Hizkuntza gutxituen normalizazioaren aurkako «oldarraldiari» aurre egiteko, hizkuntzen auzia Espainiako Gobernuko negoziazioen «erdigunean» jartzeko eskatu dute hizkuntza gutxituen aldeko zenbait erakundek. Uztailaren 25an, Galiziaren Nazio Egunean, Santiago de Compostelan (Galizia) batu ziren euskararen, galizieraren eta katalanaren aldeko zenbait eragile. O Festigal jaialdiaren barruan antolatutako eztabaidan hartu zuten parte Euskalgintzaren Kontseiluak, Galiziera Normalizatzeko Mahaiak,Katalan Hizkuntzaren Aldeko Plataformak eta Valentziako Kultur Ekintza elkarteak. Bertan egon ziren, besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluko zuzendari Idurre Eskisabel eta zuzendari ohi Paul Bilbao.
Eragile guztiek bat egin dute Espainiako Estatuan «hizkuntza gutxituen aurkako oldarraldi bat» dagoela. Batez ere «oldarraldi judizialak» kezkatzen ditu. Adierazi dutenez, normalizazioaren bidean «oztopoak eta atzerapausoak» eragiten ari da. Horri erantzuteko, egungo egoera politikoa «abagune» gisa ikusten dute. Espainiako Gobernurako negoziazioak hizkuntzen auzia «erdigunean jartzeko eta gutxieneko bermeak eskatzeko» baliatu behar direla azpimarratu dute.
Espainiako gobernuko negoziazioetan gaia mahai gainean jartzeko eskatu diete hizkuntza gutxituen alde dauden alderdi politikoei, eta hiru eskakizun azpimarratu dituzte: Batetik, «ezinbestekotzat» jo dute hizkuntza gutxitu guztiek beren lurraldeetan ofizialtasuna izan dezatela. Bestetik, eskatu dute «iraulketa» bat izan behar dela estatuko administrazio «periferikoan» eta justizia administrazioan. Azkenik, adierazi dute ikus-entzunezkoetan euskararen eta hizkuntza gutxituen presentzia handitu behar dela, bereziki streaming bidezko nazioarteko plataformetan eta haurrentzako edukietan. Eta gehitu dute: «Ezin da gertatu hizkuntza gutxituen eta beraz hizkuntza eskubideen afera negoziazioetatik kanpo gelditzea beste lau urtez».
Eskuin muturraren «goraldia» ere izan zuten hizpide. Espainiako Estatuan ez ezik, Europan eta munduan ere hedatzen ari den «joera globalizatua» dela uste dute. Adierazi dute joera horrek hizkuntza gutxituen «kontrako jarrerak hedatzea» dakarrela. Hala, hizkuntza gutxituen aldeko borroka «ezinbestekotzat» jo dute.