Etxeko hizkuntza ez den beste hizkuntza batean osoki eskolatua izateari esaten zaio murgiltzea. Munduko herrialde anitzetan gauzatzen da, eta aitzindaria izan zen horretan Quebeceko eskola, 1960ko hamarkadatik: hiztun elebidunak lortzeko, frantsesezko murgiltze sistema sortu zuten, etxetik ingelesa jasotzen zuten haurrak eskolatzeko. Hitza bera, murgiltzea, Quebecetik dator. Emaitzak izan ditu modeloak, eta hizkuntza gutxituak dituzten herrialdeentzat adibide eta eredu izan da. Egoera diglosikoan bizi diren herrialdeetan, are garrantzia handiagoa du murgiltzezko irakaskuntza sistemak: hizkuntza nagusia gizarteko arlo guzietan gehien hedatua izanik, eskolak hizkuntza gutxituari lehentasunezko lekua ematen dio, edo emateko helburua du, behintzat, ikasleek hizkuntza gutxitu hori ere ikas dezaten.
Murgiltzezko ereduak, ordea, anitz dira. Izan ere, herrialde bakoitzeko egoera soziolinguistikoak eta berme juridikoek baldintzatu dezakete hezkuntza sistema hori. Euskal Herrian bertan, hiru lurralde administratibotan banatuta egoteak euskarazko murgiltze sistema diferenteak izatea dakar, ez baitira berdin gauzatzen Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan edota Ipar Euskal Herrian. Hizkuntzak biziberritzeko, hezkuntza sistemak aztertzea eta baloratzea ezinbestekoa da: ikerketa anitz eman ditu euskarazko murgiltze sistemak, eta nazioarteko beste herrialde zapalduetako esperientziak ere aztertuak dituzte hainbat adituk. Denak bat datoz: hizkuntza gutxituan murgilduta egoteak ez dakar, inolaz ere, hizkuntza hegemonikoa galtzea; alderantziz, ikasleen elebitasuna —edo eleaniztasuna— bermatzen du.
Ibon Manterola EHU Euskal Herriko Unibertsitateko hizkuntzalaria da, eta zabal aztertua du murgiltzea. Definizio bat ematean, hezkuntza sistema horren «helburuak eta ezaugarriak» bereizi behar direla uste du. «Murgilketaren ezaugarri funtsezkoa da haurren elebitasuna edo eleaniztasuna sustatzen duela; horregatik, helburuaren aldetik dira murgilketa ereduak indartsuak. Haurrek eskolan erabiltzen duten hizkuntza ez da etxean egiten dutena, beste bat da. Hala, bigarren edo hirugarren hizkuntza batean eskolatzea da murgilketa; eskolatzea diodanean, esan nahi dut matematika eta bestelako arloak ikasteko ez dutela erabiltzen etxeko hizkuntza, baizik eta bigarrena edo hirugarrena». Hartara, gehikuntzazkoa dela erraten zaio murgiltze ereduari, erran nahi baita etxeko hizkuntza kaltetu gabe beste baten menperatzea dakarrela.
Ongi bereizi behar dira, beraz, murgiltze eredua eta azpiratze eredua. Aveláli Flors Mas Bartzelonako Unibertsitateko hizkuntzalariak azaldu du azpiratze ereduak kenketazkoak direla: «Ikasleak bigarren hizkuntza batean ere eskolatzen dituzte —normalean, hizkuntza nagusia edo menderatzailea da testuinguruan—, hizkuntza eta kultura aldetik gehiengora asimilatzeko helburuarekin, ikaskuntza prozesuan beren lehen hizkuntza aitortu eta erantsi gabe: frankismoaren hezkuntza eredua edo eskola jakobino frantsesa, bi adibide jartzearren».
Berme juridikoak
Horiek horrela, berme juridikoak beharrezkoak dira eredua sustatzeko momentuan. Kasurako, Frantziako Kontseilu Konstituzionalak iragan maiatzean hartutako erabakiak egoera hauskorrean jartzen ditu Frantziaren menpe dauden herrialdeetako murgiltze ereduak: Ipar Euskal Herriko ikastolak, Bretainiako Diwanak, Okzitaniako Calandretak eta Ipar Kataluniako Bressolak, besteak beste.
Manterolaren ustez, hizkuntza gutxituaren egoera juridikoak zuzeneko ondorioak ditu murgiltze ereduaren arrakastan. Are gehiago, Flors Masek azaldu du hizkuntza hegemonikoaren ordezkari politikoek hainbat oztopo jartzen dizkiotela hizkuntza gutxituaren irakaskuntzari. «Hizkuntza gutxitu baten ezagutza unibertsalizatu eta haren errepertorioa idatzira eta eremu formaletara zabaltzen duen hezkuntza sistema bat bereziki mehatxagarria da asmo hegemonistak dituztenentzat, ordura arte hizkuntza nagusia bakarrik erabil zitekeelako gizarteko eremu gehienetan».
Harekin bat egin du Manterolak, Euskal Herriko egoera begiratuta: «Lege babesik handiena izan duen lekuetan izan du hedapenik handiena. Hau da, gobernuek gehien bultzatu duten lekuetan iritsi da urrutiena. Kasurako, hiztun kopuru handiena eta irakasle euskaldundu gehienak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daude. Iparraldean ere garatu da murgiltzea, eta Nafarroan ere bai, baina tamainari begiratuz gero, dimentsioan, ez da hain kuantitatiboa».
Lege babesak eskola ereduen arrakasta baldintzatzen du, beraz. Baina beste faktore batzuk ere behar ditu: «herri mugimendua» deitzen dio horietako bati Manterolak. «Murgilketa eredu arrakastatsuek izan dute oinarrian komunitate engaiatu bat. Murgilketa eredu arrakastatsuetan, gurasoek hizkuntza jakin ez arren, engaiatuak daude, eta neurriak hartzen dituzte haurrek praktikatu dezaten. Agian ez dute gurasoek haurrekin hitz egingo, baina haurren sozializazioan hizkuntza gutxituan egitea sustatuko dute». Zentzu horretan, adibide izan daiteke Galiziako Semente murgiltze eredua aplikatzen duen eskola, Manterolaren arabera. Guraso «konprometitu» batzuen borondatetik abiatu zen, baina ez du oraino lege babesik lortu: «Funtzionatzen du, baina garatzeko zailtasunak izanen ditu lege babesik gabe». Hala, eredua «sortzea» da bat, eta «garatzea», bestea.
Egoerak baldintzatuta
Dena den, hizkuntza gutxituen biziberritzea eskolaren bidez bultzatzean, eta horretarako murgiltze ereduak plantan ezartzean, hiztun komunitate bakoitzak bere estrategia propioak izan behar dituela uste du Flors Masek. Hego Kataluniako eta EAEko hezkuntza ereduak alderatu ditu, erakusle gisa. «Alde nagusia da Katalunian eredu bakarra sustatzea erabaki zela, katalana komunikazio hizkuntza nagusitzat hartuta; EAEn, berriz, eredu hirukoitza mantentzea erabaki zen, euskarak komunikazio hizkuntza gisa duen presentzia aldakorrarekin».
Bi sistemek beren abantailak dituztela uste du. D ereduak eta Kataluniako murgiltze ereduak emaitza bertsuak lortzen dituzte, bere ustez. Gehitu du: «EAEn hiru eredu direnean, aurrerapen nabarmena lortu du D ereduak, familiek beren seme-alabak zein hezkuntza eredutan eskolatuko diren aukera baitezakete; gizarte gatazka gutxiago eragiten du horrek. Nolanahi ere, hizkuntza komunitate bakoitzak bere estrategia eta diskurtso legitimatzaileak garatu behar ditu, bere baldintza soziolinguistiko partikularren arabera».
Manterolak ere ikusten ditu ezberdintasunak Kataluniako eta Euskal Herriko murgiltze ereduen artean: «Kataluniak beste liga batean jokatzen du». Izan ere, «indar etnolinguistiko» ezberdina dute bi hizkuntzek; bestela erranda, gizartean ez dute pisu bera. «Katalanak Katalunian duen babes soziala handiagoa da. Konparaziok kontu handiz egin behar dira, baina, kasurako, Galesko egoerari begiratuz gero, ingelesaren aldean, askoz ere ahulago da galesa katalana gazteleraren aldean baino. Esango nuke galesaren egoera euskararen antzekoagoa dela».
Nazioartean eredu izan den Quebeceko abiapuntua berriro gogora ekarrita, Manterolak zehaztu du «ingelesaren eta frantsesaren pisu etnolinguistikoa nazioartean indartsuenetakoa» dela. Hala, ezin da «bere horretan» aplikatu hizkuntza gutxituak dituzten herrialdeetan. Haatik, Quebeceko murgiltze eredua ikertu duten adituen emaitzek argi utzi dute ikasleak hiztun oso bilakatzen direla bi hizkuntzetan: etxekoa eta eskolakoa menperatzen dituzte. Argumentu horrek hizkuntza gutxituen murgiltze ereduak zilegi egiteko balio izan zuen, haren ustez. «Erreferentzia izan zen Quebeceko eskola Euskal Herrian argudio gisa balio zuelako, haur elebidunak egitea posible zela frogatzen zuelako».
Unescok munduko hizkuntza gutxituen nazioarteko jardunaldiak antolatu zituen 2003an. Orduko txostenean, dagoeneko, hizkuntza gutxitua eskolatze hizkuntza izatea ezinbestekotzat jo zuen. «Arriskuan dauden hizkuntzak ez badira irakaskuntzaren ardatz gisa erabiltzen, hizkuntza menderatzailea hedatzea bultzatuko da hizkuntza minoritarioen kaltetan». Alegia, hizkuntza gutxitua izan behar da eskola jarduera guztiak gauzatzeko hizkuntza. Flors Masek baieztatu du hamarkadetan eramandako ikerketek frogatzen dutela hori. «Minorizazio testuinguruetan, hizkuntza gutxituaren presentzia indartua duten ereduek bakarrik lortzen dute ikasleak benetan elebidun izatea, hau da, hizkuntza menderatzaile eta gutxituan gaitasun baliokidea lortzea».
Gainera, uste du murgiltzeak jasan ditzakeen erasoen kontra balio dutela ikerketa horien emaitzek, balio bat ematen diotelako hizkuntza gutxituari. «Murgiltze ereduak, eta, oro har, hizkuntza gutxitua hezkuntza sisteman sartzea, ideologia diglosikoen aurka egiteko arma bihurtzen dira, frogatzen dutenagatik: Hizkuntza gutxituek, zalantzarik gabe, erabilera eta funtzio garaikideetarako balio dutela».
Mugak ere baditu
Nolanahi ere, eskolako murgiltze ereduak ezin du berak bakarrik hizkuntza gutxituaren biziberritzea segurtatu. Manterolak uste du askotan eskolaren gabeziak aipatzen direla horren esplikatzeko, baina «bidegabea» iruditzen zaio. «Biziberritzea ez da euskara eskolako hizkuntza izatea, baizik eta sozializazio esparru gehienetan euskaraz egitea». Gurasoen inplikazioa ezinbestekoa da, haren ustez. «Arazo horren fokua ezin zaio bakarrik eskolari bota. Familietan zenbateraino sustatzen da, nahiz eta gurasoek ez jakin? Haurrek aisialdia euskaraz egiten al dute? Bidegabea da pentsatzea eskolak bakarrik konponduko duela hori; bidegabea eta okerra».
Ikusi gehiago:
Eskolatik euskaran murgiltzen
Eskolak bakarrik ezin duenean
Aisialdian ere euskarari eremuak irabaztera
Nola mugitu lur idorretan
Murgiltze ereduak. Ikerketa lanak
Hiztunak lortzeko modu bakarra
Murgiltze eredua ezinbestekoa da hizkuntza gutxituen biziberritzerako; hala diote, behintzat, adituek. Nazioartean, Quebecen hasi, eta Europako herrialde zapalduetara zabaldu den eskolatze modua da, lekuan lekuko egoeretara egokituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu