Euskara

Hiztunak aktibatzeko zailtasunak antzeman ditu euskararen markari buruzko ikerketak

Euskararen inguruko iruditeria aztertu du EHUren NIK ikerketa taldeak. Euskararen presentzia «apala» den arren, ezaugarri positiboekin lotzen dute herritarrek.

Ikerketaren aurkezpena, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko ekainaren 7a
20:28
Entzun

Marka irudi ona du euskarak, baina ez ditu hiztunak nahi beste aktibatzen. Gorrotatzaile baino askoz maitale gehiago ditu, baina atxikimendu horrek ez du ondorio pragmatiko nahikorik: adibidez, ez ditu herritarrak bultzatzen euskara ikastera. Euskararen marka azterlana aurkeztu du gaur EHU Euskal Herriko Unibertsitateko NIK ikerketa taldeak, Bilbon egindako bilkura jendetsu batean, eta hizkuntzaren inguruko iruditerian antzemandako hainbat arriskuz ohartarazi du Estitxu Garai ikerlariak: «Ezaugarritzea positiboa da, baina izaera mitiko batekin lotuta, hizkuntza bitxia eta zaila delakoan; maitatua da, bai, baina eguneroko funtzionaltasunetik urrun».

Komunikazio, marketin zein hizkuntzalaritza alorretan ari diren ikerlariek osatzen dute NIK taldea, eta berariaz euskararen markaren inguruko lana garatzeko sortu dute. Euskal Herri osoko 1.188 herritarri eginiko inkestan ez ezik, eztabaida taldeetan jasotako hausnarketetan oinarritu dute txostena. Lan tresna interesgarria izatea espero dute, euskararen inguruko iruditeria marraztu baitute bertan, Garairen hitzetan: «Euskarari buruz pentsatzen dugunean burura datorkigun asozioazioen bilduma, hori da euskararen marka. Eta zergatik lantzen dugu markagintza? Iruditeria kolektiboan dagoen hori landu eta aldatu daitekeelako».

Euskararen presentzia aztertzean, ondorioztatu dute batik bat eskolarekin eta etxearekin lotzen dutela hiztunek euskara hutsean aritzea: %13,1 eta %12,4 hurrenez hurren; %6-8k lotzen dute unibertsitatearekin, aisialdiarekin, lagunekin edota administrazioarekin, eta %2k hedabideekin, kulturarekin edo eremu digitalarekin. Azken esparru horietan presentzia handiagoa da euskara eta erdaretako bat erabiliz gero, baina halere portzentajeak «apalak» dira, hizkuntza hegemonikoekin alderatuta: gaztelaniak eta frantsesak %70etik gorako presentzia dute erabilera egoera guztietan. «Gizarte elebidunaren ondorio» dira desoreka horiek, Angeriñe Elorriaga ikerlariaren arabera.

Hizkuntzak presentzia apala izan arren, ezaugarri positiboekin lotzen dute herritarrek. Hizkuntza «polita» dela adierazi dute %78k. «Positibotzat jo daiteke, euskaldunen harrotasuna adierazten duelako eta hiztun berriak erakar ditzakeelako, baina badakigu hizkuntza gutxituetan arriskua ere badakarrela, funtzio estetikoari ez bazaio funtzio praktikorik gehitzen», azaldu du Irene Garcia Ureta NIK taldeko kideak. Hizkuntza aberatsa dela eta etorkizuna duela esan dute ia hiru laurdenek, baina %70,7k erantsi dute «zaila» dela. «Oztopo handia izan daiteke hori». Erabilgarritasunaz galdetuta, %45ek balio praktikoa aitortzen diote, baina beste %40k uste dute ez duela halakorik; tartean, euskaldun hartzaileen %52k. Asoziazio sinbolikoei dagokienez, euskara «autentikoa» da %78rentzat, «tradizionala» %68rentzat, eta «maitatua» %56rentzat. Idealizazioaren arriskuaz ohartazi du Garciak: «Antzinako izaera mitiko batekin lotu daitezke ezaugarri horiek, hizkuntzak egunerokoan eta eremu askotan eduki behar duen funtzio praktiko komunikatibotik urrunago, eta erabilera sinbolikora mugatuta».

Atxikimenduaren alorrean ere datu positiboak dira nagusi, Sergio Monge ikerlariaren hitzetan: «Hater gutxi ditu euskarak (%4), nahiz eta oso zaratatsuak diren. Maitale askoz gehiago dauzka: %69,7k diote euskara asko gustatzen zaiela». Halere, jauzi handia sumatu dute atxikimendutik aktibaziora. Euskararen aldeko jardueren artean bat nabarmentzen da alde handiz: seme-alabei transmititu diete %61,7k. Aldiz, %39,2 agertu dira euskara bultzatzeko ekimenetan parte hartzearen edo euskarazko produktuak kontsumitzearen alde, eta soilik %6,2 daude hizkuntza ikasteko edo hobetzeko prest. «Horrek erakusten du neurri batean ondorengoen esku uzten ari garela euskara berreskuratzeko ardura», ondorioztatu du Irati Agirreazkuenagak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.