Gaur 21 urte itxi zuten 'Euskaldunon Egunkaria'

'Egunero'-k hartu zuen lekukoa, eta handik lau hilabetera sortu zen BERRIA. Auzia 2014an amaitu zen, zigor epairik jaso gabe.

2003ko urrian manifestazioa egin zuten Donostian. IMANOL OTEGI / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 20a
05:00
Entzun

Otsailak 20. Gaurko eguna ongi iltzatuta dago Euskal Herriko memorian: gaur 21 urte itxi zuten Euskaldunon Egunkaria. Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, hedabidearen egoitzetara sartu ziren guardia zibilak, eta Egunkaria-n eta hura sortu zuen enpresan ardura postuak izan zituzten edo proiektua aurrera ateratzen lagundu zuten hamar pertsonaren etxeetan indarrez sartu eta atxilotu egin zituzten. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia eta Inma Gomila ziren.

Hura hasiera bertzerik ez zen izan. Hainbat atxilotuk salatu zituzten torturak. «Nahi dutena egiten dute: arratoiak bezala tratatu gaituzte. Joan Mari Torrealdai, euskal kulturaren ikur bat, jipoitu egin dute; niri poltsa jarri didate buruan...», erran zuen Otamendik, aske utzi zutenean. Hedabidea, berriz, behin betiko itxi zuten. Kazetariak, baina, ez ziren geldirik egon, eta Itxia, baina ez isildua izenburupean Eguneroegunkaria argitaratu zuten biharamunean. Hilabete batzuk geroago, herri ekimenari esker, 2003ko ekainaren 21ean, BERRIA lehen aldiz argitaratu zen. 2010eko apirilean, auzipetuak absolbitu, eta lehen auzia behin betiko itxi zuten Javier Gomez Bermudez, Manuela Fernandez Prado eta Ramon Saez Valcarcel Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuek. Egunkaria-ko auzi ekonomikoa, berriz, 2014ko urrian itxi zuten, preskribatutzat jota.

Kronologia

  • 2003ko otsailaren 20a.Euskaldunon Egunkaria itxi eta hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. 
  • 2003ko urriaren 16a. Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, Del Olmo epaileak aginduta. Zortzi pertsona atxilotu zituzten: Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra.
  • 2003ko urriaren 20a. Eneko Etxeberria Egunkaria SAko abokatua atxilotu eta inkomunikatu zuten.
  • 2003ko urriaren 21a. Arrizabalaga, Diez, Etxeberria eta Hernandez bermerik gabe aske utzi zituzten. Sorozabal, Sors, Azkune, Larrarte eta Legarra, berriz, hamabina mila euro ordainduta. 
  • 2007ko martxoaren 29a. Egunkaria-ko hiru langile ohi inputatu eta deklaratzera deitu zituzten.

    



  • 2007ko azaroaren 28a. Epaiketa egitea erabaki zuen Del Olmok, prozedura laburtuaren bidez.

  • 2009ko maiatzaren 13a. Torrealdai, Uria eta Auzmendiri deklarazioa hartu ondoren, auziarekin aurrera egitea erabaki zuen Eloy Velasco epaileak.

     

  • 2009ko abenduaren 15a. Egunkaria-ko auzi nagusiko epaiketa hasi zen, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean.



  • 2009ko abenduaren 19a. Egunkaria auziaren aurkako manifestazio jendetsua egin zen Bilbon.



  • 2010eko apirilaren 12a. Auzi nagusiko epaia: Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga, haien kontrako frogarik ez zegoela ebatzita. 



  • 2010eko maiatzaren 5a. Jose Maria Vazquez Honrubia Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako epaileak erran zuen Donostiako Zigor Auzitegira igorriko zutela auzi ekonomikoaren epaiketa. Auzi nagusiko absoluzio epaiaren ondorioz, Vazquez Honrubiak ebatzi zuen auzian «delitu terroristaren» zantzurik ez zegoela, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzatekeela, «ohiko delitua».



  • 2011ko abenduaren 26a. Dignidad y Justicia elkartea auzi ekonomikotik kanpo utzi zuten.

  • 2012ko urriaren 16a. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia kondenatu zuen, Otamendiren tortura salaketak ez zituelako behar bezala ikertu.

  • 2014ko apirilaren 7a. Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin zuten Donostiako Zigor Auzitegian. Auzia artxibatzeko eskatu zuten zortzi auzipetuen defentsek, ustezko delituak preskribatuta zeudela argudiatuta. Fiskaltzak zigor eskaerei eutsi zien, eta ahozko epaiketa egiteko eskatu zuen.

  • 2014ko ekainaren 4a. Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Auzitegiko epaileak jakinarazi zuen auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki zuela. Fiskaltzak bost eguneko epea zuen erreforma helegitea edo apelazioa aurkezteko.

  • 2014ko ekainaren 17a. Fiskaltzak Egunkaria-ko auzi ekonomikoa ixtearen aurkako helegitea aurkeztu zuen.

  • 2014ko urriaren 14a. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak itxi egin zuen auzi ekonomikoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.