HERNANI. Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren bigarren deialdia aurkeztu zuten atzo Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) eta Hik Hasi egitasmoak. Ainhoa Azpirotz Hik Hasi egitasmoko arduradunak adierazi zuenez, aurtengo deialdiak hobekuntza pedagogikoan eta ikerketan jarriko du arreta: «Bekara aurkeztuko diren proiektuek ikastetxeei hobekuntzan eta eraldaketa pedagogikoan laguntzea nahi dugu, eta, horretarako, ikerketa bat egitea eta horren ostean bide orri bat eskaintzea hobetsiko da». Hala, «eraldaketa prozesuetan dabiltzan edo hasi nahi duten ikastetxeei helduleku bat» eman nahi diete.
Euskal Herrian «hezkuntza hobekuntzan» lan egiten duten horiei dago zuzenduta: ikerlariei, ikerketa taldeei, pedagogoei, hezitzaile taldeei nahiz unibertsitateei. Proposamenak 2023ko abenduaren 1a bitartean aurkezten ahalko dira, eta, lan guztiak aztertu ostean, urtarrilaren 8an jakinaraziko da nork irabazi duen. Beka 12.000 eurokoa izanen da, eta proiektua bi urteko epean gauzatu beharko da.
Hobekuntza eta ikerketa, Auzmendi bekaren ardatz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu