Hondakinen %90 birziklatzea lortu dute Antzuolan

Atez ateko bilketa egiten hasi diren herrien artean, lehen hilabeteetan emaitzarik onenak lortu ditu

Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Zaborra atez ate biltzen hasi zirenetik, etxeetan sortzen diren hondakinen %90 birziklatzea lortu dute Antzuolan (Gipuzkoa). Atez ateko bilketa egiten duten herrien artean emaitzarik onenak lortu ditu, horrenbestez, Antzuolak lehen hiru hilabeteetan.

Debagoieneko Mankomunitateak konpromisoa hartu zuen modu mailakatu batean atez ateko bilketa herri guztietan ezartzeko. Antzuola izan zen hori egin zuen lehenbiziko herria. Herritarrekin eztabaida prozesu bat izan ostean, martxoaren 7an hasi ziren hondakinak atez ate biltzen, eta udalak lehen hiru hilabeteetako emaitzak ezagutarazi ditu. «Antzuolako herritarrak zoriondu beharrean gaude, egindako ahaleginak izandako emaitzengatik. Hasierako kezka eta beldurrak gainditu, eta aurreikuspen guztiak gainditu ditugu. Oso pozik gaude», esan du ohar batean.

Hilabete hauetan birziklatu dutenaren %53,16 zabor organikoa izan da, %19,93 papera, %17,67 ontziak eta %9,24 errefusa. Udalak herritar guztien «parte hartzea» eskertu du, bai hondakinen sailkapena txukun egiteagatik bai zaborrak ateratzeko egutegia errespetatzeagatik. Gainera, gogorarazi du 150 familiak beren kabuz kudeatzen dituela hondakin organikoak konposta eginez. Antzuolako atez ateko jarraipen batzordeak ere lanean segitzen duela gogorarazi du, zero zabor politiketan sakontzen. Antzuolan ez ezik, Usurbil, Hernani eta Oiartzun ere ari dira hondakinak atez ate biltzen.

Bestalde, SOS Zubietak salatu du Donostian «soilik» hondakinen %32 birziklatu zituztela iaz. «Kopurua 2009an baino %1 baxuagoa da». Kopuru hori are okerragoa dela nabarmendu dute, kontuan hartuta zaborren kopurua jaitsi egin dela.

Hori ikusirik atez atekoaren alde egin dute. «Errauste plantaren alde daudenek badute zer ikasia emaitza horiek kontuan hartuta».

Gogor salatu dituzte Odon Elorzaren eta Denis Itxasoren jokabideak. «Elorzak atez ateko bilketa zentzugabea zela esan zuen hauteskunde kanpainan, eta Itxaso Hernanin gaikako bilketa egin ahal izatea saihesten ahalegindu zen epaitegietan. Orain, bosgarren edukiontzia jarri eta gero, nabarmen geratu dira. Birziklatutakoa jaitsi egin da, igo beharrean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.