Hizkuntzaren garapeneko nahasmendua deitua komunikazio gaitasuna zailtzen duen nahasmendu mota bat da. Autismoaren espektroko nahasmenduekin baditu antzekotasunak zenbaitetan, eta, ondorioz, sarri zaila izaten da diagnostiko on bat egitea. Irailaren 30a izan zen nahasmenduaz jarduteko nazioarteko eguna, eta dibulgazio lanetan jardun zuten adituetako bat izan zen Noemi Fariña logopeda (1985, Santa Cruz Tenerifekoa, Kanaria uharteak). Nahasmendua dutenen eta haien senitartekoen elkartea da TEL Euskadi; egitarau zabala izan zuten lehengo aste osoan beren errealitatea ezagutarazteko, eta ekitaldi horietako batean mintzatu zen. Diagnostikoa lortzeko jarraitu behar diren urratsez eta nahasmendua dutenei laguntzeko bideez jardun zuen Elgoibarren (Gipuzkoa).
Zer da hizkuntzaren garapeneko nahasmendua?
Umeen neurogarapenean eragina duen nahasmendu bat da. Nahasmendu hori duten umeek ez dute inolako kalte neurologiko, kognitibo edota biologikorik izaten; zailtasunak dituzte hizkuntza bat ulertu eta hitz egitekoan.
Zeintzuk izaten dira sintomarik nabarmenenak?
Hizkuntzaren garapen berantiarra da sintoma nagusia. Urte bat edo bi dituztenean esaten dituzte umeek lehenengo hitzak normalean; nahasmendu hau duten haurrak, baina, gainerako umeak baino beranduago hasten dira lehenengo hitzak ahoskatzen. Bestalde, haien hiztegia askoz ere soilagoa izaten da.
Sintomak berdinak dira kasu guztietan?
Ez. Nahasmendu hau guztiz heterogeneoa da: ez daude nahasmendu berdina duten bi ume. Nahasmendu aldakor eta dinamikoa da. Haurrek hizkuntzarekin dituzten zailtasunak gainditzen dituzte, baina bidean arazoak sortzen zaizkie. Txikienei zail egiten zaie soinuak ahoskatzea eta hitz berriak ikastea. Hazten diren heinean, soinu eta ahoskatze arazoak desagertu, eta kontakizunen bat sortzekoak izaten dira nagusi. Haien asteburua nolakoa izan den azaltzen ere ez dute jakiten askotan.
Zein da halako arazoak detektatu eta gero eman beharreko pausoa?
Gurasoek egiten duten lehenengo gauza izaten da umea pediatrarenera eramatea. Inolako zalantzarik izatekotan, umea zuzenean logopedarenera eramatea da nire aholkua. Logopeda da kontu horietan adituena eta haurra behar bezala aztertuko duena.
Nola egiten da diagnostikoa?
Test estandarizatuak egiten zaizkie umeei. Lortzen duten puntuazioaren arabera, garapen arazorik dagoen ala ez jakin dezakegu. Hizkuntzaren garapen berantiarra baldin badute, berehala hasi behar da haiekin lanean. Horregatik da hain garrantzitsua behaketa, aginduak betetzen dituzten edota adierazteko arazoak dituzten ikusteko.
Arazoak izaten dira diagnostikoa egiteko orduan?
Umeak oso txikia direnean egiten zaizkie askotan lehenengo probak. Hizkuntza maila adinari egokitzen ez bazaio, atzerapen soiltzat hartzen da hasieran. Denborarekin, eta hizkuntza maila hobetzen ez bada, nahasmendua diagnostikatzen zaie. 5 edo 6 urte dituztela egiten da askotan diagnostikoa, baina 4-5 urte dituztenean egin beharko litzateke. Arazoa da, ordea, nahasmendu honek bestelako nahasmendu hainbaten antza duela. Autismoaren espektrokoekin, adibidez, sintomak baditu komunean.
Nolako arreta behar dute nahasmendu hori duten haurrek?
Etxean jarraipena egin behar zaie, eta gurasoek, berriz, lagunduko dituen profesional bat. Logopeda bat, adibidez. Horrek umeekin komunikatzeko erremintak emango dizkie. Eskolan, bestalde, entzumenarekin eta hizkuntzarekin lagunduko dieten irakasleak eta pedagogia terapeutikoan aritzen diren profesionalak behar dituzte.
Psikologorik behar al dute?
Bai. Arazo hau duten umeek arazo psikoafektibo eta emozionalak dituzte zenbaitetan. Eskola porrota eta bullying-a jasaten dituzte askotan. Ondorioz, hizkuntzaren garapenerako zailtasunei aurre egiteaz gain, frustrazio sentimenduak kudeatzen ere ikasi behar dute.
Behar duten laguntza hori jasotzen al dute eskolan?
Psikologikoki, ez hainbeste. Baina laguntza berezia ematen dieten irakasleak badaude. Arreta hori jasotzeko, baina, logopedak, pediatrak edo psikologoak emandako diagnostikoa izan behar dute.
Eskolatik kanpo, zer zailtasun sortzen dizkie nahasmenduak?
Hizkuntza da gainerakoekin komunikatzeko erabiltzen dugun tresna nagusia; haiek ez dute ondo erabiltzen. Interakzio soziala eskatzen duten jardueretan, beraz, askok ez dute parte hartu nahi. Ez dira eroso sentitzen. Hizkuntzaren erabilera handia ez den jolasetan, aldiz, oso ondo konpontzen dira asko. Autismoaren espektroko haurrek ez bezala, nahasmendu hau duten umeek gizarte trebetasunak dituzte.
Nahasmendua zerk eragiten duen jakina da?
Hainbat ikerketaren arabera, nahasmendu genetikoa izan daiteke. Egun gehiago dakigu horren inguruan, baina guraso askok seme-alaben diagnostikoaren bidez jakiten dute haiek ere nahasmendu hori dutela. Metodologikoki, ez dago helduengan nahasmendua detektatzeko eredurik.
Zer tratamendu jarraitu behar da?
Umearen araberakoa da hori. Hizkuntza maila hobetzeko ume guztiek egin behar dute lan denbora luzean, eta batzuek bizitza osoan ere bai. Guk haien beharretara egokitu behar dugu, eta motibazioa erabiltzen dugu tresna nagusi moduan. Haiei gustatzen zaizkien jolasak egiten ditugu, gustuko dituzten gauzez hitz egitera animatzen ditugu... Filmak, telesailak, dena delakoa. Motibaziorik gabe, ez dago ezer ikasterik.
Noemi Fariña. Logopeda
«Hizkuntzaren garapen berantiarra da sintoma nagusia»
Hizkuntzaren garapeneko nahasmendua duten umeek lan handia egin behar dute hitzez komunikatzen ikasteko. Fariña logopedak azaldu duenez, «motibazioa» da haurrek aurrera egiteko behar duten pizgarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu