Zaldibarko luiziaren bigarren urteurrena. Cedexen txostena. Carlos Alonso. Ekologistak Martxan taldeko abokatua

«Hondamendia ez zen ustekabeko bat izan: hori dio txostenak»

Herri akusazio partikularreko kide da Alonso, eta uste du litekeena dela Cedexen txostenak auzibidean eragina izatea. Ez litzateke harrituko akusazio berriak egongo balira: adibidez, kontrol erakunde publikoren baten aurkakoa.

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Barakaldo
2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Ekologistak Martxan-eko kidea eta ingurumen gaietan ibilbide luzea eginiko abokatua da Carlos Alonso (Barakaldo, Bizkaia, 1958). Bere elkartea akusazio partikularretako bateko kidea da Zaldibarko zabortegiko ingurumenaren aurkako delituaren auzian. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eta Zaldibar Argiturekin batera dago akusazioan. Cedexen txostena ondo ezagutzen du.

Pertsonen aurkako delituaren auzibidea amaitu zen, eta orain ingurumen kaltearena bakarrik gelditzen da. Zertan da egun?

Instrukzio fasean dago. Ikerturiko pertsona batzuen deklarazioa falta da oraindik: esaterako, Arrate Bilbao Verterren kudeatzailearena. Oraindik froga gehiago eska daitezke. Nire ustez, gelditzen diren txostenetatik garrantzitsuena Ingurumen Fiskaltzaren unitate teknikoak egingo duena da. Instrukzioa eskasa izan da, inputatuek eta lekuko batzuek bakarrik deklaratu baitute. Beste guztia Jaurlaritzak eskaturiko txosten teknikoak izan dira.

Bi urte hauetan ia ez da ezer egin. Ingurumen auziak instrukzio paralelo bat izan du, eta uste genuen pertsonen aurkako delituarenarekin batera ikertu eta epaitu behar zela. Agiriz beteriko hamahiru atal daude, baina gehiena Jaurlaritzaren zaintzapean eginiko lanen bilketa bat da. Abenduan, epaileak hala eskatuta, Cedexek txosten teknikoa entregatu zuen, eta hau da dagoen peritu txosten ia bakarra, edo behintzat Jaurlaritzak eskatu gabekoa. Unitate teknikoaren txostena iristean, epaileak ikusiko du nola jarraitzen duen, eta inputazioak zabaltzen dituen.

Epaiketa noiz izan daiteke?

Eguna zehazterako, urtebete gutxienez. Egun sei hilabeteko luzapen bat indarrean dago, ikertzeko.

Cedexen txostena laburbildu du BERRIAk zenbaki honetan. Zuk zer ondorio atera dituzu?

Txosten independente bat da, Jaurlaritzaren eragin eremutik kanpokoa eta hondakinen sektorearekin zerikusirik ez duena. Baieztatzen du luizia zabortegiko kudeaketa txarraren ondorioz gertatu zela zela, hala hondakinen kalitate eta kopuruarengatik, nola zabortegiaren egonkortasuna ez zelako zaindu. Zabortegia ez zen istripu bategatik amildu; arrazoiak ez daude kudeaketatik kanpo. Halaber, baieztatzen du zabortegia abisuak ematen ari zela. Ez zen ezusteko zerbait izan: asteak ziren zabortegia egonkortasun ezaren berri ematen ari zela. Nahikoa datu eta zantzu zegoen jarduna geldiarazteko.

Perituak dio hondamendiaren egunean debekatuta egon behar zuela jendea sartzea.

Perituak hor agerian uzten du kudeaketan eta kontrolean egon zen arduragabekeria. Bezperan egoera hain zen larria, ezen normala bailitzateke horrelako debeku bat ezartzea. Zabortegia ez zen ezustean erori: hori dio txostenak. Asteak zeramatzan abisatzen.

Ekologistak Martxan-ek askotan salatu du kontrol falta zegoela zabortegian. Txostenak arrazoia eman al dizue?

Nik baietz uste dut. Txosten argigarria da, ondo laburtzen dituelako zabortegiaren kudeaketa eta luiziaren aurreko uneak. Are gehiago, 2019an eginiko egonkortasun ikerketa bat ere auzitan jartzen du, Lurtekek eginikoa. Dio ikerketa horretatik aurrera kalkuluak behar bezala aplikatu izan balira kolapsoa eragotz zitekeela. Zortzi hilabete falta ziren hondamendirako. Ikusi beharko da erantzukizunak eska daitezkeen zabortegiarekin harremana zuten beste enpresa batzuentzat.

Uste duzu inputazio gehiago egon daitezkeela?

Ez nintzateke harrituko akusazioak zabalduko balira: beste enpresak, kontrol erakundeak... Haien ardura zen zaintza eta baimen berriak emateko segurtasun bermeen kontrola. Honek auzitan jartzen du herri honetan dugun zaborren kudeaketa eredua. Asko hitz egiten da birziklatzeaz, baina azpiegitura horiek pribatuak dira, eta enpresen helburu nagusia mozkinak dira, eta Jaurlaritzak egiten duen kontrola zalantzan jartzeko modukoa da.

Arduradun publikoren bat ere bai, beraz.

Bai, zalantzarik gabe. Administrazioak legea betetzen dela zaindu behar du proiektua aurkezten denean, eta, gero, proposaturiko moduan kudeatzen dela bermatu. Langileek zulo beltza deitzen zioten: han tankera guztietako zaborrak botatzen ari ziren, besteak beste birzikla zitezkeen asko. Zabortegia amildu eta lau astera, Ingurumen sailburuordeak ohar bat atera zuen bezeroei gogoraraziz Zaldibarrera zihoazen zabor asko birzikla zitezkeela.

Horrelako epaiketa batean hondamendia bakarrik epaitzen da?Edo zabortegiaren eguneroko jarduna ere bai?

Prozesu penala hondamendian zentratzen da, baina eragindako ingurumen kaltea testuinguru batean kokatzen du. Jaurlaritzaren deskontrol politika ez da epaituko, baina hondamendiaren zergatien interpretazioaren barnean dago. Prozesu honetan ingurumen delitua epaitzen da, eta, gero, ingurumen legeak urratu diren ala ez. Eta hori izango da prozesu honen gakoa: erakustea ingurumen legeak urratu direla kudeaketan eta kontrolean.

Perituek, esaterako, ez dute hitz egin garraiolariekin eta hara zaborra eramaten zutenekin.

Aukera bat zen, eta ziur argigarria litzatekeela. Gero ikusi beharko litzateke zer garraiolari leudeken hitz egiteko prest, jakinda haien lana arriskuan jar zezaketela. Bertako langileek eginiko deklarazio batzuk publikatu dira dagoeneko, eta esaten zuten ez zegoela kontrolik, ikerketak noiz izango ziren abisatzen zuela Jaurlaritzak... Zabor kopurua asko handitu zen azken urteetan, eta, horri hondakinen ezaugarriak gehitzen badizkiogu, arriskua oso handia zen. Zaborrei ez zitzaien ematen pausatzeko astirik.

Perituek garrantzi handia ematen diote babes geozuntzaren ezaugarriei. Hori jarri izanaren ardura zeinena da?

Printzipioz, enkargua egiten duenarena. Hark jaso du agintarien baimena, eta hark eskatzen dio enpresa bati zabortegia eraiki diezaiola. Ikusi beharko litzateke zer enkargatu zuen. Baina argi dago norbaitek ez zuela bete ingurumen baimenetako baldintzetako bat. Era berean, administrazioak ere ardura du hor, haren ardura baita zabortegiak isolamendu sistema egokiarekin eraikitzen direla zaintzea. Are gehiago zabortegiaren egonkortasunean zer eragin duen ikusita.

Perituak ahulunea ikusi du hor.

Hemen ahulune asko daude.

Bi urte geroago zerbait aldatu da hondakinen kudeaketan?

Nire ustez, ez, oso gutxi. Ez dugu lezioa ikasi. Ikusten dugu enpresek berdin jarraitzen dutela, eta zabortegiari aurkitu zaizkion konponbideak ez dira jasangarriak: zaborrak beste erkidego batzuetara bidaltzea, zulo berriak aurkitzea... Egun, Bizkaian bi edo hiru toki aztertzen ari dira zabortegi berrietarako, eta Jaurlaritzak bitartean ezikusiarena egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.