Iragan uztailaren 23an Ipar Euskal Herria blokeatu zuten ehunka bakegilek. Prefetak ezarritako debekuen gainetik, zirkulazioa oztopatzea lortu zuten ekintzaileek. Horietako hogei epaituko dituzte datozen hilabeteetan: autobidean eta trenbidean Frantziako Poliziak atxilotutakoak. Auzien nondik norakoak emateko agerraldia egin zuten atzo Baionako geltokian.
Abenduaren 15ean, bederatzi kide pasatuko dira epailearen aitzinetik, Akizeko Auzitegian (Okzitania). Trenbidea oztopatu izana leporatzen diete. Auziaren egunean ekintzaileak sostengatzera deitu dituzte herritarrak; autobusak antolatuko dituzte Akizeko Auzitegira joateko. Gainerako 11 ekintzaileak Baionan epaituko dituzte ondoko urteko otsailaren 2an: autopista blokeatzea eta debekatutako manifestazio batean parte hartu izana egozten diete.
Bestalde, Bake Bideko Anaiz Funosasek jakinarazi zuenez, Miarritzeko (Lapurdi) aireportuko pistara sartu ziren sei ekintzaileek 350 euroko herritar ekarpen bat pagatu behar izan dute. Azkaineko (Lapurdi) eta Miarritzeko blokeatzeetan ziren zortzi herritarrei, bestetik, 135 euroko isuna jarri diete debekatutako manifestazio batean parte hartzeagatik.
Dena dela, desobedientzia ekintza baikorki baloratu du Funosasek. «Ion [Parot] eta Jakes [Esnal] Euskal Herrian dira, eta hori zen lehen erronka. Bestalde, lortu dugu Parisko Dei Auzitegiak onartzea Euskal Herriko egoera politikoa aldatu dela». Hortaz, egindako ekintza «bururaino asumitzen» dutela erran zuen. Gogorarazi zuen desobedientzia ekintza «muturreko egoera» bati erantzuteko egin zutela, bake prozesua «oztopatua» ikusten zutelako eta Esnalen eta Paroten auziak ez zirelako aitzinatzen. Orotara, 1.700 herritarrek parte hartu zuten blokeatze egunean.
Harekin bat egin zuen Alice Leizeagezahar ekintzaileak. Trenbidean atzeman zuten hura uztailaren 23an, eta auzipetua da orain. «Auzipetze horrek politikoa izan behar du. Guk ez dugu gure plazerarendako egin blokeatze hori, baina gauzak ez baitziren gehiago aitzinatzen».
Esnal eta Parot, etxean
Ion Parot euskal presoak Mureteko espetxea utzi zuen iragan urrian. 32 urtez preso egon ondotik, Euskal Herriko bidea hartu zuen. Urtebetez etxean egon behar du probaldian, baldintzapean aske geratu aitzin.
Jakes Esnal ere presondegitik atera zen urrian, Parot atera eta egun batzuk berantago. Eskumuturreko elektronikoa eraman behar du, etxean zigorra betetzen jarraitzeko.
Hogei 'bakegile' epaituko dituzte uztaileko blokeoaren harira
Trenbidea oztopatzeagatik bederatzi lagun epaituko dituzte abenduan. Autobidea blokeatzeagatik, berriz, 11 lagun epaituko dituzte otsailean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu