'Matriotismoa': ikuspegi feminista nazionalismoari

Kataluniako nazionalismoa feminismoan oinarrituta —eta alderantziz— birpentsatzeko beharraz mintzo da 'Màtria o barbàrie' liburua. Donostian aurkeztu dute, eta ideia Euskal Herrira ekartzeko zenbait gako eman dituzte.

'Matria o barbarie' liburuaren aurkezpena atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
'Màtria o barbàrie' liburuaren aurkezpena atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
Donostia
2025eko urtarrilaren 24a
11:40
Entzun

Zertan oinarritzen da nazionalismo feminista? Euskal Herrian, nazionalismoa edo abertzaletasuna, zein kontzeptu erabili behar litzateke? Zertan du eremu nazional feministak potentzialitatea? Ba al dago identitate nazionalekin lotutako arazoez mintzatzeko kontzepturik? Galdera horiek eta bertze hainbat erantzun zituzten atzo Julia Ojeda Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburuaren editoreetako batek, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak eta Cira Crespo historialariak, Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak egindako galderei erantzunez. 

Liburuaren aurkezpenean elkartu ziren lau hizlariak, eta, liburuaz beraz mintzatzeaz gain, nazionalismoaren eta feminismoaren arteko uztarketaz hainbat gogoeta egin zituzten. Donostiako Emakumeen Etxean elkartu ziren, eta aretoko eserleku guztiak bete. Liburu horren oinarria Per un nacionalisme feminista (Nazionalismo feminista baten alde) manifestua da, 2023an Ojedak berak, Anna Punsodak eta Marta Roquetak sinatutakoa. Manifestuan eta liburuan matriotismoa dute hizpide.

30 emazteki feminista, independentista eta katalanen gogoetak daude liburuan, lau ataletan antolatuta: nazio auzia, eskubideak —genero aniztasuna, arrazismoa, hizkuntza…—, sektoreak —komunikabideak, sindikalismoa, landa eremua, osasuna…— eta tradizioaren eta globalizazioaren arteko matria. Hiru editoreei «askotariko» testuak iritsi zitzaizkiela adierazi zuen Ojedak, eta editore lana ez zela jendeak pentsatu dezakeen bezain erraza izan. Testuek «begirada nazionalista eta feminista» ote zuten aztertzen aritu ziren etengabe, eta zenbait autoreri beren testuak berridazteko ere eskatu zioten. Izan ere, haien irudiko, «nazio okupatuetako emakumeek begirada pribilegiatua dute, eta gainerakoek ikusi ezin dutena hautemateko gai dira».

Autore guztiek bertze ezaugarri komun bat ere badute: Kataluniako prozesuaren barruan eta laugarren olatu feministan politizatutakoak dira guztiak, eta horrek begirada «zehaztu» zien.

Emazteki horien guztien kolektiboak —Matriotes du izena— nazionalismo feminista baten alde egiten duela jakitun, horren oinarriez galdetu zion Agirrek Ojedari. «Hitz bat edo kontzeptu bat behar genuen nazionalismoa feminismoan oinarrituta eraiki nahi genuenontzat», erran zuen. Izan ere, konturatu ziren Katalunian ez zela bertako erreferente feministez mintzatzen edo ikasten: nazioartekoak —anitzetan estatubatuarrak— ziren unibertsitateko eskoletako solasgai nagusia. Ordea, baziren eta badira erreferente feminista katalanak, eta horietaz solastatzeko eta gogoetatzeko beharra izan zuten proiekturako oinarri. «Finean, Matriotismoa proiektuarekin zera egin nahi izan dugu: Kataluniako nazionalismoari buruzko gogoeta eguneratu, ikuspegi feminista batetik».

«Matriotismoa proiektuarekin zera egin nahi izan dugu: eguneratu Kataluniako nazionalismoari buruzko gogoeta, ikuspegi feminista batetik»

JULIA OJEDA 'Màtria o barbàrie' liburuko editoreetako bat

Maria Aurelia Capmany feminista ekarri zuen gogora Ojedak, azpimarratuta Kataluniako lehenbiziko emakume jardunaldietan «eztabaida ikaragarria» izan zuela Lidia Falcon politikariarekin, «zeinak orain Vox alderdian parte hartzen baitu. Falconek jardunaldiak gaztelaniaz egitea nahi zuen, baina Capmanyk ezetz erran zion, Katalunian izanen zirelako». Genealogia hori aztertuta, Matriotismoa proiektuaren helburua 1970eko hamarkadako emaztekiek utzitakoari segida ematea izan dela erran zuen.

Abertzaletasuna eta feminismoa

Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko antzekotasunak ikusita, nazionalismo feminista baten ideia Euskal Herrira ekartzeko oinarriez galdetu zion Agirrek Eskisabeli; zehaztuta, akaso, nazionalismoa baino egokiagoa dela abertzaletasuna kontzeptua.

Cira Crespo, Julia Ojeda, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
Cira Crespo, Julia Ojeda, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU

«Zure hitzak entzutean ispilu bat ikusten nuen etengabe», adierazi zion Eskisabelek Ojedari. «Ispilu bat; izan ere, hemen ere azken urteotan nazio auzia, hizkuntzaren auzia eta feminismoa foku bakarraren pean begiratu ditugunean, denon gogoetetako bat izan da ez garela ari ezer asmatzen, baizik eta aurrekoen emari bat daukagula jasotzeko».

Gehitu zuenez, «eraldaketa prozesuetan» pentsatzen denean, feminismoak, klaseak edo antirrazismoak zeharkatzen ditu horiek, baina «nazio aldagaiarekin» ez da gauza bera gertatzen. «Esparru feministetan ere, askotan, nazio hizkuntzaren ardatza indartsu ekartzeak eta indartsu aldarrikatzeak esentzialista izatearen susmopean jartzen gaitu, segregatzaile izatearen susmopean, baztertzaile izatearen susmopean. Nire ustez, hain zuzen ere orain, nazio hizkuntzen ardatzetik egiten den borroka eraldatzailea den honetan, mundua oro har aldatzeko tresna inportanteenetako bat da». 

«Esparru feministetan ere, askotan, nazio hizkuntzaren ardatza indartsu ekartzeak eta indartsu aldarrikatzeak esentzialista izatearen susmopean jartzen gaitu»

IDURRE ESKISABEL Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

Cresporen irudiko, Euskal Herrian «eremu feminista eta abertzale indartsua» dago. Nazionalista hitza ez zuen erabili, eta gainerako solaskideei kontzeptu horren egokitasunaz galdetu zien. «Hemen ez gaude ohituta erabiltzera, hemen abertzale hitza erabiltzen dugu. Zer esan nahi dugu abertzale hitza erabiltzean? Saihesten ari gara nazionalismo hitza erabiltzea? Beste gauza bat esan nahi dugu?», galdetu zuen. 

Ojedak eta Eskisabelek errandakoarekin bat eginez, genealogia feminista egitearen garrantzia ere azpimarratu zuen. Eskisabelek osatu zuen hausnarketa: «Momentu honetan akademiatik eraikitzen ari den feminismoak ere oso ikuspegi kolonizatuz begiratzen dio genealogia horri, ez dauka begirada propio bat, ez du aintzat hartzen nazio menderakuntza. Kosta egiten zaigu horri aurre egitea».

Kontzeptuen beharra

Gatazka nazionalari buruzko eztabaidak esparru publikoetatik desagertu izanaren eta kontzeptuen beharraren inguruko zenbait gako eman zituen Crespok: «Feminismoari esker hobekiago ulertzen da kontzepturik ez izatearena. Niri feminismoak erakutsi zidan arazo bati buruz ez hitz egiteak ez duela esan nahi arazorik ez dagoenik». Haren irudiko, Euskal Herriko identitate nazionalarekin lotuta dauden arazoez ez da mintzatzen, eta horri buruz aritzeko kontzeptuak behar dira. Alaba ekarri zuen gogora: «Nire alabari esaten diotenean ‘El euskera es una mierda’ —esaten baitiote—, izen garbi bat nahi dut horiek izendatzeko. Bestela, babesik gabe dago, eta berari jakinarazi nahi diot ez dagoela bakarrik eta hori bera gertatzen dela hemen, Irlandan eta Katalunian».

«Niri feminismoak erakutsi zidan arazo bati buruz ez hitz egiteak ez duela esan nahi arazorik ez dagoenik»

CIRA CRESPO Historialaria

Leku horietan guztietan jasaten duten hori izendatzeko «hitz errazak, garbiak» behar direla nabarmendu zuen Crespok. Arrazismo hitza egokia ote den ere galdetu zuen. «Nik uste dut badagoela arrazismo kulturala, eta ulertzen dut beldurra, eta badakit badaudela beste arrazismo motak gure artean, gu ere arrazistak garela».

Eskisabelek osatu zuen ideia, bertze hausnarketa batekin: «Ez dakit zenbateraino den hitzak ez dauzkagula, baizik eta ez zaizkigula baimentzen. Eta horretan uste dut atzera goazela, Euskal Herriko ikuspegitik behintzat». Haren irudiko, euskaldunek jasaten dutena «zapalkuntza kolektibo bat» da, haien ezaugarri jakin baten gainean eraikia: hizkuntza. «Horiek guztiak esanezin bihurtu zaizkigu, badakigulako bueltan oso erraz jartzen zaizkigula hainbat abizen, gaitzespen...».

Ojedak bat egin zuen ideia horrekin, eta beretik egin ekarpena: «Katalanofobiak arrazakeriarekin zerbait komunik badu, zera du: gorputza zeharkatzen dizula, eta bizitza ere bai. Ez dago zapalkuntza hierarkia bat giza eskubideei dagokienez, eta Katalunian hori ulertaraztea oso zaila da». Azpimarratu zuen liburua guztiz zeharkatzen duela «zapalkuntza linguistikoak», eta gizartean dauden zapalketa desberdinak ez daudela elkarren artean lehian, baizik eta «elkarrekin bizitzen» ari direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.