Francisco Castejon. CSNko kontseilaria

«Hondakinak lurperatzea ez da irtenbide perfektua, baina ez dago besterik»

Hondakin nuklearren kudeaketan aditua da Castejon, CSNko kontseilari izateaz gain. Garoñako hondakinen eraiste prozesutik asko ikasiko dela uste du, ur irakinezko zentral nuklearra baita hura.

EMILIO NARANJO / EFE.
inaki petxarroman
2023ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Japoniako bisita batean izan da aste honetan Francisco Castejon (Zaragoza, Espainia, 1961), babes erradiologikorako nazioarteko batzordearen (ICRP) konferentzia batean. Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko (CSN) kide da 2019tik. CEMATeko fusio ikertzaile izana, hondakin nuklearren kudeaketan aditua da. Arlo nuklearrean lan egin du Frantzian eta Ukrainan. Podemosek proposatu zuen CSNko kontseilari izateko, aurreko agintaldian, eta lehen eskutik ari da aztertzen Espainiako Estatuko zentral nuklearrak eraisteko prozesuak, besteak beste, Garoñako zentralarena.

Ikusi gehiago:HUSTEKO ETA ERAISTEKO GARAIA

Zer aldatu da hondakin erradioaktiboen kudeaketan CSNn sartu zinenetik?

Hondakin Erradioaktiboen 7. Plana onartu du gobernuak. Hori da berritasun nagusia. Orain arte Hondakin Erradioaktiboen 6. Plana zegoen indarrean, 2006tik, eta, teorian, nazioarteko praktika onen arabera, planak lau urtean behin berritu beharko lirateke. Pentsa zenbat urte pasatu diren berritu gabe.

Zer berritasun dauka 7. planak?

Ezaugarri nagusia da zentralizatutako behin-behineko biltegia egiteko plana ezabatu egin duela. Orain, zentral nuklear bakoitzaren ondoan eraikiko da erradioaktibitate handiko hondakinak biltzeko gune bat, behin-behinean, eta, handik, zuzenean, lur azpiko biltegi geologikora eramango dira. Tartean geratzen zen beste urrats hori, ulertzen zaila zena, kendu egin da.

Zer abantaila du erdiko pauso hori kentzeak?

Bada, arrisku handiko hondakinak garraiatzeko bidaia asko aurreztuko ditugula, eta, gainera, badakigu instalazio hori gatazka iturri handi izango litzatekeela edozein lekutan. Bide batez, dirua aurreztuko da, eraikuntza egin gabe. Arazoa da 7. plana oraindik ez dela onartu, ministroen kontseiluak oraindik ez diolako oniritzia eman. Beraz, gobernu bat osatu arte itxaron egin beharko dugu.

Hondakin erradioaktiboen kudeaketan, zerbait birziklatzea litzateke onena. Zerbait aurreratu da horretan azken urteotan?

Herrialde batzuetan birprozesatzea egiten dute. Hau da, erregai nuklearraren zati bat atera eta berriz erabili jarduera nuklearreko errekuntzan. Frantzian, adibidez, hori egiten dute. Espainian sekula ez da halakorik egin. Zergatik? Badauzkalako arazoak. Hasteko, bi erabilerako teknologia da: militarra eta zibila. Eta, horrez gain, kutsadura arazo handiak dakartzalako. Ez dut ikusten nazioartean esperientzia positibo handirik birprozesatzea arrakastatsua dela ondorioztatzeko.

Garoñaren kasuan, zer berritasun izango du hango hondakinen kudeaketak? Zer ikas daiteke hango esperientziatik?

Garoña da geratu eta eraiste prozesua hasi duen hirugarren zentral nuklearra Espainian. Alabaina, aurrekoekin alderatuta, Garoñak teknologia ezberdina du, eta horrek aukera emango du beste esperientzia eta teknika bat ikasteko. Ur irakinezko zentrala da Garoña, eta ezberdina da oso ur presiozkoen aldean. Teknologia ezberdinak izanik, hondakinak sortzeko moduak ere oso ezberdinak dira. Beraz, eraiste prozesua ezberdina izango da ere orain arte egindakoekin alderatuta. Horrek Enresa enpresa publikoari aukera emango dio beste teknika batzuk garatzeko eta prozesu horretan ikasteko. Jada ari dira horretan; adibidez, zentralaren kopia digital bat egin dute, hiru dimentsioko plano bat, eta gune bakoitzeko erradioaktibitate mailaren berri izateko aukera emango du horrek.

Ingurumen arazo itzela izateaz gain, arazo ekonomikoa ere badakar hondakin nuklearren kudeaketak. Nork hartu behar du bere gain gastu hori?

2004ra arte argindarraren fakturarekin lotuta zegoen kudeaketa hauen kostuaren zati bat, eta denok ordaintzen genuen. 2005etik aurrera, Europako Batasunak behartuta, kanon bat ezartzen hasi zen argindarraren fakturaren gainean. Izan ere, ez zuten ondo ikusten herritarrek ordaintzea enpresei zegokien kontu bat. 2006an eraistea ere aintzat hartu zen, eta ikusi zen ezarrita zegoen kanonaren bidez bakarrik ez zela estaliko gastu guztia, 3.000 milioi eurotik gora behar zirelako. Ezkerreko gobernua (PSOE-Podemos) heldu zenean, erabaki zuen zergak igotzea, eta horrek aurretik zetorren joera areagotu zuen. 7. planean, jatorri nuklearreko orduko kilowattari zerga bat ezarri zaio, eta horrekin ordainduko lirateke 7. planean aurreikusitako kudeaketaren urrats guztiak: behin-behineko biltegi indibidualizatuak eta lur azpiko biltegi geologikoa. Azken horren ondorengo gestioak zenbateko gastua izango duen ez dago jakiterik, baina bai, behintzat, eraikuntzak eta martxan jartzeak.

Lur azpiko biltegi horrek zalantza ugari sortzen ditu. Zer ondoriozta dezakegu munduan dauden esperientzietatik?

Finlandian biltegi bat egina dute jadanik, eta martxan jarriko dute datorren urtean. Frantzian beste bat eraikitzen ari dira, eta, horren barruan, 500 metroko sakoneran laborategi bat prest dago jadanik. Beraz, nazioartean kontsentsu bat lortzen ari da gai honen inguruan. Ez da irtenbide perfektua, baina ez dago besterik. Beraz, uste dut Espainian berdin bukatuko dugula: halako bat eraikiko da tokiren batean.

Ezegonkortasun geologikoa da azpiegitura hauetan kaltea eragin dezaketen faktoreetako bat. Klima aldaketak horretan ere izan dezake eraginik, ezta?

Bai, zeren klima aldaketak lur azpiko uren sistema eralda baitezake. Egiten ari diren ikerketetan jadanik aintzat hartzen ari dira fenomeno hori; esate baterako, aurrez egon diren berezko klima aldaketetan izan diren ur sistemen mugimenduen berri jakiteko. Orduan, jakinez gero lekuren batean izan dela antzeko fenomenorik iraganean, bada, nahiko arrazoia litzateke kokaleku hori bat baztertzeko.

Klima aldaketa dena baldintzatzen ari da. Batzuek ez al dute energia nuklearra berreskuratzeko asmoa, hura aitzakiatzat hartuta?

Nazioartean iritzi ezberdin asko dago gai honen inguruan. Espainian berriztagarrien aldeko apustua egin da. Frantzian, berriz, energia nuklearra hauspotzeko asmoa dute. Eztabaida horretan faktore askok dute pisua: hondakinen kudeaketak, arlo zibilaren eta militarraren arteko loturak, herrialdearen historiak... Espainian debatea da gehiago zenbateko iraupena izan behar duten zentral horiek. Oraingoz, PSOEk 2035erako zentral guztiak ixtearen aldeko apustua egin du, eta PPk esan du gehiago luzatuko duela dauden zentralen bizitza. Jakina, horrek handitu egingo luke hondakinen kopurua. Gogoratu behar da herritarrak beti azaldu direla energia nuklearraren aurka Espainian.

Ikusi gehiago:Ezinegona eta zalantza ugari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.