen egoerak salatu ditu orain. Larriak dira azaldu dituenak: «Txistuak entzun ditut, irainak, mehatxuak... Norbaitek jotzeko ahalegina egin zuen».

Gogoeta eskatu die herritarrei portaera horien inguruan: «Hori zuzena da? Onargarria Hondarribian? Uste duzu kanpaina maltzur hori antolatu duen jendeak gure udala, herriko instituzio nagusia errespetatzen duela?».

Udalaren erabakiak

Udalak instituzio gisara duen garrantzia nabarmendu nahi izan du Enparanek, eta, hain justu ere, aurten udalak bere gain hartu ditu beren-beregi jaiarekin lotutako hainbat  erantzukizun. «Konponbidea» lortzeko bidean urte osoan ahalegin ugari egin dituela azaldu du, eta horren emaitza izan zela, hain justu ere, aurtengo berritasuna. «Aurreko urteekin alderatuta, adostuta zegoen udala izango zela erakunde publiko bakarra baimenak ematen». Hain justu ere, araubide bateratu batean eman zien desfilean irteteko baimena alarde baztertzaileari eta andreak onartzen dituen konpainia bakarrari: Jaizkibeli.

Oso motelak izan dira aldarri parekidearen aurrerabideak, eta aintzat hartzeko aldaketa izan da udalak proposatutakoa, eta, aditzera eman duenez, horren gaineko adostasuna bazegoen. «Alardea hondarribiar guztiok batera baina ez elkarrekin ospatuko genuela partekatu genuen», azaldu du. Hain justu ere, ezarritako araubidean ordutegi desberdinak zituzten bi desfileek, baina irteteko tokian, esaterako, bat egin behar zuten.

Irailaren 8an izaten da alardea, eta, eguna hurbildu ahala, agerikoak izan ziren araubide horren inguruko kritikak. Alarde baztertzaileren antolatzaileak horren gaineko kexuak ozenduz joan ziren, eta, alarde egunean bertan, udalak agindutakoa ez betetzea erabaki zuten, eta ezarritako ordua baino beranduago abiaraztea desfilea, hartara Jaizkibel konpainiarekin ez bat egiteko.

«Arazoek konponbide justuak behar dituzte, eta ez gezurrak», argudiatu du Enparanek herritarren artean hedatu duen gutunean. Izan ere, aipatu erabakien inguruan eta hartutako beste hainbaten harira ere «gezurrak» naro zabaldu direla deitoratu du. «Zurrumurruak eta gezurrak zabaldu dira herritar guztion arteko elkarbizitza gaiztotzeko, min egiteko».

Babesa ere sentitu duela nabarmendu nahi izan du, hala ere, Enparanek. «Jasotako babes guztia bihotzez eskertzen dut». Eta esan du alardearen auzian «akordio bat» topatzeko ahaleginetan jarraitzeko asmoa duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.