Euskara eskakizunen aurkako ebazpen juridikoak eta euskaldunen hizkuntza eskubideak izan dituzte hizpide gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Hain zuzen, EH Bilduk ebazpen bat aurkeztu du, euskararen aurkako sententzietatik babesteari eta hizkuntza politikarako arkitekturari buruzkoa, eta, koalizio abertzalearen babesa ez ezik, EAJren onespena ere jaso du; PSE-EEk eta PPk, berriz, aurka bozkatu dute, eta Elkarrekin abstenitu egin da. Bertan, hizkuntza politikan aurrerabideak eskatu dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari, lan egin dezan «hizkuntza politikan jauzi bat emateko behar diren tresna juridiko berrien garapenaren alde».
Euskalgintzako eragileek hitzetik hortzera darabilte euskararen aurkako oldarraldi judiziala. Atzo, esaterako, LABek salatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak euskara eskakizunak apaltzeko asmoa duela; hots, lanpostuen erdietarako bakarrik eskatuko dutela euskaraz jakitea.
Horrelakoen aurka irmo aritzea galdegin dute EH Bilduk eta EAJk Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Ebazpenean beren-beregi aipatu dituzte euskararen aurkako sententziak, eta halakoetan Gipuzkoako Foru Aldundiak orain arte izan duen jokamoldea babestu dute: «Gipuzkoako Batzar Nagusiek, orain arte bezala, bat egingo dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzu juridikoek jarritako helegite guztiekin, eta eskatzen dute aldundiak bide horretan lanean jarrai dezala».
Eta nabarmendu dute, halaber, euskara ez dela gatazken sorburu: «Gipuzkoako Batzar Nagusiek kezka handiz ikusten dituzte euskara lan eskubideekin, talentua erakartzearekin eta kohesio sozialarekin kontrajartzeko egiten diren etengabeko adierazpenak eta erabiltzen diren argudioak». Areago, kohesiorako bide dela ziurtatu dute: «Euskararen garapena kohesio sozialerako, bizikidetzarako eta justizia sozialerako atea izan dela aldarrikatzen du ganbera honek».
Hitz hutsaletatik harago, ekintzak ere galdegin dituzte alderdi batak zein besteak. Zehazki, aldundiari eskatu diote bultzatu dezala eta lan egin dezala hizkuntza eskakizunen sistemaren alde, eta, ondorioz, «administrazioan euskararen garapenari segurtasun juridikoa emateko beharrezko lege aldaketen» eta hizkuntza politikan «jauzi bat» emateko behar diren tresna juridiko berriak garatzearen alde.
PSE-EE, ebazpenaren aurka
Hizkuntza eskubideak bermatzearen aldeko ebazpenak babes zabala jaso du; dena den, ez erabatekoa, aurka egin baitute, besteak beste, PSE-EEren batzarkideek. Rosa Maiza batzarkideak adierazi duenez, ez dago euskararen kontrako ekinbiderik: «Ez dago euskararen aurkako kausa orokorrik, ikusarazi nahi diguten bezala. Hizkuntza eskubideak bai, baina lan eskubideak ere bai». Eta, PSE-EEren irudiko, hizkuntza eskubideak bai, baina lan eskubideak ez daude beti bermatuta: «Hizkuntza eskubideak beti bermatzen dira, baina, gainera, lan eskubideak bermatu behar ditugu, aukera berdintasunean; horiek baitaude jokoan, lan eskubideak».
Eusko Legebiltzarrean ere eztabaidagai izango dute bihar gaia. Hain zuzen, EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du euskaldunen hizkuntza eskubideen errespetu faltaren inguruan. PSE-EEk aditzera eman du EAJrekin akordio bat egin dutela eta gaur goizekoaren aurkako bidean doala: «Akordio horretan, administrazioei eta sektore publikoari eskatzen zaie beharrezko neurriak har ditzatela euskal herritarrek Euskadiko bi hizkuntza ofizialetako edozein hizkuntza aukera dezaten. Horregatik, ez dugu ulertzen legebiltzar honetan [Gipuzkoako Batzar Nagusietan] Euzko Talde Jeltzaleak EH Bilduren ebazpena babestu izana».