Pablo Lorente. Sustrai Erakuntza fundazioko kidea

«Hondakinen auzian PSOE, UPN eta PP gauza bera dira»

Hondakinen kudeaketa mankomunitateen esku dago Nafarroan, eta bakoitzak lan egiteko modu bat du. Kontsumo eta zabor kopurua mugatzeko beharra nabarmendu du Sustrai Erakuntza fundazioak.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKIPRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
PSNko parlamentari Samuel Carok hondakinen kudeaketari buruz egindako azken adierazpenek mahai gainean jarri dute, berriz ere, gaia Nafarroan. «Ez du deus berririk erran, ordea». Horixe uste du Sustrai Erakuntza fundazioko kide Pablo Lorentek (Castejon, 1969). Argi du PSOE, PP eta UPN bide berean ari direla hondakinen kudeaketaren auzian.

PSNk berriz erran du errauste plantarik ez duela nahi, baina Olatzagutiko Cementos Portland lantegian hondakinak erretzea babesten duela. Zer deritzozu?

Horixe, ez duela deus berririk erran. Lehen ere jarrera bera agertu zuela. Errauste plantari ezetz erran dio, baina baiezkoa eman dio Olatzagutian hondakinak erretzeko proiektuari. Gauza bera egin zuen 2012. urtean, gobernuko kide zela. Eta erraustea eta balorizazio energetikoa egitea gauza bera da. Ñabardura teknikoak badira, baina funtsean gauza bera da. Beraz, kontraesana da bat baztertu eta bertzearen alde egitea. Are gehiago, bata edo bertzea aukeratu behar izanez gero, nik errauste planta aukeratuko nuke, helburu horrekin egindakoa delako; hobe hori, lantegi bat bertze zeregin baterako moldatzea baino.

Hondakinak kudeatzeko plan berria egiteko eskatu dio gobernuari, epaileek aurrekoa bertan behera utzi zutela argudiatuta.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen plana, baina gobernuak helegitea aurkeztu zuen. Ondorioz, sententzia plazaratu bitartean, gobernuarentzat plana indarrean da. Jarraipen batzorde bat bada.

Errauste planta bat egitea jasotzen du planak. Gobernuak, ordea, ez du inolako urratsik egin, ezta?

Ez. Ez du deus egin errauste planta egiteko. Nik uste dut Espainiako Auzitegi Gorenak plana bertan behera uzteko sententzia berretsiko duela, batetik. Bertzetik, uste dut gobernuak berak ez duela planta egiteko asmorik. Dirurik ez dutelako, bertzeak bertze. 2012an, Roberto Jimenezek planta bertan behera geldituko zela erran eta handik bi hilabetera agertu zen Olatzagutiko proiektua. Hori ari dira sustatzen. Eta hondakinen kudeaketaren auzian, PP, UPN eta PSOE gauza bera dira. Eta erraustea eta balorizazio energetikoa egitea ere bai. Hondakinak erre egin nahi dituzte. Eta ez da hori bidea.

Zergatik?

Erran ohi da hondakinak erretzea dela zabor horren energia baliatzeko modu bat. Baina ez da egia. Hondakinak erretzeak berekin dakar, gizarte gisa, anitzez ere energia gehiago kontsumitzea. Botila bat egiteko, adibidez, lehengaia behar dugu, lehendabizi. Hor bada energia kontsumo bat, eta gehitu behar zaio lehengaia prozesatzeko behar dena. Erabili eta gero berriz erabili nahi baduzu, energia kontsumitzen duzu, jaso, garbitu, eta berriz banatu behar duzulako. Birziklatzeko energia gehiago kontsumitu behar dugu. Eta are gehiago, oraindik, erretzeko. Gainera, erre duzunez, bertze botila bat egin behar duzu. Eta botila egiteko lehengaiak zuen energiaren herena baino ez duzu erabiltzen, errez gero. Zer gertatzen da? Lortzen dugun energia edo elektrizitate heren hori goi tentsioko linea batera lotzen duzula. Bada negozio bat, beraz. Sistema horren alde egiten dutenek hori baino ez dute ikusten. Baina energia gehiago kontsumitzea ekartzen du.

Olatzagutian egin da urratsik lantegia moldatzeko?

Ez. FCC enpresak lantegia egokitzeko obrak egiteko baimenak baditu, baina orain arte, behintzat, ez dute deus egin. Olatzagutian anitzek uste dute, hain zuzen, gobernuak inoiz ez duela izan benetan planta egiteko asmorik; hasieratik haien benetako apustua Olatzagutikoa izan dela. Ez dakit enpresa zeren zain dagoen; akaso arautegietan gerta daitezkeen aldaketak egin zain.

Hondakinen kudeaketan mankomunitateek dituzte eskumenak. Zein da gaur egungo egoera Nafarroan?

Egoera da hondakinak kudeatzeko hainbat eredu daudela, eta eredu horiek haien artean kontrajarriak direla. Batetik, Erriberaren apustua da zaborrontzien eta kamioien tamaina handitzea; bertzetik, Iruñerriko Mankomunitateak orain egin nahi du Montejurran duela hogei urte egin zutena; bosgarren edukiontzia jartzea, alegia. Montejurrakoa duela hogei urteko apustua garrantzitsua izan zen. Baina hasierako kanpainak bazter utzi zituztenean, emaitzek behera egin zuten. Dauden esperientzien arabera, bosgarren edukiontzia ez da konponbide egokia. Erriberan eta Iruñean, gainera, zaborrak biltzeko zerbitzua pribatizatzen ari dira. Hori da haien bidea. Hirugarrenik, Sakanako Mankomunitatearen eredua dago. Konpostaren aldeko apustu sendoa egin dute, eta lehen baino %40-50 zabor gutxiago ari dira sortzen. Bertzalde, atez atekoa ari dira erabiltzen. Birziklatzeak gora egin du nabarmen, %30etik ia %80ra, alegia. Bortzirietan, Baztanen, Agoitz aldean ere ari dira bide horretan urratsak egiten. Sakanako ereduak izanen ditu akatsak eta zer hobetu, baina bidea hori dela uste dugu guk. Batetik, zabor gutxiago eragin behar dugu, eta birziklatzea eta berrerabiltzea bultzatu. Hondakinak kudeatzeko planak halakoen alde egin beharko luke.

Plan berria eskatzerakoan,PSNk apustua egin du ura, beroa eta presioa erabiltzen dituen teknologiaren alde. Zertaz ari da?

Ez dugu horren berririk. Egia da badagoela hondakinak trinkotzeko teknologia. Ez dakigu horretaz ariko ote den. Baina trinkotu eta gero, erre egiten dituzte. Gainera, argi izan behar dugu teknologiak ezin duela dena konpondu. Hondakinen arazoaz jabetzeko ordua da. Kontzientzia sortu behar da, zabor gutxiago eragin, kontsumoa gutxitu, eta energia eta lehengaiak xahutzeari utzi. Planeta hondatzen ari gara. Hori da eztabaidaren gakoa. Baina agintariek ez diote heldu nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.