«Hondamendiak etenik ez» duela salatuko du Palestinarekin Elkartasuna plataformak, Nakbaren 77. urteurrenean

Manifestazioa eginen dute maiatzaren 17an Iruñean, erakundeei eskatzeko «harreman oro eten» dezatela Israelekin.

Palestinarekin Elkartasuna plataformaren agerraldia, Iruñean. ION ORZAIZ
Palestinarekin Elkartasuna plataformaren agerraldia, Iruñean. ION ORZAIZ
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko apirilaren 7a
12:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Nakba hitzak, arabieraz, hondamendia esan nahi du. 1948ko maiatzaren 15ean hasi zen palestinarren Nakba, Israel estatu gisa eratzearekin batera: egun hartan, jazarpen eta suntsitze kanpaina abiatu zuen Israelek, ehunka mila palestinarri etxea eta ondasunak kentzeko, eta bizilekutik kanporatzeko. «Prozesu horretan, ehunka mila palestinarrek atzean utzi behar izan zituzten lurrak, noizbait itzultzeko esperantzarekin. 77 urte geroago, ordea, Nakbak ez du etenik». Nakba hasi zenetik 77 urte beteko dira aurten, eta, hori gogoratzeko, «manifestazio nazionala» antolatu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Maiatzaren 17an eginen dute, Iruñean, Nakbaren urteurrenetik bi egunera, eta hortxe egin dute mobilizazioaren aurkezpena ere: Gazteluko plazan.

June Alkizak eta Jaume Gelabertek hitz egin dute plataformaren izenean, euskaraz eta gaztelaniaz. Kritikatu dute, besteak beste, hedabideek «Israelen krimenak ezkutatu eta bake giroaren errelatoa sinetsarazi» izana azken hilabeteetan, Israelek eta Hamasek adostutako menia dela-eta: «Hainbatek itxaropenez bizi izan ditu su etena izandako aste hauek. Martxoaren 18an, ordea, su etena ofizialki bukatu zen, eta garbiketa etnikoa egiten jarraitzeko borondatea berretsi du entitate sionistak. Egun bakarrean, 400dik gora palestinar erail zituen, eta dozenaka dira ordutik aurrera eraildakoak». Gazako sarraskiak egiteaz gain, Zisjordanian, Libanon, Sirian eta Yemenen ere eraso egin du Israelek «etenik gabe».

Genozidioak eragiten duen «inpotentzia egoeratik» atera beharra ere nabarmendu dute Alkizak eta Gelabertek, «palestinar herriari eta erresistentziari ekarpen erreal eta efektiboa» egite aldera. Horregatik antolatu dute manifestazioa. Ez dute uste konponbidea etorriko denik gobernuen eta nazioarteko erakundeen eskutik, «agerikoa baita nazioarteko instituzio politiko eta judizialak Israel finantzatzen duten estatuen menpe daudela». Horren adibidetzat jo dute AEBek, Frantziak, Poloniak eta Hungariak Benjamin Netanyahu atxilotzeko aginduari emaniko erantzuna. «Argi izan behar dugu genozidioaren amaiera ez dela etorriko Israel indartzea nahi duten estatuengandik [...]. Espainiako eta Frantziako estatuak, noski, ez dira salbuespena, ezta euskal instituzioak ere».

Boikota indartzeko deia

Halakoak ikusirik, bestelako aterabideak proposatu dituzte: «Palestina osoa deskolonizatzeko eta estatu sionista desagerrarazteko bidean, aurre egin behar diegu Israelen konplize guztiei, boikota bultzatuz eta entitate kolonialarekin harremanak hausteko presioa eginez». Haien artean aipatu dituzte «Israeli armak erosten dizkieten enpresak eta erakundeak; hura armaz, trenez eta autobusez hornitzen dutenak; bere irudia garbitzen laguntzen duten instituzioak eta kirol eta kultur ekitaldiak; erresistentzia kriminalizatzen duten alderdiak eta komunikabideak; palestinarren aldeko erretorika gorabehera, Israel indartzen duten gobernuak; eta haiek babesten dituzten alderdiak».

Hori dela eta, bi neurri planteatu dituzte Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek: batetik, boikota areagotzea galdegin dute, erakunde guztiek harremanak eten ditzaten Israelekin; bestetik, manifestazioa eginen dute maiatzaren 17an, Iruñean, «kaleak Palestinaren askapenaren aldeko, Israelen aurkako eta harreman konplize guztiak etetearen aldeko aldarriz betetzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.