HONDAKINAK

Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala onartu dute Bizkaiko Batzar Nagusietan

EH Bildu izan da plan berriaren aurka bozkatu duen alderdi bakarra, eta nabarmendu du hondakinen sorrera murrizteko neurriak ez direla nahikoa.

Zabalgarbi erraustegia, Alonsotegin. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Zabalgarbi erraustegia, Alonsotegin. MONIKA DEL VALLE / FOKU
inaut matauko rada
2024ko urriaren 23a
13:30
Entzun

Bizkaiko foru gobernuak maiatzean hasi zuen 2030erako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala onartzeko bidea, plan berria tramitaziorako onartzeko eskatuz, eta Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur eman diote baiezkoa planari. Onartutako gidalerro berrien arabera, herritar bakoitzak 2030erako urtean 23 kilo hondakin gutxiago sortzea da helburu nagusia —hondakinen kudeaketan %15eko murrizketa litzateke—.

Europako eta Espainiako legedi berrira moldatzeko asmoa du gaur onartutako planak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako proiektuaren arabera —Elkarrekin Bizkaiaren zuzenketa batzuk ere onartu dituzte—, ekonomia zirkularraren printzipioak aplikatu nahi dituzte hondakinen kudeaketan, baita «klima aldaketaren aurka borrokatu» eta ondare naturala mantendu ere.

Birziklapen tasa ahalik eta handienera iristea ere helburu dute, zabortegietara doazen hondakinak asko murriztuta; Bizkaiko hiri hondakinen %70 birziklatzea espero dute 2030erako. Hala ere, alderdi horretatik plana ez dela nahikoa ohartarazi du EH Bilduk, proiektuaren aurka bozkatu duen alderdi bakarrak. Raul Mendez EH Bilduko batzarkideak EAJ eta PSE-EEri leporatu die plana «kontinuista eta anbizio txikikoa» dela, eta Zabalgarbi erraustegiaren itxiera helburu gisa ez izatea ere kritikatu du. Bestalde, plana egiteko atzerapena ere kritikatu du koalizio abertzaleak.

Kontrara, Jesus Lekerikabeaskoa EAJko bozeramaileak «borondate falta» egotzi dio EH Bilduri, alderdi jeltzalearen ustez malgutasun gutxi izan duelako koalizioak negoziatzean.

Kudeaketarako menpekotasunik eza

Bizkaiko Foru Aldundiko alderdiek —EAJk eta PSE-EEk— azaldu dutenaren arabera, hondakinak kudeatzeko autosufizientzia da planaren helburuetako bat, bai eta berrerabilpena sustatzea eta zabortegietara doan hondakinen kopurua murriztea ere. Jakinda gaur egun Bizkaian sortzen den hondakinen %33 energia sortzera bideratzen direla —erraustuta—, ondorioztatu daiteke hori dela Zabalgarbiren itxiera ez planteatzeko motiborik garrantzitsuenetako bat, eta, beraz, ez dela aurreikusten datozen urteetarako hondakinen errausketa amaitzeko asmorik.

Gaur egun, Bizkaian 540.000 tona hiri hondakin sortzen dira, eta horietatik %48 birziklatzen dira; 2030ean %70era iristea da planaren helburua. PPk alde bozkatu badu ere, uste du oso zaila izango dela foru gobernuak jarritako helburuak betetzea. Hondakinen %12k zabortegian amaitzen dute, eta %3 soilik erabiltzen dira konposta egiteko.

Arantza Atutxa Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen eta Nekazaritza diputatuak azaldu du, hamarkada hau amaitzerako, sortzen diren bost kilo hondakineko, 4,9 kilo aprobetxatzea nahi dutela; hau da, zabortegietan amaitzen duen hondakinen ehunekoa %12tik %2ra murriztea. Horretarako, herritarren artean hondakinen kudeaketa murrizteko kultura sustatu behar dela uste du Atutxak. Are gehiago, adierazi du planaren arrakastarako gakoa bizkaitarrek egingo duten hautua izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.