Hogei urtera, leiho bat geroari so

Gaurko egunez duela bi hamarkada argitaratu zen BERRIAren lehen zenbakia. Euskarazko kazetak jauzi bat egingo du udazkenean euskarriak eguneratuta, xede batekin: aldi konplexu bat azaltzeko kazetaritza egitea

BERRIAko lantaldearen ordezkaritza bat, erdian Amagoia Mujika zuzendariordea dela, joan den larunbatean Donostian eginiko ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jon olano
2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun

«Eguna, Euskaldunon Egunkaria eta Egunero-ren ondoren, BERRIA sortu da, bere orrietara etorri nahi duten pentsamolde eta jardunbide guztietako euskaldunen topaleku izateko asmoarekin». Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariaren hitzak dira, kazetaren lehen zenbakiko azalean argitaratuak. Lehen zenbaki hura argitaratu zela hogei urte badira, eta, 6.209 zenbaki geroago, euskarazko egunkari nazionalak eraldaketa prozesu betean bete ditu gaur urteak; orduko asmoekin baina egungo garaira egokituta, aldi konplexu bat kontatzeko borondatez eta, testuinguru horretan, kazetaritzak duen rolarekiko sineste osoz.

Hari bat iradokitzen dute Otamendiren orduko hitzek; malkartsua izan da euskarazko prentsa idatziaren ibilbidea, oztopoz betea. Bost hilabetez —1937ko urtarriletik ekainera— argitaratu zen Eguna, 1936ko gerra betean, eta frankistak Bilbora sartu baino sei egun lehenago argitaratu zuen azken zenbakia; 1990eko abenduaren 6an irten zen plazara Euskaldunon Egunkaria, eta hamahiru urtez iraun zuen kioskoetan, Auzitegi Nazionalaren aginduz itxi zuten arte. 2003ko otsailaren 20a zen.

Giltzarrapoa jarri zioten egunkariaren egoitzako ateari, giltzapean sartu zituzten kazetako arduradunak, baina Guardia Zibilak eta Auzitegi Nazionalak ez zuten lortu euskarazko prentsa idatzia isilaraztea; Egunero-k hartu zuen Egunkaria-ren lekukoa, eta zubi lanak egin BERRIA sortu bitartean.

2003ko ekainaren 21ean heldu zen katebegi berria, orain hogei urte; 92 orrialdeko 50.000 ale banatu ziren Euskal Herrian zehar, eta lehenbiziko egunetik eduki zuen Interneteko edizio jarraitua. Ordutik, munduari eta Euskal Herriari begiratzeko leiho bat eskaini die irakurleei; aldaketa politikoen narratzaile, loraldi feministaren lekuko, askotariko krisien kontalari, nazioarteko gertakari nagusien informatzaile izan da BERRIA, gertatzen zen horren berri euskaraz emateko. «Informazio zuzen eta orekatu bat euskaraz eskaintzen jarraitu behar dugu. Hori da gure eginkizuna», dio Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariak gaur kazeta honekin batera argitaratzen den gehigarri berezian.

Begirada berritua

Zeregin horri ahalik eta modurik egokienean erantzuteko ahaleginean, eraldaketa prozesu bat izango du kazetak datozen hilabeteetan, sinetsita kazetaritza inoiz baino beharrezkoagoa dela gaur egungo garaia ulertzeko. Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendariorde eta hurrengo zuzendariak gehigarri berean idatzitakoak jasotzen du eraldaketa horren espiritua: «Zer gertatzen den begirada propioz begiratuko duen kazetaritza, garaian garaiko erronkei erreparatuko dien kazetaritza: feminismoaren begirada, gutxituen eta baztertuen begirada, klima larrialdiari buruzko begirada... Horregatik, kazetaritza hobea egiteko helduleku berriak prestatzen ari gara».

Lan moldeekin batera, egunkariak bere eskaintza gaurkotuko du datozen hilabeteetan: jauzi digital bat emanda eta papereko eskaintza moldatuta. Funtsean, xedea da berripaper moderno bat egitea; sarean, erabiltzaileei zerbitzu hobea emateko, eta paperean, kalitatezko egunkari bat egiten jarraitzeko.

Komunitatea

Izan ere, eskaintza gaurkotzeko beharra ez da salbuespena; nazioartean, negozio ereduaren krisia bizi du prentsa idatziak, baina, aldi berean, sektorearen iraupena ezinbestekoa da herritarrek informaziorako eskubidea bermatua izan dezaten.

Euskarazko kazetaren kasuan, BERRIAren inguruko komunitateak ahalbidetu zuen egunkaria bera sortzea, eta orain komunitate horrek egiten duen ekarpenak bermatzen du berripaperaren independentzia eta garai berrietara egokitzeko prozesuak gauzatzeko bideragarritasuna, eta, beraz, aurrerantzean ere ezinbestekoa izango da horien parte hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.