Hobi multzo zabala, noiz azaleratuko zain

Etxaguengo eliza alboan aurkitu dute orain arteko Arabako hobi komun handiena; Jaurlaritzaren Hobien Mapak dio beste hamasei izan daitezkeela, gehienak bistaratzear.

Anakoz Amenabar.
2013ko apirilaren 12a
10:33
Entzun

Oroimen historikoa berreskuratzeko lanean, poliki-poliki bistaratzen doaz lurralde osoan zehar sakabanatuta dauden hobi komunak. 1936ko gerran fusilatutako eta desagertutako pertsonen arrastoaren bila dabil Aranzadi zientzia elkartea azken urteetan, hildakoen senitartekoek edota lekukoek emandako informazioaren atzetik, eta Etxaguenen egin dute azkeneko aurkikuntza. Legutioko frontean hildako hamabi milizianoren gorpuak atera dituzte Zigoitiko herrixkan; azaleratzear dauden gune beltzak, ordea, ugari dira oraindik Araban.

Herritarrek emandako abisuei esker eta haien kontakizunekin osatu du Eusko Jaurlaritzak, hain zuzen, hobien mapa, behin-behinekoa, eta handituz eta zehaztuz joango da ikerketa berriek emaitzak ematen dituzten heinean. Une honetan, Arabako hamabi herri ageri dira Jaurlaritzak prestatutako mapan, eta hobiak izan daitezkeen hamazazpi txoko. Horietako batzuk agerian geratu dira dagoeneko, eta beste zenbaitetan lanak hasiko dituzte aurki; urteetan lurrak aldatu direlako edota bestelako zailtasunengatik, baina azaleratu gabe gera daitezke beste asko.

1980ko hamarkadan hainbat indusketa egin bazituzten ere, azken urteetan La Tejera portuan egindakoa izan zen Araban aurkitutako aurrenekoa, Aranzadi elkarteko Lourdes Errasti antropolo eta arkeologoak azaldu moduan. Ahaztuak elkarteko kideen  laguntzari esker, Burgosko (Espainia) hiru lagunen gorpuzkiak aurkitu zituzten han, duela hiru urte eginiko lanetan.

Etxaguenen, berriz, herritarrek hala eskatuta hasi ziren lanean Aranzadiko kideak. Felix Placer apaizak, herritarrek kontatutakoa jaso, eta udaletxera eraman zuen proposamena. "Udalak aho batez jaso zuen, eta jarraian egin ziguten guri eskaera; hobi bat omen zegoen han, eta bertan zeudenak ateratzeko eskatu ziguten", azaldu du Errastik.

Perezagua batailoia

Hainbat astez Etxaguengo eliza alboko zelaian ibili ostean, joan den ostegunean erakutsi zituzten aurkitutako hamabi gorpuzkiak. 1936. urteko azaroan eta abenduan Zigoiti inguruan izan zen gerra frontean hildakoen lagunenak dira, Perezagua batailoikoak ziurrenik, baina oraindik hainbat datu zehazteko dituzte Aranzadi elkartean. "Gauzak oraindik ez daude guztiz argi, dokumentatzeko eta aztertzeko lan handia dagoelako oraindik. Perezaguako batailoia aipatu dute, baina beste batailoi batzuk ere ibili ziren han, eta edozeinetakoak izan daitezke".

Azken egunetan hedabideetan zabaldutako informazioen inguruan "zuhur" jokatu behar dela dio Errastik, "zehatz-mehatz jakin artean". Izan ere, azken egunetan dei ugari jaso dituzte Aranzadin, euren senitarteko bat batailoian ibili eta hilda edo zauritu zutela dakitenenak: "Batetik, ondo dago ezagutzera ematea, jendea animatu egiten delako, baina, bestetik, behar ez diren espektatibak pizten ditugu zehatz-mehatz jakin gabe".

Beharrezko datuak jaso, Etxaguenen bertan dauden hildakoen zerrendak aztertu, senitartekoengana jo eta orduan ekingo diote azterketa genetikoa egiteari.

Etxaguengo kanposantuan ere hobi komun bat dago, herritarrek jakinarazi dutenez, eta horri helduko dio Aranzadik, ostean.

Gordetako hobiak

Bateko eta besteko abisuak heltzen dira Aranzadira, hobi komunak ager daitezkeen inguruetakoak. Horiek ondo aztertu eta beharrezko ikerlana egitea merezi duen erabakiko dute orduan.  Eusko Jaurlaritzan ageri diren leku horietako asko aztertu gabe daude oraindik. Legutio eta Amurrioko kanposantuetan, esate baterako, hobi komunak izan daitezkeela jasotzen du mapak; lan hori egin behar duten erabakitzeko dute, ordea: "Askotan lurrak mugitu dituzte, beste erabilera bat eman zaie eta oso zaila da ezer topatzea; lehentasunak jarri behar dira".

Kuartango bailaran, esaterako, hobiren bat izan zitekeelako azterlana egiten aritu zirela gogoratu du Errastik, baina arrakastarik ez zuten izan. "Hobiren bat baldin badago, zaila izango da topatzea, lurrak asko aldatu direlako eta ibai ertzetik gertu ere egon daitekeelako, deseginda". Lehentasunak ezartzeko garaian, halaber, herritarren eskaerarik dagoen ikusten dute.

Urte asko daramatza Errastik gorpuzkiak bilatzeko lanean, baina hobi bakoitza ezberdina dela esan du, "gezurra badirudi ere". Antzekotasunak dituzten arren, hobi bakoitzak du berezi egiten duen ezaugarriren bat. "Bakoitzak du bere gauza, inguratzen gaituzten herritarrengatik, aurkitzen dugunagatik... Senitarteko jakin baten bila gabiltzanean familia aldamenean dugu, eta horrek berezi egiten du". Ezjakintasunak, aldiz, gauzak "distantzia gehiagorekin" egitea dakarrela azaldu du.

Etxaguenen familiakorik ez dute izan ondoan, baina herritarrek emandako babesa nabarmendu du Errastik. "Beste leku batzuetan gertatu ez bezala, udalaren babesa izan dugu, are gehiago, Beran egin genuen moduan, eta horrek berezi egiten du aurkikuntza".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.