Hollanderi bake prozesuan inplikatzeko eskatu diote Iparraldeko hautetsiek

600 lagun inguruko elkarretaratzea egin dute Baionan, Aurore Martinen atxiloketa salatzeko. Ordezkaritza plural bat suprefeturaren egoitzara sartu da, Frantziako presidenteari gutun bat helarazteko. 

Aitor Renteria.
2012ko azaroaren 5a
18:24
Entzun

Aurore Martin Batasuneko kidearen atxiloketa salatzeko 600 lagun inguruk elkarretaratze bat egin dute Baionan, suprefeturaren egoitzaren atarian, eta hautetsien ordezkaritza plural batek mezua helarazi nahi izan dio François Hollande Frantziako presidenteari: Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko engaiamendua har dezala.

Zazpi laguneko ordezkaritza talde bat suprefeturaren egoitzara sartu da, gutun bat uzteko. Hango idazkari orokorrari eman diote eskutitza Max Brisson UMPko kontseilari nagusiak, Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidente zentristak, Martine Bisauta Baionako auzapezorde ekologistak, Daniel Oltzomendi Izurako auzapez abertzaleak, Colette Capdevielle diputatu sozialistak, Alice Leiziagezahar kontseilari ekologistak eta Michel Veunac kontseilari nagusi zentristak.

Martinen atxiloketa eta euroagindua gaitzetsi dituzte, eta aipatu dute urtebete badela ETAk jarduera armatua bukatua duela iragarri zuela. Hautetsien ustez, "benetako aukera dago bake prozesua bururaino eramateko".

Bilkurako parte hartzaileek polizia ugari izan dute aurrean. Oso elkarretaratze zabala izan da, UMPtik Batasunera arteko ordezkariak zeudelako; baita herritar anitz ere.

Frantziako Gobernuak Pauen duen ordezkaritzaren aurrean ere protesta ekimen bat izango da gaur, 18:00etan.

Poliziak ostiralean atzeman zuen Martin, Batasuneko kidetzat jota ETArekin hartu-emana duela leportatuta. Ondoren,  Espainiaratu egin zuten, eta epaileak Soto del Realgo (Espainia) kartzelan sartu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.