Hiztun kopurua %30era iristeko bide orria eskatu dio Euskal Konfederazioak Euskararen Erakunde Publikoari

Euskalduntze prozesua gauzatzeko plangintza bat eskatu diete erakundeei. Ipar Euskal Herria hizkuntza berreskuratzeko esperimentazio lurralde izendatzeko aldarrikatu dute.

(ID_13432512) (Guillaume Fauveau) Euskal Konfederazioaren jardunaldiak, Kano, 2023ko abenduaren 16an
Euskal Konfederazioko kideak manifestua irakurtzen, larunbatean, Kanbon. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Kanbo
2023ko abenduaren 16a
12:30
Entzun

Ipar Euskal Herrian euskararen biziberritzea gauzatzeko bide orri bat aurkezteko eskatu dio Euskal Konfederazioak EEP Euskararen Erakunde Publikoari. Ikerketa bat egin dezala, 2050erako euskal hiztunen proportzioa %30era heltzeko arlokako plangintza bat proposatzeko. «Ez gara gehiago xintxuketan aritzen ahal. Hizkuntza ere larrialdi egoeran da, baina ez da halabeharrik. Helburu adostuekin, araberako baliabideekin eta lankidetza sendo batekin, lortuko dugu euskarari etorkizun bat ematea», adierazi dute.

Egiazko hizkuntza politika publiko bat behar dela erran du Konfederazioak, transmisioan, irakaskuntzan, motibazioan eta erabileran eraginen duena. «Helburuak finkatu, neurgailuak adostu eta baliabideak finkatu behar dira». Frantziako Konstituzioko 2. artikulua aldatu eta euskararen ofizialtasuna lortu bitartean Ipar Euskal Herriak hizkuntza berreskuratzeko esperimentazio lurralde izendapena lortu behar duela aldarrikatu dute: «Euskararik gabe ez da Euskal Herririk izanen».

Jardunaldiak antolatu dituzte Kanbon (Lapurdi), gogoetatzeko zer toki izan beharko lukeen euskarak Ipar Euskal Herrian 2050erako. Inkesta soziolinguistikoaren datuak aletu ondotik, zenbait sektoretan hizkuntza zer egoeratan dagoen aztertu dute, eta bakoitzean zer erronka dauden zehaztu. Bukaeran, manifestu bat irakurri dute, eta, haren bidez, Ipar Euskal Herria gobernatzen duten erakundeak deitu dituzte hizkuntza politika berri baterako urratsak egitera.

Inkesta soziolinguistikoaren arabera, azken hogei urteetako hizkuntza politika publikoak euskal hiztunen galera gelditzea lortu du; haatik, proportzioa apaldu eta apaldu ari da azken urteetan: 2006an %26,4 ziren euskaldunak; 2022an, haatik, %19. EEPk 2050erako egin dituen prospekzioetan, kopurua %16etik behera jautsiko dela aurreikusi du.

«Euskaldun kopurua atxikitzea lortu den bezala, orain euskaldunen proportzioa garatzea da erronka, horren araberakoa izanen baita hizkuntzak jendartean izanen duen tokia eta hiztunek euskara erabiltzeko izanen dituzten aukerak».

 EUSKAL KONFEDERAZIOA

«Urrun gara hizkuntza baten biziraupena bermatzen duen %30eko heinetik; alta, hori izan beharko litzateke helburua», nabarmendu du euskalgintzak. «Euskaldun kopurua atxikitzea lortu den bezala, orain euskaldunen proportzioa garatzea da erronka, horren araberakoa izanen baita hizkuntzak jendartean izanen duen tokia eta hiztunek euskara erabiltzeko izanen dituzten aukerak». 

Helburu neurgarriak

Euskalgintzaren iritziz, erakunde publikoek ezin dute orain bezala segitu. «Ezin dute 2004 aitzin bezala hizkuntza politikaren pisu guzia euskalgintza sozialaren gain ezarri ere, eragile horien prekaritatea areagotuz. Ez gaitezen engainatu: euskararen etorkizuna ez da euskaltzaleon afera bakarrik: jendarte gai bat da». EEPri egotzi diote hizkuntza politika publiko partekatua landu, definitu eta obratzeko betebeharra, eta hura osatzen duten erakundeei ere dei egin diete: «Zein da gaur egun Euskal Elkargoaren plangintza? Zein departamenduarena, eskualdearena eta Frantziako Estatuarena?».

EEP hizkuntza arloan egin beharreko plangintzaren «akuilu» izan behar da Konfederazioaren aburuz, «politika ausartaren bultzatzaile», eta ez minimoetara mugatzeko «kontsentsu gunea» edo bakoitzak egiten duenaren «zuritzailea». Helburu horrekin, eskatu diote egin dezala ikerketa bat munduan zehar hizkuntzak berreskuratzeko egin izan diren politikak aztertzeko. 

Euskal hiztunak gaur egun diren %19tik %30era heltzeko bide orri bat aurkezteaz gain, urtez urte zenbat euskaldun sortu nahi den zehazteko eskatu du euskalgintzak, arloz arlo eta adin mailaren arabera. «Helburu neurgarriak finkatu behar dira, denbora aitzina joan ahala hartutako neurriak aski ez direla agertzen bada beharrezko zuzenketa neurriak hartzeko gisan».

Urtero 3.000 erdaldun GEHIAGO

Urtero 12.000 pertsona iristen dira Ipar Euskal Herrira, eta 9.000 joaten dira; urtero 3.000 erdaldun gehiago daude. 2050erako, kasik ehun mila biztanle gehiago izanen dira. Euskal Konfederazioak erran du dozenaka plangintza egin eta milioika euro baliatuko direla horiei guziei harrera egiteko azpiegiturak, etxebizitzak eta argindar, ur eta hondakin sareak garatzeko. «Aldiz, ez da inolako plangintzarik aurreikusten gaur egun hemen bizi diren frantses hiztun elebakarrak eta heldu diren berriak euskalduntzen laguntzeko. Euskarazko irakaskuntza, haurren arloan eta helduenean, ez da behar den abiaduraz garatzen, edo oztopatua da. Aisialdiak, haurtzaroa, helbideak, euskararen inguruan oro har ari diren elkarteek ez dituzte behar diren baliabideak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.