Larraineko Herriko Etxeak (Zuberoa) Holtzarteko zubia ixtea erabaki zuen larunbatean, segurtasun arazoak direla eta. Jean-Dominique Iriart Larraineko auzapezak jakinarazi duenez, debekatuta egongo da zubia gurutzatzea «kontrolak, larrialdiko mantentze lanak eta egiaztapen lanak egin arte». Haren arabera, «aurreko urteetan baino bisitari gehiago» izan dira aurten, eta segurtasun arazoak ekarri ditu horrek. Horrez gain, osasun arriskuari ere egin dio erreferentzia; izan ere, jende kopuru handiekin zailagoa da osasun neurriak bermatzea.
Holtzarteko zubia Olhadibia arroilaren gainean eraikitako egurrezko zubi eseki bat da. 1920. urtean eraiki zuten, inguruko basoetatik egurra atera ahal izateko. Olhadoko errekatik ia 200 metro egiten du gora; 50 metro luze eta metro eta erdi inguru zabal da, eta, nahi eta nahi ez, zubia alde batera eta bestera mugitzen da handik batetik bestera ibiltzean. Oso leku laiotza denez, urte guztian bustia egoten da toki askotan, eta irrist egiteko arriskua dago.