«Eskubide demokratikoak defendatzen ditugu, eta Madrilgo epaiketako auzipetuen hobengabetzat jotzeko eskatzen dugu». Halaxe adierazi dute Ipar Euskal Herriko hogei eragilek Baionan osatutako adierazpenean. 04/08 auzian astelehenetik aurrera Aurore Martin eta Haizpea Abrisketa epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, ezker abertzaleko bertze 33 militanterekin batera, Batasuna berregituratzea leporatuta. Alderdi politiko, eragile eta sindikatu ugarik gaitzetsi du auzia, «jarduera politikoa» epaituko dutelakoan, eta auzipetuak errugabetzat jotzeko eskatu dute. Frantziako Gobernuari, berriz, konponbidean urratsak egitea galdegin diote: «Elkarrizketa bidea defendatu, eta errepresioaren gelditzea eskatzen dugu». Astelehenean bertan elkarretaratzera deitu dute, 18:30ean, Baionako Herriko Etxean.
Martin eta Abrisketarekin batera, CDFT sindikatuko Michel Larralde, LDH Giza Eskubideen Ligako Christophe Desprez, NPA alderdiko Claude Larrieu eta EELV Europa Ekologia Berdeetako Alice Leiziagezahar mintzatu ziren eragile guztien izenean, atzo, Baionako agerraldian. Bertan izan ziren, halaber, babesa adierazi dieten hogei eragileetako kideak: CDDHPB, Cimade, Bake Bidea, Anai Artea, OIP Baiona, Etxerat, EKB/Ahaideak, CGT Miarritze, ELB, LAB, EHZ, EH Bai, PG, Ensemble Pays Basque, Aitzina eta Autonomia Eraikikoak.
Pareko, baina ezberdin
Abrisketa 2007an atxilotu zuten, Seguran (Gipuzkoa) egindako polizia operazioan, hilaren 12an Madrilgo auzitegira joan beharko duten gehienen antzera. Martinen kasua ezberdina izan zen. Izan ere, epailearen aitzinera ez joatea erabaki zuen, eta euroagindu eskaera baten bidez atxilotu eta Espainiaratu zuten, 2012an. Biek dute frantses herritartasuna, eta oroitarazi dute Batasuna ez dela alderdi ilegala Frantzian. «Hamar urterainoko presoaldia arriskatzen dute, Batasuna, EHAK eta Segi Espainian legez kanpo ezarri ondotik iragan ekintza politikoengatik: mitinetan parte hartzea, biltzarrak, prentsako artikuluak...», esan dute agerraldian eragileek. «Jarduera politikoa da epaituko dutena».
Espainiako Auzitegi Nazionalera gainontzeko auzipetuekin batera joanen direla nabarmendu du Martinek: «Garai hartan erabaki nuen ez aurkeztea, baina orain ezberdina da. Estrategia komun bat eramanen dugu; kolektiboa».
Epaiketatik haratago, ezker abertzaleko militanteak Frantzia eta Espainiako gobernuei eskatu diete konponbideranzko urratsak egiteko; erraterako, presoak Euskal Herrira hurbiltzeko.
Hobengabe nahi dituzte 35ak
Ipar Euskal Herriko hogei eragile, sindikatu eta alderdik salatu dute Aurore Martin, Haizpea Abrisketa eta bertze 33 militanteren aurkako epaiketa.Astelehenean Baionan elkarretaratzera deitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu