Hizkuntzaren kutxak, irekita

Azken hilabeteetan, 34 hizkuntzatan argitaratu dituzte euskarazko hiztegiak. Tresna horiek sortzerakoan, elkarlana izan da oinarri Interneten, baita hortik kanpo ere. Herritarrei dagokie hiztegiak osatzea.

2013ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Hizkuntzaren doinua eta zuzentasuna mantentzeko beharrezkoak dira hiztegiak. Hitzak gordetzen dituzten kutxak dira hiztegiak; hiztunek kutxa ireki eta hitzak mailegutzat hartzen dituzte, erabili eta berriro gordetzeko. Hiztegi berrienek, ordea, badute berezitasun bat: erabiltzaileek kutxako hitzak moldatzeko aukera dute, eta adierazpide berriak gehitu ditzakete. Orain arte denentzat ziren hiztegiak; orain, denentzat eta denek eginak dira.

Azken hilabeteetan aurkeztutako euskal hiztegiek aniztasuna eta lankidetza dute oinarri. Gutxienez 34 hizkuntzatan argitaratu dituzte hiztegiak, eta euskaldunen zein beste hizkuntza batzuetako hiztunen laguntzarekin gauzatu dituzte proiektuak.

Elhuyar fundazioak Hiztegi Automatikoen ataria aurkeztu du; euskara alemanarekin, arabierarekin, hindiarekin, swahiliarekin eta txinerarekin lotu dute. Hiztegiak elebidunak dira, baina ingelesa erabili dute zubi lanak egiteko. Prozesua honako hau da: jatorrizko hizkuntzatik ingelesera itzultzen dira hitzak, eta ingelesetik euskarara; edota alderantziz.

Hizkuntzak hautatzerakoan hiru irizpide erabili ditu Elhuyarrek: hizkuntzen hiztun kopurua handia izatea, kontinente bat baino gehiagotan hitz egiten diren hizkuntzak jasotzea eta euskararekin lehendik egin gabe dauden hizkuntza bikoteak osatzea. Igor Manterola Elhuyar fundazioko ikertzailearen hitzetan, «gizarteari, orokorrean, eskainita daude hiztegiok», ez dira esparru jakin baterako tresnak, eta horrela jarraituko dute lanean. Jakinarazi duenez, beste hizkuntza batzuekin ere ari dira prestatzen hiztegi automatikoak.

Arrasateko GoiHata itzulpengintza enpresak, berriz, japoniera-euskara sagu-hiztegia sortu du. Oraindik ez dago eskuragarri, baina laster Interneten egongo da, guztientzat eta doan kotobai.com webgunean. Sagu-hiztegiak erabilerrazak dira Interneteko erabiltzaileentzat: japonieraz ulertu ezin ditzaketen hitzen gainean sagua jartzea nahikoa da euskarazko itzulpena ikusteko.

Bi erakundeek lan gogorra egin dute hizkuntza baliabideok eratzeko. Hala ere, hiztegiok ez daude amaituta, software askearen laguntzarekin egunero osatzen baitoaz. Teknika horrekin erabiltzaile guztiek lagundu dezakete hiztegia mardulagoa egiten, egile eskubideak irekiak baitira. Igor Manterola Elhuyar fundazioko ikerlariaren hitzetan, «tresnak hobetzeko jendearen erabilera aprobetxatzea da asmoa, eta horrela, hiztegiak hazten joatea». Manterolak gogorarazi du Elhuyarrek orain arte eginiko bide berari jarraitu diola. Fundazioak eginiko hiztegi guztia «askeak» dira.

Internetetik at

Ez da Internet lankidetza eredua praktikan jartzeko modu bakarra. Software askearen erabileraren aurretik auzolana existitzen zen, eta oraindik ere jarrai daiteke bide hori. Gipuzkoako Foru Aldundiak euskaraz «oinarrizko kontzeptuak adierazteko» hiztegiak argitaratu ditu 28 hizkuntzatan, eta horretarako Euskara Elkarteen Topagunearekin eta jatorri desberdinetako herritarrekin lanean jardun du. Maider Elkoro Euskara Elkarteen Topaguneko kideak Gipuzkoatik kanpo jaiotako gipuzkoarrekin egin du lana, eta denen artean gauzatu dute proiektua. Diputazioak Elkororen jarduna «proiektuaren arima» izan dela nabarmendu du.

Aldundiak 75.000 ale argitaratu ditu Gipuzkoan gehien entzundako hizkuntzekin. Udalei eman dizkie hiztegiak, behar dituztenek erabil ditzaten. Ekainean argitaratutako hiztegiek harrera ona izan dute, jada ale guztiak amaitu baitira. Foru aldundiak ale gehiago eskatu ditu, udaletan ez ezik, eskoletan eta harrera zentroetan ere banatzeko. Diputazioak ez du baztertzen hiztegiak hizkuntza gehiagotara itzultzea, baina, oraingoz, dituztenak «zabaltzen» saiatuko da.

Marcos Nanclares Gipuzkoako Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasun zuzendariaren hitzetan, hiztegiok argitaratzeak bi helburu nagusi ditu: batetik, «euskara erdigunean» jartzea, «hor dagoela» ikusteko. «Beste herrialdeetatik etortzen diren pertsona batzuek ez dakite euskara existitzen denik ere, eta haiei euskara aurkeztu nahi izan diegu». Bestetik, diputazioaren ideiei jarraiki, gutxiengo hizkuntzei «keinu txiki bat» egitea. Zuzendariak dioenez, «bi norantzako bide bat» egin nahi izan dute hiztegiekin: «Haiek gure hizkuntza ezagutzea eta erabiltzea nahi dugu, baina guk ere haiena kontuan izanda: haiek gure herritarrak dira; beraz, haien hizkuntzak gure hizkuntzak ere badira».

Azkenaldian sortutako hiztegiekin, hizkuntza berriak gehitu zaizkie euskal hitzen kutxei. Herritarren eta Interneteko erabiltzaileen esku dago tresnok arduraz erabiltzea eta guztien artean kutxa horietako altxorra zaintzea. Hori da hiztegi berrien helburua: denen artean, denentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.