Ingurumena. Zabor elektronikoa

Hondakin elektrikoen bidezidor galduak

Birziklatzeko, eta, kasu askotan, berrerabiltzeko aukera badagoen arren, etxetresna elektroniko oso gutxi kudeatzen dira, bost kilo hondakinetik bat bakarrik. Kobrearen eta beste metal batzuen merkatu oparoak negozio sare iluna eratu du inguruan.

Hondakin elektronikoak, Gasteizko garbigune batean. SINADURA / AGENTZIA.
inaki petxarroman
Donostia
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Nora doaz telebista hondatuak? Eta gero eta gutxiago irauten duten sakelako telefonoak, iPadak, iPhoneak, netbook-ak? Non bukatzen dute etxeko garbigailuek, hozkailuek, mikro-uhin labeek? Herritarrek txintxo-txintxo garbiguneetara edo dendetara eramaten dituzte halakoak, baina, legez derrigorrezkoa bada ere, horrek ez du esan nahi bide araututik iritsiko direnik birziklatzeaz arduratzen diren lekuetara. Zabor elektroniko esaten zaion guztiaren zati txiki bat bakarrik iristen da behar lukeen portura.

Berriki Espainiako kontsumitzaileen elkarte OCUk —EKA Euskal Herrian— egindako ikerketa batek lehendik jakina zen egoera jarri du agerian: nahiz eta horrelako gailu bat erostean kontsumitzaileak birziklatzeko tasa ordaindu, asko ez dira birziklatzen. OCUk jarraipena egin die 15 gailuri hiru hilabetez—barruan GPS bat jarrita— eta ohartarazi du horietatik bederatzi toki desegokietara iritsi zirela, alegia, %60.

Hain zuzen ere, lau hozkailu, lau garbigailu, lau telebista eta hiru ordenagailuri jarri zieten GPSa. Haietako 11 garbiguneetan laga zituzten, hiru saltzaileek jaso zituzten etxeetan gailu berrien trukean, eta azkeneko bat dendan bertan jaso zuten.

Emaitza ezin adierazgarriagoa izan zen: tresnarik gehienak baimendu gabeko tokietara iritsi ziren. Beste gailu batzuk kontrolik gabe desegin zituzten. Gutxienak birziklatze gune baimenduetara iritsi ziren. Egoera horrek ingurumen arazo larriak dakartza, izan ere, gailu horiek gai toxiko oso kutsagarriak isurtzen dituzte: merkurioa, beruna, kadmioa… Nazio Batuen Erakundearen arabera, halako 50 milioi tona hondakin sortzen dira munduan urtean, eta haietako gehienak herrialde pobretuetako kontrolik gabeko zabortegietara iristen dira. Esaterako, Ameriketako Estatu Batuetan 23 milioi ordenagailu eramaten dituzte zabortegietara urtero.

Hego Euskal Herrian 12.000 tona zabor elektroniko inguru sortzen da urtero. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2010an 45.700 tona tresna elektriko merkaturatu ziren, eta 7.800 tona jaso. Datu bat, ondo ulertzeko moduan: urtero herritar bakoitzeko sortzen diren 16 kilo hondakinetatik 3,4 besterik ez dira birziklatzen. Alegia, %20 inguru.

Behar bezala kudeatu ez diren tresna horietako batzuk Euskal Herrian atzeman ditu OCUk. Esaterako, Muskizen (Bizkaia) jasotako hozkailu bat baimendu gabeko Trapagako txatartegi batera iritsi zen. Kantabriako (Espainia) garbigune batean utzi zuten garbigailu bat halako tresnak kudeatzeko baimenik ez duen Arabako industria barne batean agertu zen. Azkenik, Caceresen (Espainia) jasotako ordenagailu bat Erandioko (Bizkaia) birziklatze planta arautu batera iritsi zen, 1.200 kilometroko bidaia egin ostean. «Gure lanak ez du balio estatistikorik», aitortu du Enrique Garcia OCUko bozeramaileak. «Baina gure ikerketak agerian utzi du sektore honetan ez dagoela gardentasunik. Jarraitu ditugun 15 tresnetatik bederatzi ez dira behar luketen tokira iritsi, eta hori oso larria da. Baina, gainera, horrelako hondakinen kudeaketari buruzko informazioa oso nahasia da, eta hori ere larria eta kezkagarria da».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan tokiko erakundeen garbiguneetara bideratzen dituzte etxetresna elektrikoak kudeatzeko sistema bateratuek. Garbigune horietatik birziklatzeko baimena duten kudeatzaileei bideratzen zaizkie. Ondoren, kudeatzeko sistema bateratuek Jaurlaritzari jakinarazi behar diote nora eramaten diren tresna horiek. Berriki, irregulartasunik dagoen hala ez ikusteko, ikerketa bat agindu du Ingurumen Sailak, eta hurrengo hilabeterako espero ditu emaitzak. «Konturatu gara tresna elektroniko asko ez direla behar den lekuan birziklatzen», aitortu du Jaurlaritzak. «Horregatik jarraipen zehatza egiten ari gara».

Herrialde pobretuetara iristen diren edo ez ez dakitela adierazi dute Ingurumen Sailetik. «Kontrol hori portuan egin beharko litzateke, eta Jaurlaritzak ez du eskumenik portuetan». OCUko bozeramailearen ustez, ordea, argi dago tresna horietako asko munduko herrialde pobretuetara iristen direla. «Gure ikerketan ez dago horren frogarik, baina badakigu herrialde haietan lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeek egindako salaketengatik hondakin tona ikaragarriak pilatzen direla, eta garbi dago tresna horiek ez direla han ekoitzi».

Jaurlaritzak ohartarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera «ona» dela. «2012rako Europako Batasunak jarritako helburua, alegia, merkaturatutako 16 kilotik 4 biltzea ia-ia betetzea lortu dugu: 3,4 kilora iritsi gara eta».

Arduradun ugari

Behar ez diren tokietara iristeaz gain, OCUk atzeman du tresna horiek ibilbide berdinetatik ibiltzen direla sarri, eta horrek pentsarazi die badirela legez kanpoko kudeatze zirkuitu paraleloak. Lau arduradun nagusi daudela ohartarazi du Garciak: ekoizleak, saltzaileak, garbiguneak eta agintariak. Ekoizleek saltzen duten tresna bakoitzeko zerga bat kobratzen diete kontsumitzaileei, hain zuzen ere, behar den bezala birziklatuko dela bermatzeko. Ondorioa nabarmena da: birziklatze zentro baimenduetara iristen ez diren tresnak ez dituzte ordaintzen, eta, ondorioz, dirua beraientzat geratzen da.

OCUren ustez, saltzaileak ere arduradunak dira, sarritan uko egiten diotelako kontsumitzaileek ekartzen dizkieten hondakin horiek behar den tokira eramateko, nahiz eta legez horretara behartuta egon. Garbiguneek eta haiek kudeatzen dituzten agintariek ere erru zati bat daukatela uste du OCUk: «Ez dute behar bezalako kontrolik jartzen gai honen gainean, eta, gainera, ez dute informazio gardenik ematen. Beren axolagabekeria eta omisioagatik errudunak dira». Kontsumitzaileen elkarteak ikerketaren ondorioak igorri dizkio Espainiako Fiskaltzari, auzibidea ireki eta errudunak zigortu ditzan, Garciak ohartarazi duenez.

Negozio handia

Euskal Herrian horrelako tresna elektronikoak berrerabiltzeaz arduratzen da Ekorrepara kooperatiba. Urtuellan (Bizkaia) dute egoitza. Txelio Alcantara gerenteak honela laburbildu du egoera: «Berrerabiltzera dedikatzen gara. Gure kooperatibak gailuak behar ditu funtzionatzeko, baina ez zaizkigu iristen».

Hain zuzen ere, tresna horiekkobrea eta bestelako metal batzuk dituzte, eta horien negozio handia da gertatzen ari denaren errudun nagusia, Alcantararen arabera. Demagun garraiolari bat etxe batera doala horrelako tresna zahar baten bila, herritar batek erosi duen beste batekin aldatzera. Garraiolari horrek oso soldata txikia duenez, egunean zehar biltzen dituen tresnak txatartegira eramaten baditu, garbigunera beharrean, eta 100 euro jasotzen ditu. «Negozio handia dago. Kobreak asko balio du, eta txatartegiak diru asko biltzen ari dira une honetan, Txinak eskari handia duelako». Hor kokatzen da kalean horrelako tresnak biltzen aritzen diren pertsonen zeregina ere. «Bizkaiko garbiguneetara iritsi aurretik askotan gertatzen zaie herritarrei zenbait pertsonak hartzen dutela ordenagailua, garbigailua edo dena delakoa». Ondoren txatartegira eraman, eta han dirua jasotzen dute.

Plastikoa birziklatzeko erabiltzen den antzeko sistema dago hondakin hauetarako ere. Ekoizle handiek kudeatzeko sistema bateratuei ordaintzen diete tresnak birziklatzeagatik. Haiek jasotzen dute kontsumitzailearen zerga. Zer egiten dute gero? Hala laburbildu du Alcantarak: «Legeak eskatzen duen herritar bakoitzeko lau kiloko bilketa egin, eta hor geratzen dira. Beste diru guztia beraientzat gordetzen dute. Inork ez die ezer esaten, eta, beraz, zertaz kezkatu behar dute?».

Gainera, sistema horiek hondakinen «tratamendu finalista» lehenesten dutela salatu du Alcantarak, eta inola ere ez berrerabiltzea. Berrerabiltzea du ardatzbere enpresak, eta ixteko arriskua duela dio, material nahikorik ez zaielako iristen.

Txatartegien inguruan dagoen negozioaz gain, herrialde pobretuetara milaka tona hondakin iristen direla baieztatu du Alcantarak. «Berriki Espainiako Ingurumen Ministerioak galdetu zigun ea edukiontzi batean nola jakin dezaketen zein den berrerabiltzeko tresna eta zein hondakina?». Izan ere, herrialde pobretuetara doazen tresnarik gehienak berrerabiltzera bidaltzen dituzte, teorian. «Erantzuna oso erraza da: berrerabiltzeko tresnak etiketa du, pakete batean doa… Gainerakoa hondakina da». Europan halako hondakinak kudeatzea oso garestia denez, askoz ere merkeago ateratzen zaie horretaz arduratu behar dutenei Afrikara kontrol gabe isurtzea.

Egoera alda dezakeen kontu bat gerta daiteke laster, Alcantararen esanetan. Izan ere, Europako Batasuna zabor elektronikoaren inguruko direktiba prestatzen ari da, eta, besteak beste, delitu ekologikoaren figura lantzen ari dira. Egun, horrelako tresnekin legez kanpo aritzen direnen jarduera ez da delitu gisa epaitzen. Baina Alcantarak garbi du: delitu ekologikoa dago horren oinarrian. «Bakarrik ikuspegi hori nagusituz gero has daiteke zerbait aldatzen», ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.