Hogei urte bete ditu BERRIAk: mugarri bat, hazten jarraitzeko

Ekainean aurkeztu zuen egunkariak Amagoia Mujika Tolaretxipi zuzendari berria, eta azaroan aurkeztu zuten egunkari berritua. Apustu digital sakona egin du BERRIAk, euskaldunoi ahalik eta egunkari onena eskaintzeko asmoz.

BERRIAko lantaldearen ordezkaritza bat, erdian Amagoia Mujika zuzendariordea dela, joan den larunbatean Donostian eginiko ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
BERRIAko lantaldearen ordezkaritza bat, erdian Amagoia Mujika zuzendariordea dela, ekainean Donostian eginiko ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Amagoia Mujika Tolaretxipi - Iban Arregi
2024ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun

2023a oso urte berezia izan da BERRIArentzat. Ziklo berri baten hasiera. Hasierako eginkizunari sendoago heltzeko hasiera berri bat. Goitik behera aldatu da BERRIA, euskaldunoi ahalik eta egunkari onena eskaintzeko asmoz. Ekainean aurkeztu zuen BERRIAk Amagoia Mujika Tolaretxipi zuzendari berria, Donostiako Tabakaleran, seiehun lagunen aurrean, eta lemazain berriak gidatuta aurkeztu zuen egunkari berritua azaroaren 20an. Apustu digital sakona eta sendoa egin du BERRIAk, aldi konplexu honi ahalik eta kazetaritza onenarekin erantzuteko anbizioarekin eta irakurle eta babesle berriengana ailegatzeko xedez.

Iaz esan bezala, testuinguru ekonomiko oso zail batean ari da BERRIA bere eginkizuna betetzen. Hedabideen negozio eredua bera dago zalantzan azkeneko urteetan (publizitate joerak, paperaren eta kontsumo ohitura tradizionalen gainbehera….) eta, lehendik ere zaila bazen kalitateko kazetaritza bideragarri egitea, munduko testuinguru ekonomikoak are eta gehiago zaildu du eginkizuna, prezioen igoera etengabeak BERRIAri ere kalte egin baitio 2023an, berriro. Zailtasunak zailtasun, iazko urtea ozta-ozta galerarik gabe bukatzea lortu du Berria Taldeak.

Diru sarreren atalari begiratuta, BERRIAlagunen ekarpenen, papereko harpidetzen eta kioskoko salmenten bitartez lortu zen %33. Paperaren jaitsierari –2023an ere behera egin zuen egunkarien salmentak, %2– BERRIAlagunen ekarpenekin eusteko nahikoa lan izan zen –%2,55 gora egin da arlo horretan–. Sekula baino BERRIAlagun gehiago ditu proiektuak –15.750 2023 bukaeran–, baina, mundu osoko egunkariekin gertatzen ari den moduan, BERRIAren etorkizuneko negozio eredua zalantzan dago.

Sekula baino BERRIAlagun gehiago ditu proiektuak, baina, mundu osoko egunkariekin gertatzen ari den moduan, BERRIAren etorkizuneko negozio eredua zalantzan dago.

Diru laguntzek ere garrantzi handia izan zuten 2023an, Eusko Jaurlaritzarekin egindako akordioari esker lortu baitziren taldeko sarreren %24. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzaren KSItek deialdia –kultura eta sormen industriak sustatzea helburu duena– baliatu genuen produktuaren berritze integralak eskatzen duen inbertsioa laguntzeko –produktuen diseinua, edizio sistema, CMS webeko edizio sistema eta antolaketa–; bestalde, bi urtez jarraian horrela egin eta gero, Eusko Jaurlaritzak ez zien egunkariei eta irratiei diru laguntza berezirik eman 2023an –2022an, 287.000 euro jaso zituen bide horretatik BERRIAk–. Publizitate salmenta ondo joan zen 2023an, neurri batean BERRIAren 20. urteurrenak lagunduta; 2022an baino %7 publizitate gehiago saldu zen 2023an.

Gastuen atalari erreparatuta, KPI handiak eragin negatiboa izan zuen, beste behin. Gastuen %60 soldatak ordaintzeko erabili zen, eta, aurreko urtean bezala, 2023an ere urteko soldata igoera ezin izan zen KPIaren mailara iritsi –%2,5eko igoera kontsolidatua besterik ez zen gauzatu–. Lan baldintzak nahi baino eskasagoak izanik ere, urte batetik bestera 100.000 euro gehiago bideratu da soldatetara. Testuinguru estruktural zail baten adierazlea da. Gastuen atala %3,7 igo zen 2023an, aurreko urtearekin alderatuta.

Etorkizunera begira, derrigorrez jorratu beharreko aldagaiak ditugu hedabideen modernizazioa, digitalizazioa eta, azken batean, berrikuntza integrala.

Testuinguru ekonomiko zail horren erdian, etorkizunera begira derrigorrez jorratu beharreko aldagaiak ditugu hedabideen modernizazioa, digitalizazioa eta, azken batean, berrikuntza integrala –modu zabalean ulertuta–; eta hori gastua da, hori inbertsioa da. Komunitate gisa, modernizazioari eta eguneratze teknologikoari heldu behar diegu, euskarazko ekoizpenak sustatu eta indartzeko bidean. Erronka horiei aurre egiteko, dedikazioa eta baliabideak behar ditugu, besteak beste lan baldintza duinak bermatzeko. Euskarazko komunikabideek funtzio sozial garrantzitsua betetzen dute euskararen normalizazio prozesuan, baina baita informaziorako eskubidean, iritzi aniztasunaren bermean eta desinformazioaren aurkako borrokan ere. Horiek horrela, BERRIAren komunitate osoak erronka handia dauka esku artean eta, eraginkortasunez aurrera egingo badu, funtsezkoa du proiektuaren bideragarritasuna eta independentzia bermatuko duten irakurle konprometituen komunitatera kide berriak erakartzea; 3.000 kide berri 2025erako.

Saihestu ezinezko eraldaketa prozesu horretan ezinbestekoa dugu erakunde publikoen laguntza handiagoa ere, eraldaketa betean dauden beste sektore estrategiko asko ere jasotzen ari direna; Eusko Jaurlaritzarekin daukagun akordioa berritzea tokatuko da 2025ean, eta ezinbestekoa izango da BERRIAk eta sektoreak aurrean dituen zailtasun ekonomikoen eta erronken neurrikoa izatea azken emaitza.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.