Hogei urteko kartzela zigorra eskatzen dute zazpi herritarrendako, Aroztegiko obrak geldiarazteagatik

«Talde kriminal antolatu bat izatea» leporatzen diete akusatuei. Herritarrek Nafarroako Gobernuari eskatu diote «UGEPa bertan behera uzteko», eta Euskal Herriari elkartasunerako deia egin diote.

Herritarren agerraldia, gaur, Lekarotzen. IÑIGO URIZ / FOKU
Herritarren agerraldia, gaur, Lekarotzen. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko uztailaren 16a
20:01
Entzun

Guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatu dituzte zazpi baztandarrendako, 2021eko apirilean Lekarozen (Baztan, Nafarroa) egin zituzten protesta batzuk direla eta. Aroztegiko obrak geldiarazteko egin zituzten kanpaldiengatik, zehazki. «Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delituak egitea leporatzen zaigu Aroztegiko kanpaldian parte hartzeagatik. Lotsagarria da», adierazi dute.

Agerraldi bat egin dute Lekarozen, gaur arratsaldean, herritar andanaren babesarekin; zazpi auzipetuetatik bost agertu dira, eta 270 herritarren babesa jaso dute. Palacio de Arozteguia SM enpresaren proiektu urbanistikoari aurre egiteko batu ziren herritarrak, enpresa sustatzaileak luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zituelako 350 biztanleko herri horretan. Azaldu dute «espekulazioaren mamurru beltzak makinekin eta haiendako espresuki egindako legeak errespetatu gabe» iritsi zirela Lekarozko lurretara. Horri aurre egiteko asmoz, Euskal Herriko bazter askotatik jendea batu, eta kanpaldi «koloretsu eta desobedientea» egin zuten, «basakeria» hura geldiarazteko.

«Guk argi dugu epaiketa politiko honetan herritarrek beren burua eta lurrak defendatzeko duten konpromisoa eta gaitasuna zigortu nahi dutela», gehitu dute. Uste baitute «lurraren, kulturaren, hizkuntzaren eta bizitzaren defentsan» desobedientziaren alde egiten dutenei «errepresioarekin» erantzuten dietela. «Bortxaz Aroztegiko parajeak ebatsi nahi dizkigute, bortxaz gure haritz zaharrak botarazi dituzte, bortxaz gure beharrei erantzuten ez dien eredu bat inposatu nahi digute, eta bortxaz epaitegietarat igortzen gaituzte».

Euskal Herriko eragile eta norbanakoei elkartasunez erantzutera dei egin diete, eta, horretarako, [email protected] helbidea prestatu dute. «Zazpi gara auzipetuak, baina zigorra herri oso baten kontrakoa da».

UGEPa, indarrean

UGEP udalerriz gaindiko eragina duen planaren afera ere gogora ekarri dute agerraldian. Uste dute egungo egoera Nafarroako Gobernuak sortu duela, «baztandarrei sor-gor eginez», eta, hortaz, hari dagokiola «UGEPa bertan behera uztea eta ebatsitako lurrak nekazariei eta Baztango Batzar Nagusiari itzultzea».

Bederatzi urte daramatzate baztandarrek tresna horren kontra egin nahian. 2015eko hauteskundeetarako bortz egun bakarrik falta zirenean, Yolanda Barcinaren gobernuak proiektuaren UGEPa tramitatzea onartu zuen —oraindik indarrean dago—. Tresna horren bidez, Baztango Udalak lur horien gainean zituen hirigintza arloko konpetentziak bertan behera gelditu ziren, eta Nafarroako Gobernuaren eskuetara pasatu. Hau da, udalak ez du erabakitzeko gaitasunik.

2015eko mugimendu haren ondotik, UPNk gobernua galdu zuen, eta Geroa Bairen esku gelditu zen. Horrek, ordea, apenas izan zuen eraginik, Uxue Barkosen alderdiak Aroztegiko proiektua defenditu baitu, bai Baztanen bai Nafarroan.

Auzia gatazka iturri izan da Baztango Udalean, proiektuaren alde eta kontra lerratu izan direlako alderdiak: EH Bildu eta Baztango Ezkerra kontra, eta UPN eta Geroa Bai alde. Herritar gehienak ere proiektuaren kontra agertu dira: 2016an herri galdeketa bat egin zuten: herritarren %27,7k parte hartu zuten, eta horietatik %82,8k adierazi zuten proiektuaren kontra zeudela. Oposizioak oposizio, 2021ean obrak hasi zituzten, baina orain auzipetu dituzten herritarrek, bertze hainbatekin batera, geldiarazi egin zituzten.

Kalifikazioak

Nahiz eta zigor eskariak orain iritsi diren eta UGEPak ia hamar urteko historia duen, 2008an abiatu zen Aroztegiko proiektua. Urte hartan, enpresa sustatzaileak 45 hektarea lur erosi zituen, laborantzarakoak. Baztango Udalak ーorduan Nafarroa Baik zuen alkatetzaー, ordea, lursailen kalifikazioa aldatu zuen, eta hiri lurzoru izendatu. Lekarozko herria eta Baztan erabaki horren kontra agertu ziren.

Urtebete geroago, hirigintza planari buruzko kontsulta egin zuten Lekarozen, eta gehiengo osoz gailendu zen kontrako iritzia. Urte bereko azaroan Aroztegia eta gero zer? herri plataformak alegazioak aurkeztu zituen Baztango Udalean. 2013ko urrian helegitea onartu, eta Lekarozko lursailen kalifikazioa baliogabetu zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak.

Enpresak, baina, ez zuen amore eman, eta hurrengo urteko abenduan zenbait aldaketa egin zituen proiektuan. Horiek aintzat hartuta, lursailen kalifikazio aldaketa onartu zuen gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.